Sarrera | |
Zinopariak | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak | |
Bibliografia |
PRODUKTUAK
Juliánek, maketak egiteaz gain, zinopari moduko itsasontzi asko zaharberritu ditu; besteak beste, Arrateko Santutegikoa, Deban dagoen Itziarko Amaren elizakoa, Pasai Donibanen dagoen Bonantzako Kristo Santuaren elizakoa eta Zumaiako Zuloaga Museoan dagoena dauzka gogoan. Aipa dezagun sekula ez duela sosik kobratu lan hauen truke.
Jaso dituen maketa guztien artean egoerarik txarrenean zegoena, Itziarkoa zen: eskuetan hartu orduko txikitzeko moduan zegoen.
Santa Ana, XVIII. mendekoa. |
Partikularren itsasontzi asko zaharberritu ditu, halaber.
Eskalarik ohikoena 1/100 izaten da, baina berak txikiagoak ere egiten ditu, etxe askotan ez baita maketak ipintzeko leku gehiegirik izaten.
Juliánek orotara 25 eta 30 maketa artean egin dituela kalkulatzen du. Hona gogoan dauzkanetako batzuren inguruko xehetasunak:
Bestetik, Juliánek solaptuko itsasontzi bat ere egin zuen, baina lan handia eman zion; izan ere, estalkirik gabe egotean, ezin zuen "tranpa" modurik egin, maketaren barrualde guztia agerian gelditzen baitzen.
María korbeta, XIX. mendekoa. |
Era berean, traineruak egin izan ditu, eta baita Donostiako Urumea ibaian
harea ateratzeko eta txitxardinak harrapatzeko erabili ohi zen gabarra bat
ere. Azken hau, Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteak argitara emandako Tobalina
jaunaren plano batzuetan oinarrituz egin zuen.
Bestetik, dekorazioan erabiltzeko "modelo erdiak" ere egin ditu.
Bi urtetan behin, itsas modelistek taldeko erakusketa bat prestatu ohi dute Gipuzkoako KUTXAk lagatzen dien lokal batean.
Baxurako atunketaria, XX. mendekoa. |
Juliánek aipatu digu dendetan saltzen dituzten itsas modelismoko kit-ek ere izaten dutela beren zailtasun puntua. Jendeak, askotan, kaxan agertzen den argazki ederrak bultzatuta erosten omen ditu, baina gero, edo aspertu egiten delako, edota ez duelako amaitu arte jarraitzeko adina pazientziarik edo trebeziarik izaten, utzi egiten ditu. Eta gure artisauari egoera horretan utzitako maketa bat baino gehiago bukatzea tokatu omen zaio. Sarritan gertatzen omen dira horrelakoak, batik bat pertsona batek opari gisa jasotzen duenean. Komenigarriena, eredu xumeenekin hastea da, eta, pixkanaka, zailtasuna handitzen joatea. Bide batez, aipa dezagun dendetan saltzen dituzten ereduen zura nahiko kaskarra izaten dela, eta horrek are gehiago zailtzen duela eraikitzeko prozesua.