Sarrera | |
Zinopariak | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak | |
Bibliografia |
ZINOPARIAK
Zinopariak -gaztelaniaz "exvoto", latinezko "ex voto" ("boto baten egin izanaren ondorioz") hitzetatik eratorria-, Jainkoari onura edo mesede bat jaso izanagatik eskerrak emateko zuzentzen zaizkion eskaintzak dira. Dirudienez, xede hori zeukaten Aurrehistoriako iruditxo asko eta askok; horregatik esaten da zinopariak zirela.
Jainkoari eskerrak emateko asmoarekin eskaintzak egiteko ohitura, mundu osoan zehar dago zabalduta, eta oso elementu ezberdinak erabili ohi dira horretarako: buztinezko iruditxoak, edalontziak, etab.
Dakigunez, Mesopotamiako gizartean jada bazeukaten zinopariak egiteko ohitura, eta Espainiako hegoaldeko santutegi iberikoetan K.a. III eta II. mendeetako iruditxo ugari aurkitu izan dira eskaintzak egiteko aldareen aurrean.
Donostiako Trintxerpe auzoko Carmengo Amaren parrokian dagoen zinoparia. |
Grezian, gorputzaren kaltetutako zatien erreprodukzioak eskaintzen zizkioten medikuntzaren Asklepios jainkoari. Erromako tenpluetan ere gauza bera egiten zuten. Eta kristauek ohitura hori betetzen jarraitu zutenez, santutegi askotan giza gorputzaren adarren argizarizko erreprodukzioak, makuluak, ileordeak, plaka zeramikoak, miraria irudikatzen duten koadroak eta abar ikusi ahal izan dira duela gutxira arte.
Kostaldeko herrietan oso zabalduta egon da Jainkoari itsasontzien maketak eskaintzeko ohitura, ekaitza gogorretatik onik atera izanagatik eskerrak emateko.
Gipuzkoan, besteak beste, honako eliza hauetan ikus ditzakegu -edo ikusi ahal izan ditugu- itsasontzi zinopariak sabaitik zintzilik:
Orioko Bariko San Nikolasen parrokian, XIX. mendearen amaierako lurrunezko goleta baten maketa dago sabaitik zintzilik, hiru mastatakoa. Hau ere zinopari bat izan zen.
Debako Itziar auzoko Jaunaren Antzaldatzearen baselizako sabaian, lurrunezko itsasontzi beladun baten zinoparia ikus daiteke, tximinian L bat daramana. Adierazi zigutenaren arabera, zinopari hori Felisa Basurco debatarrak egina da, duela zenbait urte. Itsasontzia bere senarrak erosi zuen, Zumaian.
Guadalupeko Amaren Santutegian (Hondarribia), transpetuaren aldean, bi itsasontzi ikus daitezke aldarearen aurrean zintzilik. Bata, aurreko mendean Francisco Beamont apaizak oparitutakoa da, eta bestea Itsas Armadako almirante batek.
Orioko San Nikolasen baselizako sabaian, "SAN NICOLÁS - ORIO" izena daraman itsasontzi bat dago zinopari gisa zintzilik.
Carmengo parrokian (Trintxerpe auzoa, Donostia), arrantzale batek 1994an ekaitz beldurgarri batetik onik atera izanagatik eskerrak emateko zinopari modura utzitako itsasontzi baten maketa dago ikusgai.
Ezoziako Amaren baselizan (Soraluze), belaontzi handi bat dago aldarearen gainean zintzilik, "Ezosiko-Ama" izena duena.
Amaitzeko, esan dezagun Kizkitzako Amaren baselizako (Itsaso) aldarearen gainean, Itsasoko parrokian dagoen Errosarioko Amaren irudi prozesional bat ikus daitekeela, itsasontzi baten gainean.
Gure kalkuluen arabera, gaur egun denetara 30 artisau inguru aritzen dira Euskal Herrian itsas modelismoa lantzen.