Agustin Agirre
AGUSTIN AGUIRRE
Beira Artistikoa, Titakadura...
2003 / 12 / 05-19
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Teknikak
 Prezioak


ARTISAUA

  Artisaua.
Artisaua.
Agustín Aguirre Moreno 1958an Jimenan jaio zen (Jaén). Bere aita, Diego Aguirre (1926an jaioa), basetxe bateko arduraduna zen, eta, ondorioz, denetarik egin behar izaten zuen: traktorea gidatu, arotz lanetan, etab. Oso gizon trebea zen Diego: haurren sehaskak egin, kobrezko lapikoen hondoak konpondu...

Bertan Agustín bere aitari laguntzen hasi zen, eta 14 urterekin lanbide ezberdinetan murgildu zen. Urtebete beranduago, Iruñara joan zen bizitzera. Hamar urtez gremio ezberdinetan aritu zen lanean: eraikuntzan, soldatzaile tailer mekaniko batean, argiketari lanetan, eta sortzen zitzaizkion bestelako lanetan... Eta, horrela, gaur egun uztartzen aritzen den alor ezberdin ugaritan esperientzia izaten hasi zen.

Bere aisialdian, arte plastikoekiko sentitzen zuen grinak bultzatuta, 18 urterekin ikastaro monografikoak egiten hasi zen: marrazketa, zurezko tailuak, esmalteak, makramea...

1983an kasualitate hutsez deskubritu zuen titakaduraren sistema. Erakusketa partikular batean, Picassoren "Guernica" obraren erreprodukzio bat aurkitu zuen, aipaturiko teknikaz baliatuz egina. Guztiz maiteminduta gelditu zenez, zaletasun modura, eta modu guztiz autodidaktan, modalitate hori lantzeari ekin zion. Handik gutxira, ordura arte artisauek erabiltzen zuten metodoa baino hobe bat asmatu zuen.

Gaur egun hauxe da Agustínek gogokoen duen modalitatea. Bisitariak, titakadurazko obra hauek lehendabizikoz ikusten dituztenean, erabat txundituta gelditzen dira lan hauen kalitate eta aberastasun estetikoaren aurrean. Titakadurazko lan ugari egin ditu dagoeneko.

Agustín Aguirrek beiraren teknikei buruzko eskolak jaso ditu Bartzelonako Fundación Centro del Vidrio-n eta Segoviako Fundación Centro Nacional del Vidrio-n.

Artisaua titakadura lan bat prestatzen.
Artisaua titakadura lan bat prestatzen.

Trebakuntza honi esker, beirate beruneztatuak zaharberritzen eta teknika honetaz baliatzea eskatzen duten enkarguak egin ditu.

Baina, horrekin guztiarekin batera, Agustín irakaslea ere bada, duela 18 urtetik hona arte plastikoen eskolak ematen aritzen baita: titakadura, beira artistikoa, esmalteak, urrezko eta zilarrezko xaflak, metalen bozelketa, hirudimentsiokotasuna, etab. Gainera, bere ikasleen esanetan, oso irakasle ona da. Gaur egun, 12 ordutako ikastaro trinkoak ematen ditu asteburuetan, 4 laguneko taldeentzat, aldez aurretik eskatuta.

2000. urtean, "ezagutzera ematen" hasteko asmoarekin, web orri bat sortu zuen. Beira soldatuzko eta titakadurazko bere obren argazkiak ikus daitezke bertan: www.agustinaguirre.com

Urte horretan bertan stand bat izan zuen Nafarroako Industriaren Azokan, eta horrek bere produktu artistikoak jendaurrean erakusketa aukera eman zion. Bertan, 4 metro karratuko beira soldatuzko beirate bat pieza bakar batean egitea enkargatu zioten (bere Web orrian ikus daiteke).

2001eko abuztuan egin zuen bere lehenengo erakusketa partikularra, Oliteren alboan dagoen Beire herrixkan (Nafarroa), eta bi proposamen jaso zituen han: artisautza azoketan parte hartzekoa batetik, eta bere obra Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko beste areto batzuetan erakustea.

Geroztik, artisautza azoka ugaritan izan da: Bakion, Errenterian, Durangon, Eskoriatzan, Orion, Tolosan, Basaurin, Beran, Gernikan, Hondarribian, Donostian, Iruñan, eta baita Logroño eta Errioxako hainbat herrixkatan ere. Erakusketa partikular dezente egin ditu Nafarroan zein bertatik kanpo.

2001ean Artisauen Arbaso Elkartean sartu zen, eta urte horretan bertan, enpresak sortzeko INCYDE erakundeak, Madrileko IFEMA erakustazokan parte hartzeko gonbidapena luzatu zion. Arrakasta handia izan zuen bertan.

2002ko urrian, Nafarroako Gobernuaren babesean, Zaragozako Nafar Etxean, hilabetez, erakusketa partikular bat egin zuen, bere obrarik nagusiekin. Leku hartan bertan, hainbat pieza erosi zizkion Nafarroako Gobernuak.

Gaur egun sormen lanak egiten aritzen da, modu profesionalean. Iruñeko "Tres Reyes" hotelean bere beirate bat ikus daiteke.

Marian Aguirre Colomorekin ezkonduta dago, eta bi alaba dauzkate: Yoanna eta Itxaso.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen