Maria Pilar Ansa
MARIA PILAR ANSA
Buztinezko artea
2004 / 06 / 04-18
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Teknikak
 Prezioak


ARTISAUA

  Mª Pilar, lanean.
Mª Pilar, lanean.
Pili -horrela deitzen diote etxean- Donostian jaio zen, 1943an. Bere aita Agustín Ansa Mújica sendagile eta akuarelista paregabea zen, eta, beraz, Pilik txikitandik izan zuen artea bere inguruan.

Hamahiru urte zeuzkanean jabetu zen Pili materia jakin batzuren plastizitateaz, bere lagun alemaniar baten etxean masa zuri modelagarri bat, plastilina alegia, ezagutu zuenean. Bere etxera joaten zen bakoitzean, masa zuri hori modelatzen aritzen zen.

Hamazazpi urterekin, Sagrado Corazón Eskolan, Villa Concha-n (Miracielo), dekorazioa ikasten hasi zen (portzelana pintatzen), Salvador Vento irakaslearen eskutik. Portzelana zuria erosten zuten, eta ondoren pintura zein esmalteekin, edota, batzuetan, tanpoiekin, dekoratzen. 900 ºC inguru hartzen zituen labe bat zeukaten.

Hirugarren urtean, buztina modelatzeko eskolak jasotzen hasi zen. Pilik, orduan, portzelana alde batera utzi, eta bete-betean modelatzeari eskaini zion bere arreta. Eskola hauek ere Salvador irakasleak ematen zizkion. Ikasleen artean José Joaquín Mendizábal odontologoa zegoen; zenbaitetan bere tailerreko erizain eta mekanikari batzuekin eta guzti joaten zen, bost pertsona guztira.

1971. urtearen inguruan, Sagrado Corazón eskolak bere ateak ixtean, Pili bere zaletasunari jarraipenik eman ezinean gelditu zen. José Joaquín Mendizábalek, baina, etxe bat erosi zuen orduantxe Donostiako Catalina de Erauso kalean, tailerra bertan zabaldu eta Salvador irakasleak eskolak emanez jarrai zezan. Eta haraxe joan zen Pili. Baina handik gutxira utzi egin behar izan zion klaseetara joateari, bere hirugarren alabarekin haurdun gelditu zen-eta.

1973an, bere zaletasunari heldu zion berriz ere, eta betiko tailerrera itzuli zen, "Catalina de Erauso Arte Elkartea" izena hartu berri zuena. 1978an, elkarte horretan bertan zeramikari buruzko eskolak emateko aukera luzatu zioten, eta horretan darrai gaur egun ere. Aldaketa bakar bat izan da denbora tarte horretan: 1987. urtean, egoitza Donostiako Gran Vía kalera igaro zela.

Pilik eskolak eman bakarrik ez, jaso ere egiten ditu: batetik, Gerardo Pescadorrek tornuari buruz ematen dizkionak, eta, bestetik, Gregorio Aramendik Zegaman (Gipuzkoa) ematen dizkionak. Gainera, bere ezagutzak handitzeko asmoz, Labisbal-en (Girona) ere izan da, ikastaro bat jasotzen.

Artisaua lanean.
Artisaua lanean.

1986an, Pilik eta Mariví Gil Arregik tailer bat zabaldu zuten Donostiako Deba ibaia kalean, beren piezak egiteko. Handik bost urtera, baina, Marivík utzi egin zuen tailerra.

1995ean, Pilik Loiola (Donostia) auzora lekualdatu zuen bere tailerra, baina urtebetera handik ateratzea erabaki zuen, hezetasun maila handiaren ondorioz piezak ez zirelako behar bezala lehortzen. 2000. urtean, Intxaurrondo auzoan zabaldu zuen tailerra, gela zabal eta aireztatu batean, eta hantxe jarraitzen du gaur egun.

Pili ezkonduta dago, eta hiru alaba eta bi biloba dauzka. Izugarri gustatzen zaio ttikiak tailerra joaten direnean elkarrekin eskulanak egiten aritzea.

Egindako ikasketak

ERAKUSKETAK

AZOKAK

Irakasle lanak

 Galeria
Bilatu Euskonewsen