Sarrera | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Teknikak | |
Prezioak |
TEKNIKAK
Gure artisauak buztinezko piezak eta lore lehorrak egiten dituenez, eta oso zeregin ezberdinak direnez, atal bana eskainiko diogu langintza hauetako bakoitzari:
BUZTINA
Gain-gainetik esanda, buztina lantzeko orduan pauso hauek ematen ditu:
1. Buztina prestatzea.
Buztina erosi egiten du, eta lantzeko ordua iristen denean, oratuz biguntzen du.
2. Modelatzea.
Modelatzeari dagokionez, metodo ezberdinak erabiltzen ditu, egingo duenaren arabera: batzuetan zerrendak egiten ditu, beste batzuetan "kolonbinak", beste zenbaitetan plakak, eta hainbatetan hustu egiten ditu.
Hainbat piezaren ikuspegia. |
Ikus dezagun zertan datzan zerrendatan egitea. Lehenik eta behin, zerrenda edo tira batzuk prestatzen ditu (horregatik deitzen zaio teknika honi horrela), eta "bihotza" sortzen du, eta zerrendak elkarren gainean jarriz, nahi duen pieza egiten du.
Beste batzuetan, plaken teknika erabiltzen du: gainazal leun bat sortzen du, eta, azal hau landuz, nahi duen produktua lortzen du. Hauxe da azpilak, platerak, kaxak, ordulariak, muralak, edalontzi azpikoak, sorginak, eta abar egiteko jarraitzen duen prozedura.
"Kolonbinak” txurro edo makarroi modukoak dira, eta, bata bestearen gainean jarriz, pitxerrak, poteak eta abar egiten ditu.
Hustuketa sisteman, berriz, nahi den piezaren bolumena sortzen da, eta orduan barrualdea husten da. Beste modu batean esateko: hasieran sagar moduko bat egiten da, eta, ondoren, barrua hustuz, kaxa moduko bat prestatzen da.
Sorginak. |
3. Lehortzea.
Piezak, labean sartu baino lehen, lehortu egin behar du; hau da, hezetasuna galdu eta gogortu. Eta hori pixkanaka egin behar da, ez presaka. Giroko hezetasun mailaren arabera, denbora gehiago edo gutxiago hartuko du pauso honek.
4. Margotzea.
Bi tratamendu mota bereiz ditzakegu margotzeko orduan: “engobe” delakoa, edota “esmalte”. Engobatu egin nahi bada, ahi moduko bat prestatzen da, buztinaren konposaketaren antzekoa duena, eta oxido zein pigmentuz koloreztatua dagoena. Piezari larrua bezain gogorra dagoenean ematen zaio ahi hau, eta erabat lehortu baino lehen. Orduan, lehortzen utzi, eta labean sartzen da. Bukaeran berniz bat ematen zaio, eta berriz ere laberatu egiten da, koloreak bere indarrik bizienak har ditzan.
Arroka eder batzuk. |
“Engobe-beiraztatua” ematen badiogu, nahikoa da labean behin bakarrik sartzea, edo behin egostea.
Aldiz, pieza esmaltatu egin nahi bada, jada egosita dagoenean aplikatuko zaio esmaltea, eta, beraz, berriz ere labean sartu beharko da. Engobe eta esmalteak Pilik berak prestatzen ditu, osagaiak nahastuz (kaolina, kuartzoa, feldespatoa, etab.), tenperatura altukoak edo baxukoak ote diren izanik kontuan, eta kolore zein ehundura emateko, oxido eta pigmentu zehatzak erantsiz.
5. Laberatzea.
Produktuak tenperatura baxuan laberatu behar dituenean (buztin gorri eta zuriak), 980 ºC ingurutan egosten ditu, eta gres edo erregogorra izanez gero, berriz, 1.200 ºC eta 1.280 ºC tartean. Portzelanak 1.300 ºC-tik gora behar ditu, "tenperatura altua" deitzen dena.
Lehen erreduraren ondoren, piezei "bizkotxo" deitzen zaie.
Animalitxoak. |
Erremintak
Gure zeramistak oso lanabes gutxi erabiltzen ditu.
Suntsikorren artean, koloratzaileak, esmalteak, oxidoak eta lurrak aipa genitzake. Beste ezer gehiagorik ez.
Erreminten artean, berriz: modelatzeko makiltxoak, hustugailuak, ebakitzaileak, mugikariak, errasketak, pintzelak, leuntzeko larruak, mozteko pitak, buztina modelatzeko taula eta arrabolak, torneta bat (elektrikoa), zutikako tornu bat, labe elektriko bat... eta irrati bat. Ia zeramikari guztiek bezala, lanabes hauetako asko Pilik berak egiten ditu, mendira irteten denean hartzen dituen kanabera eta makilekin.
LORE LEHORRAK
Erretilu eta xaboi ontziak. |
1.- Biltzea.
Berak biltzen ditu loreak, zelaietan. Oso garrantzitsua da lore mota bakoitza biltzeko garairik egokiena zein den jakitea, lore bakoitzak jokabide ezberdina izaten baitu.
2.- Lehortzea.
Loreak lehortzeko, prentsatu egiten ditu. Prentsa bat badaukan arren, nahiago du ohiko moduan egin, erosoagoa iruditzen zaio-eta. Horretarako, telefonoen gida lodikoteetako orrien artean sartzen ditu loreak, paper lehortzaile eta egunkarien artean, eta, gainean, zama handi bat ipintzen die (zeramikazko pieza handiren bat). Lehortze prozesu hau bizkortzeko, lagungarria izaten da gidaliburuak berogailu baten gainean ipintzea.
Lau-lauak ez diren loreak sortan uzten dira lehortzen, aire zabalean, edota uretan, lore motaren arabera.
Batzuetan, tindatu egiten ditu loreak.
Txara eta lore lehorrak. |
3.- Konposatzea.
Loreak jada lehortuta daudenean, koadroak konposatzen hasten da.
Euskarri gisa, flaskoak erabiltzen ditu, edota berak egindako buztinezko piezak.