Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
PRODUKTUAK
Kate bukatua. |
Urkiaren zurez, oporrak eta abatzak ere egiten ditu. Artzainek erabiltzen dituzten ontzi tipikoak dira; lehenengoak eskuleku bat izaten du, eta bigarrenak bi. Esnea taloarekin jateko erabiltzen dira. Románek gogoan du txikitan horrelakoak izaten zituztela.
Zurezko lauburuak ere egiten ditu, dela mahai gaineko oihala babesteko, dela hormetan elementu dekoratibo gisa ipintzeko. Landetako pinuen zurez egiten ditu. Lehen haritzaren zurezkoak egiten zituen, baina jendeari gehiago gustatzen zaio Landetako pinuen zurak duen irudi lerroduna.
Liburuak jasateko euskarriak ere egiten ditu, lauburuen irudiarekin.
Eta baita sukalderako taulak ere, makalaren zurezkoak. Kasu honetan ez du pinuen zurik erabiltzen, bere gainean moztutako elikagaiek erretxinaren zaporea hartuko luketelako. Taula hauek oihalak babesteko ere balio dute.
ZER DA LAUBURUA?
LAUBURUA, lau burua, beso kurboak dituen gurutze bat da, azken urteotan sinbolo modura oso modan jarri dena. Kutxatan, armairuetan, ateburuetan, hilobietan, hilarrietan, zenotafioetan, lepokoetan urre zein zilarrean, etab. ikus ditzakegu gaur egun.
LAUBURUA, berez, esbastika edo gurutze grekoaren aldaera bat da -lau besoak berdinak dauzkalako deitzen zaio horrela-, besoak kurboak dauzkala. Birak ematen ari den gurutze baten sinboloa da. Biraketa horri buruz, sismologian aditu diren batzuek azaldu dute “...kreazioaren zurrunbiloa adierazten duela, eta bere inguruan hierarkia ezberdinak agertzen direla, mailakatuta...” (Champeaux). Egia esateko, ez dago esaterik zein den bere esanahi zehatza, eta ezta ere nolatan dagoen mundu osoan zehar hain hedatuta, Asiako ekialdean, Ameriketan zein Europan aurki baitaiteke.
Oporrak eta abatxak |
Beoziako (Grezia) aro arkaikoko emakumezkoen irudietan (kultura honek K.a. XIII. mendean izan zuen bere loraldia), esbastika txiki batzuk ikus ditzakegu. Zeltek eta etruskoek ere erabili zuten, eta kristauek katakonbetan marrazten zuten, Kristoren gurutzearen aldaera modura. Buddha-k bularraldean ere eramaten du, budisten esanetan "legearen gurpila" edo Dharmacharka irudikatzen baitu, hau da, zentro finko baten inguruan biraka dabilen bizitza.
Hinduen kulturan, ezagutzen jainkoa den Ganesha-ren sinboloa da; horregatik ikusten da esbastika hain maiz beren tenpluetan. Esbastika hindu hauek, besoak eskuinerantz zuzenduta izanez gero, onuragarriak dira; besoak ezkerrerantz izatean, berriz, negatiboak izaten dira, eta saubastika izena hartzen dute.
Txinatarrentzat, hamar mila zenbakia adierazten du; izan ere horixe baita, munduari buruz duten ikuskeran, izaki bizidunen kopurua. Lurra eta bere lau puntu kardinalak ere (Fang deitzen dutena) horrela irudikatzen dute. Masoientzat, berriz, ipar izarraren ikurra da; bere lau gammek, hain zuzen ere, Hartz Nagusiak hartzen dituen lau itxurak adierazten dituzte.
Dena den, teoria guztien artean onespenik handiena duenak dio irudi honek eguzkia mugimenduan adierazten duela, kreazio ororen indarra, lurreko bizitzaren sortzailea, eta, ziurrenik, eguzkia gurtzen zuten gizarteek sortu zutela, Asian, K.a. 5.000 urtearen inguruan.
Nazismo alemanak gamma gurutzea, esbastika edo hackenkreuz hartu zuenean bere gudarostearen ikurtzat, egokitu egin zituen bere biraketa eta besoen proportzioak.
Lauburuak. |
Sabino Arana Goirik Euzkadi aldizkariaren lehenengo alean (1880an José Manterolak sortutako kultur aldizkarian) azaltzen zuenaren arabera, euskaldunek eguzkia gurtzen zuten; lauburua horren lekuko. Horregatik, ez da harritzekoa abertzaleen lehenengo ikurrinen mastetan lauburuak ikustea.
Bukatzeko esan Euskal Herrian beso kurboetako esbastika ez zela XVI edo XVII. mendera arte azaldu, eta batik bat Nafarroan erabiltzen zela. Inguru hauetan ez zen beso zuzenetako esbastika erabiltzen. Nolanahi ere, ez dago oso garbi bere jatorria zein den, eta ezta ere zergatik hasi ziren XVII. mendetik aurrera apaingarri modura erabiltzen.