Roman Aduriz
ROMAN ADURIZ
Zurezko Kateak
2003 / 11-07 / 11-21
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


ARTISAUA

  1982ko Errenteriako azokan.
1982ko Errenteriako azokan.
Román Aduriz Mitxelena 1930ean jaio zen, Oiartzungo Torre baserrian. Bere aita, Santiago Aduriz, oiartzuarra baita ere, Ugaldetxo auzoan jaio zen, eta zazpi seme-alaba izan zituen: lau neska eta hiru mutil. Román, ezkongabea, mutiletan gazteena da.

Bere aita eta anaia zaharrena nekazaritza lanetan aritzen ziren, eta inguruko etxeetan landare ikatza saltzen. Zaldiekin, ikazkinek mendian egindako landare ikatza biltzen zuten, eta, ondoren, gurdi batean Oiartzun, Errenteria, Pasaia eta Irunen barna saltzen ibiltzen ziren. Román ere horrela aritu zen 18 urte bete arte, orduantxe eskariak behera egin eta utzi egin behar izan baitzion saltzeari. Garai hartan, hiru pertsona baino ez ziren aritzen Oiartzun inguruan landare ikatza saltzen. Urtean zehar, hango mendietan hiru ikazkin talde aritzen ziren ikatza egiten.

Gerra ostean, beribil eta kamioiek gasogenoetarako erregai modura erabiltzen zuten landare ikatza.

Eskariak behera egin zuenean, ordea, anaiarik zaharrena Errenteria paper fabrikan hasi zen lanean, eta Román eta beste anaia bat nekazaritza lanak egiten. Soldaduska egin ondoren, aldiz, Román José Urbietarekin hasi zen lanean, Errenteriako Larzabal auzoan, eta zortzi urte eman zituen berarekin. Urbieta obretako kontratista zen, eta etxe zein baserrietan konponketak egiten aritzen zen. Gero, Ignacio Iragorri errenteriarraren aroztegian hasi zen Román lanean, eta 1980ra arte egon zen bertan, urte hartan, lanik ez zeukatela-eta, ateak itxi behar izan zituztenera arte. Románek, orduan, autonomo bihurtzea erabaki zuen, eta arotz bezala lanean hastea.

Aldi hartan, kasualitate hutsez, pieza bakar batean egina zegoen zurezko kate bat ikusi zuen, eta horixe bera egiteko gogoa sartu zitzaion. Lanak eman zizkion, baina, azkenean, berak bakarrik, inoren laguntzarik gabe, teknikaz jabetzea lortu zuen. Hain zuzen ere egun haietan, mendian erori eta orkatila hautsi zuen. Ez zeukanez lanera joateko modurik, kateak egiten ematen zuen denbora.

2003ko Lezoko Erdi Aroko Azokan.
2003ko Lezoko Erdi Aroko Azokan.

Artisautza azoka batera 1983an joan zen lehenbizikoz, Errenteriakora zehazki, eta hainbesteko arrakasta lortu zuen jendaurrean kateak egiten, geroztik horixe duela ogibide. Gainera, beste azoketara joateko ohitura hartu zuen: Zarautzera, Leioara, Getxora, etab. Gaur egun, ia asteburu guztietan joaten da azokaren batera.

1994an, Errenteriako Artisautza Azokaren antolatzaileek posturik onenaren saria eman zioten.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen