Sarrera | |
Historia | |
Miniaturismoa | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Tresnak | |
Prezioak | |
Bibliografia |
HISTORIA
Gizakia aspaldi hasi zen miniaturismoak egiten, Goi Paleolitoaren garaian (K.a. 25.000. urtearen inguruan), hezur edo boli puskak hartu eta animalien irudiak zizelkatzen hasi zenean, edota ugalkortasunaren idolotzat dauzkagun Venusak egiten (Willendorfekoa, Savignanokoa, etab.). Dakigula, gisa honetako piezarik zaharrena, Vogelherd-en (Alemania) aurkitutako mamut baten irudia da, K.a. 32.000 urtekoa, bolian egina.
Iberiar penintsulan santutegi ugari aurkitu izan dira gudarien horniduren eta eskaintzen miniaturekin.
Garai haietatik aurrera, hedatzen joan zen elementuak erreproduzitzeko ohitura (erlijiosoak, olgetazkoak, etab.). Gogora dezagun Egiptoko faraoiekin batera hainbat maketa eta miniatura aurkitu izan dituztela.
Berunezko gudaritxoei dagokienez, Parisko Cluny museoan XIV. mendekoak daude ikusgai. Geroztik, zaletasun handia sortu zen errege-erregin, aita saindu zein nobleen artean, iruditxoen bildumak osatzeko.
Espainian, berunezko gudaritxoen egiletzari buruz daukagun lehen albisteetako bat da 1830. urtetik aurrera Carlos Ortelli izeneko italiar bat aritzen zela horrelako piezak egiten.
Sarrera labur honetan, ezin aipatzeke utzi Ramón
Layaben Sansinenea, Donostiako alkate izandakoa. Ospe handia lortu du modelismo
militarraren arloan, bai egiten dituen piezen kalitateagatik, bai bere bilduma
partikularraren edertasunagatik.
Mundu osoari begiratuz gero, gaur egun Europan da modelismoarekiko zaletasunik
handiena. Europako herrialde guztietan izaten dira miniaturen lehiaketak,
eta hauen artean azpimarragarrienak irudi napoleonikoen zaleek antolatzen
dituztenak ditugu.