Sarrera | |
Artisaua | |
Curriculum | |
Produktuak | |
Klaseak | |
Prezioak |
ARTISAUA
Donostian jaio zen, 1969an. Txikitandik azaldu zuen margotzeko eta eskulanak egiteko zaletasuna. Lehen mailako ikasketak amaitutakoan, ebanisteriaren adarreko Lanbide Heziketa egiten hasi zen, baina ikasketa hauek ez zuten bere jakin-mina asetu.
Artisaua. |
Aldi hartan, Paulino Larrañaga eibartarrak zura zizelkatzen edo tailatzen ikasteko eskolak ematen zituen Donostiako Catalina de Erauso Arte Elkartean, eta klase horietara joateko interesa piztu zitzaion. Ostera, eskola horiek ostiral arratsaldeetan izaten ziren, eta Antxonek, ikasketak zirela-eta, ez zeukan tarte horretan joaterik. Irtenbide bat bilatu zion egoerari: goizero, goizeko zazpietan, Eibarrerako autobusa hartzen hasi zen, handik bi ordutara (bederatzietan) iristeko, oraindik ez baitzegoen zuzeneko autobusik.
Zura zizelkatzearen kontua lehenengo egunetik bertatik gustatu zitzaion. Lau urte eman zituen Paulinorekin. Tarteka, aroztegietan lanean, Cobreros jaunaren eskutik marrazkigintza ikasten, eta Navascués jaunaren pintura eskolak hartzen aritzen zen.
1990eko abenduaren 21etik 1991ko urtarrilaren 8ra bitartean, Eibarren erakusketa bat zabaldu zuten Paulino Larrañagak eta bere ikasleek egindako lanekin. Antxonen lehendabiziko erakusketa izan zen, eta hantxe egin zuen bere lehen salmenta: argizaiola bat. Hemeretzi urte zeuzkan.
Ikasketak amaitu ostean, 22 urterekin, bere gurasoek Donostiako Gros auzoko Karkizano kalean zeukaten soto txiki batean kokatu zen, eta bertan profesional modura hasi zen zura zizelkatzen eta eskulturak egiten, euskal tresnak batez ere (kutxak, argizaiolak, eta abar). Baina hori bakarrik ez; lokal hartan eskolak ematen ere hasi zen. Lau urte eman zituen tailer txiki horretan.
Lanean. |
Artisau hau hobeto ezagutu nahi badugu, baina, jakin dezagun zer dioen berak bere buruari buruz:
"Eskulturarako daukadan zaletasunaren sustraiak Paulino Larrañaga lagun maitearen tailerrean bota nituen; hantxe ikasi nituen eskultura lantzeko teknikak, hantxe loratu zen nire bokazioa, hantxe ikasi nuen nire sentimendu eta pentsamenduak obretan islatzen. Artisautza herrikoiean oinarrituz, urteak igaro ahala, sormenaz baliatuz, forma abangoardisten aldaerak asmatzen ditut. Obrak plano bidimentsionaletik atera, eta joko tridimentsional bolumetriko eta eskultorikoetara eramaten ditut. Lehengai modura zura erabiltzen dut beti; ez dut ezagutzen hori baino material goxo, bihurri, poetiko eta aspaldikoagorik. Orain bertan figuratibismoaren jarraitzaile naizela esango nuke; errealitatea goraipatzen dut, biziari zukua ateratzen diot. Abstraktutasunetik gauza bakar batek erakartzen nau: irakurketarako angeluek lerro zuzen eta kurboekin jolasteko ematen duten aukerak; hau da, arrazaren eta emozioaren alderdiak islatzeak, errealitatearen eta surrealismoaren artean, primitibotasunaren eta dotoreziaren artean. Forma anguludun eta garbiak gura dudana lortu arte lantzea, edota nahi dudan horretara ahalik eta gehien hurbilduz. Horrela, nire obretan giza irudia leunduta eta soberan dauden xehetasunak baztertuta goresten saiatzen naiz, sentsualismo eta espiritualitatez betetako forma zabal eta orokorren bidez, baina, aldi berean, gainazalean erabat diluitu gabe dauden erreferente fisikoak mantenduz. Gainazal itzel horiek, bisual hutsa den dimentsio biziarekin batera, jolas optiko batera daramate ikuslea. Horrela, obra hauetan oreka bilatzen saiatzen naiz, objektuaren eta espazioaren artean, ametsen, oroitzapenen eta helburuen artean, eta gorputzen eta figura antropomorfoen mugimenduaren artean. Keinuen hizkuntzaren bidez, eta argi-ilunei isil-isilik pausatzeko aukera emanez, giza gorputzak barnebiltzen duen energia islatzen dut. Nire sustraiek ere, nire euskalduntasunak eta nire jatorriak alegia, asko erakartzen naute. Hasiera-hasieran egiten nituen obra askok, zurean zizelkatutako baxuerliebe askok, euskal mundua zeukaten gai gisa: arrantzaleak, baserritarrak, kutxak, argizaiolak, eta abar.
Beti erakarri naute basoek, zuhaitzek, nire kulturaren jatorriak eta primitibotasunak. Bai pinturan, bai eskulturan, nire herrialdeak, bertako tradizioak eta naturak pizten dizkidaten sentimenduak adierazten saiatzen naiz. Horrek ez du esan nahi unibertsaltasunari muzin egiten diodanik. Kanporatu nahi ditudanak nire sentimendu, poz eta atsekabeak dira; ni neu, alegia. Bizitza bera, azken batean."