Argazkia
Aitor Egibar
Miniaturagilea
2004 / 06-27 / 07-11

Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Miniaturismoa
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Tresnak
 Prezioak
 Bibliografia


MINIATURISMO ESTATIKOA

Hiru motako irudiak dauzkagu arlo honetan:

A.- Zapalak. Horrelakoak izaten ziren antzinako miniaturak. Alde bat edo biak dekoratzen zitzaizkien.

B.- Koskor edo erliebe erdikoak. Aurrekoek baino bolumen handiagoa izaten dute, baina albo batetik ikusi behar izaten dira.

C.- Koskordunak. Horrelakoak dira gaur egungoak, eta jendeak gustukoen dituenak.

Miniatura Estatikoaren arloan -Modelismo dinamikotik bereiztearren ematen zaio izen hori- dihardutenen artean, hainbat kategoria bereiz ditzakegu:

A.- Hasiberriak, beren burua sustatzen dabiltzanak.

B.- Berrestuak, nazioarteko sariren bat eskuratu dutenak.

C.- Masterrak, maisu handiak.

Prozesuari dagokionez, berriz, hiru maila edo kategoria ditugu:

A.- Apaintzaile edo margolariak. Dagoeneko prest dauden piezak apaintzen dituzte.

B.- Piezak eraldatzen eta osatzen dituztenak. Eredu gisa beste irudi bat hartuz, elementuak kentzen edo eransten dituztenak.

C.- Piezak sortu eta egiten dituztenak.

Irudien neurria zehazteko, orpoaren eta begien artean dagoen distantzia hartzen da kontuan. Garaiera guztietakoak aurki ditzakegun arren (8 mm-tik 200era bitartekoak, eta baita luzeagoak ere), ohikoenak hauek ditugu:

20 mm-koak (1/86 eskala): gerrako irudiak eta formazio handiak osatzeko.

30 mm-koak (1/60): formazio eta diorametarako.

45 mm-koak (1/38-1/40): neurri espainiar tipikoa dugu hau. Formazioak osatzeko aukera ematen du, baina, gainera, pieza bakoitzari xehetasunak erantsiz.

54 mm-koak (1/32-1/35): eskalarik erabiliena.

90-120 mm bitartekoak (1/20-1/18): ez dira oso ohikoak, eta ezta oso ugariak ere. Horrexegatik, garestiagoak izaten dira.

Pieza hauek guztiak berunezkoak edota erretxinezkoak izaten dira. Normalean, 120 mm-tik gorakoak erretxinezkoak izaten dira, berunezkoak izatekotan oso astunak izango liratekeelako.

Irudien kalitateari erreparatuz gero, beste sailkapen bat egin genezake:

A.- "Beirazko arasetarako piezak": kalitate bikainekoak, lehiaketetara aurkezten diren horietakoak.

B.- "Bildumagileen piezak": aurrekoak bezain bikainak izan gabe, oso onak dira.

C.- “Toys” direlakoak: jostailuzko piezak, berunezko gudaritxo klasikoak bezalakoak.

Irudien eskatzaile nagusiak bildumagileak izaten dira. Dirudienez, gaur egun berrogeita hamar inguru daude Euskal Herrian.

Gure eskualdean miniaturei buruz antolatzen den azokarik ezagunena Baionakoa dugu. Otsailean izaten da beti, "Modelismoaren Asteburua" deiturikoan. Denetik ikus daiteke bertan: itsasontziak, hegazkinak, irudiak, etab.

Garai batean Vitoria/Gasteizen ere izaten zen antzeko beste erakusketa interesgarririk, baina duela zenbait urtetik hona utzi egin diote antolatzeari.

Aipatu dugun bezala, pieza hauek erretxinez edota berunez egiten dira, eta, batzuk, baita bi materialekin ere. Denda espezializatuetan, Euskal Herrian bertan egindako piezak zein atzerrikoak izaten dituzte salgai, guztiak ere margotu gabe. Dena den, jakin ezazue behin pieza hauek margotutakoan, ikusmen soilarekin ez dagoela bereizterik zein materialetan eginak dauden.

Espainian, miniaturak egiten espezializatuta dagoen enpresarik handiena, Andrea Miniatures izenekoa da. Apedreten dago kokatuta (Madril).

Aipatu liburu zein aldizkari pila dagoela gai honen inguruan.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen