Roman Aduriz
ROMAN ADURIZ
Zurezko Kateak
2003 / 11-07 / 11-21
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Prezioak


PROZESUA

Kateak egiteko, lizarraren zura erabiltzen du gure artisauak. Eta zur hau berak mozten du zuzenean, azarotik urtarrila bitarteko ilgoretan. Baina erabiltzen duen zura ez da adarretakoa izaten, enborrekoa baizik, adarrak okertu egiten direlako, eta, gainera, lodiera dezentekoak behar izaten dituelako. Onenak, elkarren aldamenean zuzen-zuzen hazten diren zuhaitzak izaten dira. Batzuk kentzeak, gainera, besteei azkarrago hazten laguntzen die.

Zeioaren laguntzarekin, arbastatzen hasten da.
Zeioaren laguntzarekin, arbastatzen hasten da.

Kateak egiteko, pieza egurrezko mahai luze batean jartzen du, horizontalki, eta mailak egiten hasten da. Lehenik eta behin, zerra batekin neurriak zehazten ditu, eta ondoren, zeioaren laguntzarekin, arbastatzen hasten da. Gero, trintxekin, mailak egiten hasten da, eta arraspekin afinatzen ditu ondoren. Amaitzeko, bezeroaren gustuko kolorea ematen die, kokatu nahi duen lekuko altzariekin ondo ezkontzeko.

Opor eta abatzak egiteko urkiaren zura neguan mozten du, ilgoran. Aditu batek esan zionaren arabera, neguko ilgoretan moztu behar da, baina, gainera, urteko azkenean, eta itsasbeheren aldian.

  Opor baten barnekoa husten.
Opor baten barnekoa husten.
Berak entzuna zeukan haritza eta gaztainondoa ilbeheran moztu behar zirela, zuhaitzak hostorik gabe daudenean (abenduan eta urtarrilean, beraz). Antza, aspaldian ilbeheran mozten zituzten haritzak, azala kentzen zieten, eta, zerratu baino lehen, hiru urtez uzten zituzten mendian, euriaren eraginez izerdia gal zezaten. Urtean zentimetro bat galtzen omen zuen horrela enborrak.

Románek berezko kolorean uzten ditu bere produktuak, zuraren zainan ikus daitezen. Halere, sitsen aurkako produktua ematen die denei, eta kolorerik gabeko argizari natural pixka bat ematea gomendatzen du.

Opor eta abatzak egiteko, lehenik eta behin aizkorarekin arbastatu egiten du, eta gero, zeioarekin, afinatu. Barrualdea husteko, piezaren kanpoaldea amarradura berezi batean eusten du, eta, laztabinekin hasten da lanean. Lana amaitzeko, kirten luzeko gubia berezi batzuk erabiltzen ditu, horrela hobeto aprobetxatzen baita gorputzaren indarra.

TRESNAK

Hauek dira Románek gehien erabiltzen dituen tresnak:

Opor eta abatzak egiteko, jada aipatu ditugun kirten luzeko bi tatalu mota erabiltzen ditu.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen