AITATXARKA
Harri Kartoiaren Artisauak
2003 / 10-24 / 11-7
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Ikus dezagun zein pauso ematen dituzten Aitatxarkako artisauek buruhandiak egiteko. Kontuan izan modu ezberdin ugari daudela hauek egiteko, eta jarraian ikusiko duguna modu horietako bat baino ez dela.

Orokorrean hartuta, hamabost dira harri kartoizko buruhandi bat egiteko eman beharreko pausoak:

1. Bastidorea prestatzea. Zurezko bastidore baten gainean gurutzatuta dauden zurezko bi xaflaren bidez -zur aglomeratua erabiltzen dute-, euskarria izango dena egiten da. Xafla hauei buruak izango duen forma ematen saiatzen dira.

Pieza egiteko erabiltzen duen euskarria

2. Xafla gurutzatuek utzitako zuloa egunkarietako paperez betetzen da, eta sokekin lotzen, buruari "bolumena ematen" joateko.

3. Hori guztia sare metaliko mehe batekin estaltzen da (10 mm ingurukoa). Horrela, burua izango denaren bolumena prest geldituko da.

4. Sarearen gainean buztina ezartzen da (10 cm inguruko lodierakoa), eta, pixkanaka, burua itxura hartzen joaten da: begiak, ahoa, sudurra, kapela, etab.

 
Moldetik kartoia kentzen

Lan hauek egiteko behar den denbora aldakorra izaten da, obraren konplexutasunaren araberakoa. Egitura prestatzeko, batzuetan nahikoa izaten da ordu bete; ostera, pertsona jakin baten irudia egin behar denean, posible da bi egun behar izatea. Modelazio lanak egiteko, zotz ezberdin ugari erabiltzen ditu artisauak. Irudiari, lantzen ez den bitartean, zapi heze bat ipintzen zaio gainean, buztina lehor ez dadin eta bere plastikotasuna manten dezan, eta plastikozko poltsa batean sartzen da, hobeto babesteko.

5. Ondoren, letoizko xafla metaliko txiki batzuk sartzen zaizkio piezari, bertikalki, eta hauek bitan, hirutan, lautan edota behar diren zatitan, hamarretan gehienez, zatituko dute irudia, daukan konplexutasunaren arabera.

Horrela, errazago kendu ahal izango da gero ipiniko zaion eskaiola, eta, gainera, irudiaren zati bakoitzean ipinitako eskaiola kopurua kontrolatzen lagunduko du.

6. Irudiari eskaiola ematen zaio. Oso garrantzitsua da hori egitean burbuilarik ez ateratzea; horregatik, fase hau pazientzia handiz hartzea komeni da. Garrantzi berezia du, gainera, eskaiolazko lehenengo geruza ondo egiteak, gero bere gainean bigarren bat emango baita. Bigarren honek iztupa eramango du, moldeari sendotasuna emateko. Eskaiolazko azken geruza bat emango zaio, are irmoagoa izan dadin irudia.

Eskaiola prestatzeko, urez betetako kubo batean eskaiola hautsa botatzen da, harik eta, eurek esaten duten bezala, "ur gainean gelditzen hasten den arte". Izan ere, horrek adierazten du bikaina dela eskaiolaren eta uraren proportzioa. Orduan, eskuarekin pixka bat astindu, eta irudiari aplikatzen zaio.

7. Guztia ondo lehortzen uzten da. Egunaren klimatologiak zerikusi handia du fase honek behar duen denboran.

8. Eskaiolazko moldea eta buztinezko irudia banandu egiten dira, piezaren negatiboa ateratzeko. Horretarako, lehendabizi xaflatxo metalikoak kentzen dira. Xafla hauen egitekoa, hain zuzen ere, banaketa hau erraztea zen.

Moldetik kartoia kentzen

9. Kontuz-kontuz, eskaiolazko negatiboa urez garbitu, eta lehortzen uzten da. Inolako akatsik balego, une honetan konpontzen da, plastilinaz adibidez.

10. Baselinazko geruza fin homogeneo bat ezartzen zaio igeltsuzko moldeari, harri kartoia eskaiolari ez itsasteko.

11. Ondoren, kartoizko geruzak ipintzen dira. Kartoi hau Valentzian erosten dute artisauok. Hiru geruza ipintzen dira, bata bestearen gainean, eta, elkarrekin ez nahasteko, bakoitza kolore batekoa izaten da: lehenengo geruzako kartoia grisa izaten da, bigarrenekoa gorria, eta hirugarrenekoa grisa berriz ere. Horrela, garbi ikusten du jada non ipini den geruza bakoitza, eta okerrik ez da egiten.

 
Burua osatzen duten hiru moldeak elkartzen

Aurrez, kartoia txikitu eta busti egiten da, masa heze bat bihurtu arte. Xukatzean, aldiz, hautsi egiten dira bere zuntzak, eta malgutu egiten da.

Irinarekin, ur ahizko masa bat egiten da, eta zurginen kola zuria eransten zaio (ur ahizko 1,5 litroko, zurginen kola zuriaren litro laurden). Masa honekin, kartoia moldeari itsasten zaio.

Kartoizko lehendabiziko geruza, guztietan finena izaten da. Kartoiari, barrualdean joango den zatian, kola ipintzen dio. Ur ahirik ez duen zatia moldean joango da, eta ur ahia beste geruza batzuei itsatsiko zaie. Garrantzitsua da geruza fin hau moldeari ondo itsastea, erliebe positibo zein negatibo guztiak har ditzan. Lehenengo geruza egiteko, 0,5 mm inguruko lodiera duena, kartoi grisa erabiltzen dute artisau hauek.

Kolore griseko lehendabiziko geruza finaren ondoren, bigarren geruza bat ezartzen da, kartoi gorrizkoa, eta 1,5 mm ingurukoa.

Hirugarren geruza ere, kartoi grisez egina, oso fina izaten da.

Lehortzen utzi behar da. Onena, eguzkitan lehortzen uztea da.

12. Pieza guztiak (bi, hiru... direnak) batzen dira. Horretarako, elkartu beharreko zati bakoitzaren ertzean, itsasteko pistolarekin puntu batzuk egiten dira.

13. Piezak elkartu ondoren, junturetan kartoizko tira berri batzuk ipintzen dira, kanpoaldetik ez ikusteko.

 

 
Espoz

14. Piezari, kanpoaldean, "kolamina" motako pintura ematen zaio, gainazala ahalik eta lauena izateko.

Geroago, latex pinturazko beste geruza bat ematen zaio, gainazala are lauago gelditzeko.

15. Azken pausoa, pintatzean datza. Berehala lehortzen diren pintura akrilikoak erabiltzen dira horretarako.

Moldeak nahi adina pieza egiteko erabil daitekeenez, bi artisau hauek jaso egiten dituzte, nahi dutenean berriz erabiltzeko. Guztira 50 molde inguru dauzkate.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen