Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Teknikak | |
Prezioak |
TEKNIKAK |
|
TITAKADURA | |
ARTISTA BEIRAGILEA | |
Beira Soldatua edo Tiffany Teknika | |
Beira Beruneztatua | |
Beira Lehertuta | |
HIRUDIMENTSIOKOTASUNA | |
METALEN BOZELKETA |
Zer dira TITAKADURAk? Zur, oskol, nakar, hezur eta abarrez egindako inkrustazioak dira. Horrela, mosaiko eta marrazkiak egiten ditu.
Nolanahi ere, ez dugu MARKETERIArekin nahastu behar, azken honetan justaposizioaren teknika baita erabiltzen dena. TITAKADURAn moteldu eta enbutitu egin behar da; MARKETERIAn ez.
Titakadura oso antzinako artea dugu, eta izugarri adibide ederrak ikus daitezke altzarietan, ateetan eta abar.
Honela dio Agustín Aguirre artisauaren publizitateak:
“Titakadura, gainazal batean zurezko, hezurrezko zein nakarrezko xafla meheak ahokatuz irudiak sortzeko artea da ..
Material ezberdinak konbinatuz osotasunak eskuratzen duen kalitatearen ondorioz, balio estetiko eta dekoratibo handiko piezak lortzen dira, obra guztiz artistikoak.
Teknika honek milaka urte dauzka. Egiptoarrek K.a. 3.500. urtean erabiltzen zuten jada. Mendebaldera arabiarren eskutik iritsi zitzaigun, eta XIV-XVI mendeen artean izan zuen bere loraldia.
Industria Iraultzaren garaian "entxapeak" egiteko makinak asmatu zirenean, titakadurak seriean egiten hasi ziren, eta utzi egin zitzaion "eskuz" egindako titakadura artistikoak egiteari.
Hortaz, titakadurak egitearena munduko lanbiderik zahar eta ederrenetarikoa
dugu. Artisautzaren adar honek oso historia luzea du,
eta Agustín Aguirre artisauak ez du bere xarma galtzen
uzteko asmorik.”
Hona zertan datzan sistema: zurezko xafla finak (naturalak edo/eta tindatuak) mozten dira, osatu nahi den irudia egiteko. Garrantzi berezia daukate zur hauen egiturak, betak eta tonalitateak, hauek emango diotelako amaierako konposizioari ukitu berezia. Obra artistiko hauek oso errealismo handia izaten dute.
Zurezko xaflatxoak eskulaneko denda espezializatuetan saltzen dituzte. Gaur egun xafla guztiek lodiera berbera izaten dute (milimetro baten ingurukoa).
Artisauak, arkatzez, obra osatuko duten irudiak
marrazten ditu oinarrian joango den orri batean, eta ondoren, bisturi zorrotz
batekin, zuloak egiten hasten da. Orri hori zuraren gainean ipini, eta jada
marraztuta dauzkan irudietan, bisturiaz baliatuz, azpian daukan zuran irudi
horiek berak mozten ditu. Hurrengo pausoa, moztu duen pieza bakoitza dagokion
zuloan sartzea izango da, obra osoa osatu artea.
Pieza guztiak gainazal batean itsatsi ostean, lixaz guztia berdintzen da,
eta ondoren berniza ematen zaio gainean.
ARTISTA BEIRAGILEA
Olerki bat izango balitz bezala, hona zer dioen artisauak bere publizitatean:
“Zein den magikoa koloretako beiren mundua! Beira bat beste batekin
batzen denean, eta bi hauek beste hirugarren batekin, elkarren artean sortzen
duten argitasunen kaleidoskopioak gutako bakoitzaren ametsen artean murgiltzera
gonbidatzen gaituzte!.
Agustín Aguirre liluratuta dago beiraren magiarekin, eta ariman sorrarazten
dizkion irudiak egiten aritzen da: lanparak, beirateak, eskulturak...
Bere obretan, Naturan aurki daitezkeen elementuak gehitzen dizkio beirari:
harribitxiak, zurak, burdina, harriak... Horregatik, bere lanak oso bereziak
dira, bakarrak, berriak, iradokitzaileak, mimo guztiarekin egindako xehetasunez
beteak...
Ikusleek bere obrak behatzen dituztenean, berehala konturatzen dira artisauak
bihotzarekin egin dituela! “
Jarraian, ikus ditzagun Agustín Aguirrek beira artistikoa lantzeko
erabiltzen dituen teknika batzuk.
BEIRA SOLDATUA EDO TIFFANY TEKNIKA
Beirateak egiteko sistema hau, kobrea erabiliz soldatzen denekoa alegia, 1902an Louis Confort Tiffanyk asmatu zuen 1902an.
Lehenik eta behin, egin beharreko obra paper batean marrazten da. Paper horretan bertan, artisauak lanaren zati bakoitzari zein kolore emango dion ere adierazten du.
Ondoren, marrazki horren kopia bat egingo du, eta pieza bakoitzaren txantiloi edo silueta mozten joango da.
Txantiloi horiek beirazko xafla baten gainean ipini, bertan marraztu, eta diamantezko punta zorrotz batez baliatuz, moztu egiten ditu. Horretarako erabiltzen duen beira Glass motakoa da, berezia. Gaur egun, gainera, berak nahi duen tonalitatekoa erosteko aukera dauka.
Jarraian, Agustínek beirazko pieza bakoitzaren ertzak leuntzen ditu, makina berezi batekin.
Gero, pieza bakoitzaren inguruan kobre itsaskorreko xaflatxo bat ipini, eta marrazki originalean kokatzen ditu, guztien artean "beirazko puzzle" bat osatuz.
Orduan, pieza guztiak soldagailu elektriko batekin eztainuztatuz elkartuko ditu. Beiren ertzean ipini dituen kobrezko xaflak eztainuaren euskarri lanak egiten ditu.
Hozten utzi ondoren, eta obrari azken ukitua emateko, azido berezi batzuekin soldadura labainduko du.
Pieza ondo garbitzea besterik ez da faltako obra amaitutzat emateko.
Beira artistikoak egiteko tekniken artean zaharrena dugu.
Koloretako beirak "H" formako berunezko profil batzuen bidez elkartzen dira. Ondoren, masilla berezi batekin betetzen dira, eta elkartze puntuetan soldatu.
Teknika honetaz baliatuz egindako beirateen artean, sorta ugaria daukagu: tonalitate ezberdinetako beirez egindako mosaikoak, grisailekin dekoratutako beirak (grisailak pintura berezi batzuk dira. Beiraren gainean marrazkiak egin ondoren, sutan egosten dira, grabatuta gelditzeko).
Beiraren gainean egindako pintura hauek berunezko profil batzuen bidez lotzen zaizkio elkarri. Beira mota hauek maiz erabili ziren eliza eta katedralak koloreztatu eta argitzeko, batik bat gotiko garaian. Beirate hauek, era berean, ezjakinei kristau ikasbidea erakusteko xedea ere bazuten.
Uneotan oso egiteko berezia dauka eskuartean Agustín Aguirrek, "beira lehertua" izeneko teknika berri bat asmatu nahian baitabil.
Hona zertan datzan:
Beira gardeneko egitura batean, berunezko zinta mehe batekin, egin nahi den diseinua marrazten da. Ondoren, zuloak aurrez lehertu edo birrindu egin diren koloretako beirekin betetzen dira. Zinta hori beira zatiak ez nahasteko izaten da. Gelditzen diren hutsuneak silikona gardenez betetzen dira, eta obra guztia beira gardeneko beste xafla batekin ixten da, "sandwich" itxura hartuz.
Teknika honen bidez lortzen den efektu argitsu eta kolorista berritzaile eta harrigarria da, zinez:
" Beira lehertuetatik igarotzen diren argi izpiek efektu optiko paregabeak sortzen dituzte." (artistaren hitzak)
Teknika honi esker, zera lortzen da:
- Egonlekuari argitasuna ematea (egongela bati, kanpoko horma bati, sabaiko argi zulo bati...).
- Intimitatea gordetzea, argia igarotzen bada ere, irudia ez delako ikusten ...
Agustínen esanetan, gaur egun, laguna duen beste artisau bat eta bera dira teknika hau lantzen ari diren bakarrak.
Artista honek beste teknika batzuk ere erabiltzen ditu:
Honela definitzen du Agustín Aguirrek hain mirestua den teknika hau:
“HIRUDIMENTSIOKOTASUNA: Obra xehetasunez aztertzearen ondorioz arte bihurtu den teknika.
Argazkiek, artistaren eskuetan, berreskuratu egiten dute kamerak irudiari lapurtutako bolumena. Efektu optiko harrigarri horri esker, argazki horiek jada utzi egiten diote hotzak izateari”.
Lan hauek egiteko, Agustínek kobre, eztainu edota zilarrezko xafla meheak erabiltzen ditu.
Piezaren atzealdean presionatuz, egin nahi duen marrazkia irudikatzen du. Ondoren, xixel eta difumino txikiez baliatuz, metala bozelkatzen du, nahi adinako bolumen edo erliebea eman arte.
Lana amaitutakoan, atzealdea argizari eta erretxinarekin egindako nahasketa batekin betetzen du, txaparen sendotasuna emateko.
Agustínek, zenbaitetan, metal ezberdinak nahastu ohi ditu obra berean, eta horrela kolore eta bizitasun handiak lortzen ditu.