Maria Pilar Ansa
MARIA PILAR ANSA
Buztinezko artea
2004 / 06 / 04-18
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Teknikak
 Prezioak


BERE PRODUKTUAK

Bi produktu mota egiten ditu: buztinezkoak eta lore lehorrak, bere beste zaletasun itzela.


Buztina

Bere pieza guztiak bereziak dira, irudimen eta sormenez josiak. Ez formari dagokionez bakarrik -pieza guztiak elkarrekiko ezberdinak baitira-, baizik eta baita pieza bakoitzak izaten dituen tonu eta matizengatik ere: milaka kolore erabiltzen ditu, ehundura asko eta asko, eta materialekin ere asko jolasten du; batzuetan buztin gorria erabiltzen du, beste batzuetan zuria, zenbaitetan beltza, eta, kasu batzuetan, gresa eta erregogorraz ere baliatzen da.

Material horiek guztiak elkar nahastuz sor daitekeen guztia ekoizten du gure gaurko artistak.

Besteak beste, kaxak, pitxer handi eta txikiak, lorontziak, platerak, azpil zoragarriak, erretiluak, xaboi-ontziak, muralak, ordulariak eta abar egiten ditu. Hozkailuetarako imanak eta guzti...

Erretiluak.
Erretiluak.

Bere “arrokak” bereziak dira oso. Euskal kostaldean zehar aurki ditzakegun arroka handiak irudikatzen dituzte: ehundura matea daukate, tonu orlegixka, eta, hauen gainean, higaduraren eraginez bezala, urdin kolore biziko putzutxo beiraztatu bat daukate, itsasbeheran arrokaren gainean geratu den itsaso zati bat bezala. Horrelako ederra da kaxatxo "xume" bat. Poesia koloreduna.

Erregogorrak dauzkaten muralak ere egiten ditu. Bere gai nagusia Donostiako Badia izaten da, eta, honen lagungarri, hosto abstraktuak, kolore bizidunak, beiraztatuak batzuk eta mateak besteak.

Izaki bizidunen irudien artean, berriz, azpimarra ditzagun animaliatxoak (hontzak, katuak, sagutxoak, txerritxoak, krokodiloak, etab.), mozorroak, animalia itxurako edalontzi azpikoak, hormetan zintzilikatzeko arraintxoak, eta irudi handi zein txikiak: karikatura itxurakoak, modernoak, figuratiboak, jaiotzak, sorginak, fraideak, etab.

Enkargu bidez, enpresentzako lanak ere egiten ditu.

Hainbat pitxer.
Hainbat pitxer.

Bere produktuak artisautza azoketan eta denda jakin batzuetan saltzen ditu, eta, noizean behin, enkarguak eskatzen dizkion jendeari ere bai. Azoketara joateko ohitura du. Errenteriakora, adibidez, 2000 eta 2002. urteetan izan da.

Gure artistak adierazi digu oso zaila egiten zaiola bere piezak salgai jartzea, ez dagoelako behar adina denda espezializatu. Bere iritzian, gainera, artistek ez lukete azokaz azoka ibili beharko, beren produktuak noiz salduko. Artistaren zeregina produktu onak sortzea omen da, prezioa eta kalitatea kontuan hartuz, baina saltzen ibiltzeak ez omen luke beren ardura izan behar, eta are gutxiago, tamalez gaur egun den bezala, arazo bat. Foru Aldundiek eta/edo Eusko Jaurlaritzak euskal artisautzako produktuak sustatu eta saltzeko sail bat zabaldu beharko luketela irizten du. Izan ere, horrelakorik ez egotean, artista asko beren produktuak saldu ezinean gelditu dira, eta, horren aurrean, jarduera utzi eta beste zerbaitetan hasi dira lanean. Nik zera erantsiko nieke bere hitzei: tristea dela benetan artisau batek horrela ibili behar izatea, baina askoz ere gehiago Mª Pilar Ansa bezalako artista baten kasuan.


Besterik

Zeramika eta lore lehorrak konbinatuz, Pilik oso elementu bitxiak sortzen ditu, berak "lorezko hari kiribilak" deitzen dituenak, eta oso aproposak direnak ezkonberriek gonbidatuei oparitzeko. Horregatik, pieza hauetako bakoitzari, eskuz, eta banan-banan, ezkonberrien izenak eta data ipintzen dizkie. Opari benetan original eta artistikoa honakoa.

Lore lehorren "kukurutxo" magnetikodunak.
Lore lehorren "kukurutxo" magnetikodunak.

Kiribil altuko tapizak ere egin izan ditu, Piliri asko atsegin zaiolako eskulanak egitea.

Zeramikari eta lore lehorrei buruzko eskolak ematen ditu Catalina de Erauso Elkartean eta Donostiako Kutxako Auletan.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen