Sarrera | |
Zinopariak | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak | |
Bibliografia |
PROZESUA
Itsasontziak egiten dituzten maketisten lana, erriberako arotzek -hots, itsasontziak antzina egiten ziren erara egiten dituzten artisauek- egiten dutenaren antzekoa da oso. Ezberdintasun nagusia izango litzateke eskala txikiagoan aritzen direla lanean. Funtsean, honako pauso hauek jarraitzen dituzte:
1.- Zein elementu erreproduzituko duen erabaki -eta zein eskalatan-, liburuetan informazioa eskuratu, eta planoak lortu edo egin. Batzuetan, nahi baino eskala handiagoan egoten dira aurkitzen dituen planoak; horrelakoetan, fotokopia denda batera joan eta txikitu egiten ditu.
Plano bat aztertzen. |
Aipatu behar dugu museo askok aldiro-aldiro planoak argitaratzeko ohitura daukatela; hala nola, Madrilgo Itsas Museoak, Lisboako Itsas Museoak, Parisko Itsas Museoak, Londresko Zientziaren Museoak eta Greenwich-eko Museoak, besteak beste.
2.- Pieza bakoitza paperean marraztu, eta bakoitzari planoan dakarren zenbakia ipini.
3.- Pieza bakoitza zurean marraztu, eta dagokion zenbakia ipini. Halaber, zein kokapen izango duen hartzen da kontuan, zein zur mota erabili erabakitzeko.
4.- Zerrarekin, zura moztu eta piezak atera. Juliánek tarte puska bat uzten du mozten duenaren eta markaren artean, arrasparen eta lixaren laguntzarekin azken ukituak eskuz ematea gustatzen zaiolako.
5.- Maketatzaileak itsasontziaren pieza guztiak behin-behingoz muntatzen ditu: lehendabizi gila, eta gero saihetsak -normalean hiru sail edo "traka" edo gehiagotakoak izaten ziren-. Hain zuzen ere pauso hauxe izaten da prozesu guztiko zailena eta konplexuena. Juliánek berak dioenez, “pauso hau ez bada ondo ematen, itsasontziaren kroskoaren ordez txapuza bat ateratzen da, eta, horrelakoetan, hobe da maketa dagoenean utzi eta aurrera ez jarraitzea”.
Neurriak hartzen. |
6.- Pieza guztiak elkarri ondo egokitzen zaizkiela ikusitakoan, desmuntatu egiten ditu, eta berriz muntatu, aurrez azaldutako orden berean, behin betiko itsatsiz.
Normalean arotzen kola zuria erabiltzen du, baina, beharraren arabera, Loctite moduko modernoetara ere jotzen du.
7.- Pieza guztiak muntatu ostean, kroskoa pintatzen hasi beharra dago. Kontuz egin beharreko lana da. Izan ere, itsasontziak ezin dira nahi bezala margotu; aitzitik, jatorrizko itsasontziaren garaian erabiltzen ziren koloreak erabili behar dira.
8.- Azken pausoa, itsasontziaren masteria egitea eta aparailuak prestatzea izango da, eta, bukatzeko, sustengu gisa erabiliko den euskarria eta identifikazio plaka egitea.
Zenbait kasutan, itsasontzia babesteko metakrilatozko kutxa bat enkargatzen du. Lehen kristalezkoak eginarazten zituen, baina arriskutsuak ziren, astunak, hauskorrak eta, gainera, garestiak. Horregatik, gaur egun metakrilatozkoak hartzen ditu, sendoagoak, arinagoak eta merkeagoak direlako.
Kanoi bat prestatzen. |
Maketek jatorrizko itsasontzien pieza guzti-guztiak eramaten dituzte, baina,
ulertzekoa den bezala, eskuzabaltasunez jokatzen da. Esate baterako, itsasontzi
batek estalkia daramanean eta, ondorioz, ez denean bere barrualdea ikusten,
pieza bakar batean egiten da. Baina estalkirik eraman behar ez duenean,
saihets guztiak banan-banan egin beharko zaizkio, antzina egiten ziren moduan,
elkarri hiruzpalau pieza itsatsita.
Itsasontzi bat egiteko, 10 eta 13 hilabete artean behar izaten ditu gure
artisauak, egunean bost bat ordu emanez lanean.
Erabiltzen dituen materialak, berriz, hauek dira:
Erabiltzen dituen tresnak, berriz, ez dira gehiegi: limak, arraspak, zerrak, ebakitzaileak, guraizeak, erregelak, konpasak, arkatzak, pintzelak, kurrikak, kurrikatxoak, mailuak, bihurkinak eta abar. Erremintak zenbat eta hobeak izan, orduan eta hobeto egiten da lana.
Makina txikiei dagokienez, zulatzeko makina bertikal bat, tornuzil txiki bat, eskutako zulatzeko makina bat, eta disko erako fresa txiki bat dauzka.
Erreminta batzuk. |
Musika jarrita aritzen da lanean, baina kontzentrazio handia eskatzen duen zeregin delikaturen bat egitea tokatzen zaionean, kendu egiten du.
Juliánen esanetan, maketak ondo egiteko hiru baldintza bete behar dira, T-P-D:
1.- Trebea izatea. 2.- Pazientzia izatea. 3.- Denbora izatea. |
Hiru horiei laugarren bat ere erants geniezaieke: lanerako erreminta egokiak izatea.
Era berean, itsasontzien historiari buruzko bibliografia on bat izatea komeni da, ontzi jakin bat zein ontziolatan egin zen, zein jabe izan zuen, zein izen ipini zioten, zertan aritu zen, bere egunak nola amaitu zituen, eta abar jakin ahal izateko.