Argazkia
Aitor Egibar
Miniaturagilea
2004 / 06-27 / 07-11

Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Miniaturismoa
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Tresnak
 Prezioak
 Bibliografia


PROZESUA

Pieza bat egiteko eman beharreko pauso nagusiak honako hauek dira:

1. Zer egingo den zehaztea.

Lanari ekin baino lehen, ondo dokumentatu beharra dago. Zenbaitetan denbora gehiago behar izaten da irudia egiteko beharrezko diren datuak biltzen, irudia bera egiten baino. Izan ere, artisauaren eskuetatik aterako den irudiak benetako elementuaren ahalik eta antzik handiena izan beharko du.

2. Eskeletoa prestatzea.

Burdinezko hariaren (alanbrea) edo beste elementuren baten bidez, irudiaren eskeletoa prestatzen du. Batzuetan piezak banan-banan egiten ditu, eta gero elkartu.

Pieza bat margotzen.
Pieza bat margotzen.

3. Hezur-mamitzea.

Alegia, aurreko pausoan prestaturiko eskeletoa masaz betetzea. Aukera bat baino gehiago dago hemen. Masa batzuk berehala gogortzen dira, baina beste batzuek -gehien erabiliek- 24 ordu behar izaten dituzte gogortzeko. Denda espezializatuetan produktu bereziak saltzen dituzten arren, gure artisauak iturginek erabiltzen duten epoxi industriala erabili ohi du. Beste zenbaitek argizaria, plastilina edo baita xaboia ere erabiltzen dute.

4. Modelatzea.

Masa gogortu ondoren, gorputza, arropa, gerrikoa, armak, aurpegia eta abar modelatu behar izaten dira. Bolumena pixkanaka ematen joan ahala, modelatzen joaten da. Materiala oraindik erabat gogortua ez dagoenean errazagoa izaten da forma ematen joatea.

Fase honetan, artisau bakoitzak nahi duen lanabesa erabiltzen du: batzuek dentisten erreminta metalikoak; beste batzuek -Aitorrek adibidez-, hainbat neurritako zurezko makiltxoak.

Aukeratutako sistema edozein dela ere, bi gauza bederen guztiz dira beharrezko: argitasun ona izatea, eta erreproduzitu beharrekoaren marrazki, argazki edo irudia aurrean izatea.

5. Moldea prestatzea.

Moldea silikonazko kautxozkoa izaten da. Horretarako, lehenik eta behin plastilinazko ohe bat egiten da, eta bertan irudiaren erdia sartzen, frantsesek dioten modura "partage" egongo den lekuraino; alegia, irudia osatuko duten bi zatiak bilduko dituen tarteraino.

Ondoren, molde hau taula batzuen artean sartzen da, elementu solido, zurrun eta gogorra bihurtzeko.

Moldearen gainazal guztian zehar -bertan sartuta dagoen irudian izan ezik- desmoldeatzailea ematen du. Aitorrek zoruak garbitzeko argizariarekin eta agoarrasarekin egindako nahasketa bat erabiltzen du horretarako; beste batzuek baselina erabiltzen dute, edo pintura. Eskuliburuetan, Maria bainuan baselina %5ean eta agoarrasa %95ean nahastea gomendatzen dute.

Moldea.
Moldea.

Ondoren, silikonazko kautxua prestatu eta kaxara botatzen du, dena estali arte. Lehortutakoan -24 ordu igarota-, prest izango du irudi erdiari dagokion moldea. Plastilina kentzen dio, pieza silikonari atxikita utziz, eta berriz ere kaxaren barruan sartzen du. Desmoldeatzailea bigarren aldiz eman, eta kaxa silikonaz betetzen du. Lehortutakoan atera egiten du, eta, desmoldeatzaileari esker bi zatiak elkartu ez direnez, biak banandu egiten ditu. Barnealdeko figura kendutakoan, erreproduzitu nahi duenaren negatiboa lortzen du.

Pauso hauek ematerakoan oso kontuan izan behar da non egongo den beruna sartzeko zulotxoa. Inbutu itxurakoa izaten da eta, normalean, irudiaren goialdean joaten da, erdi-erdian.

6. Urtzea.

Bi zatiak elkartu, eta taula batzuen artean sartzen dira, berunez beteko den gorputza osatzeko.

Beruna ontzi txiki batean sartu, eta camping-gasarekin urtzen du. Xede honetarako berun berezi batzuk badiren arren, gure artisauak gustukoago ditu iturginek erabiltzen dituzten berunezko barra industrialak. Hauetan adierazita egoten denez beren osaketa, beste elementurik behar izatekotan (eztainua, antimonioa) berak eransten dio.

Beruna hobeto urtzeko, motortxo batekin ibiltzen den zentrifugatzaile txiki bat egin du Aitorrek. Moldea bertan jarri, eta birak eman ahala beruna botatzen dio, irudien barrualdean airezko burbuilarik sor ez dadin. Bitxigileek metodo hau bera erabiltzen dute beren lanean.

7. Desmoldatu eta muntatzea.

Behin hoztutakoan, pieza atera egiten da. Orduan, leundu egiten da, sortu zaizkion akats txikiak konpondu, moldeen ertzak berdindu, eta abar.

8. Gehigarriak eranstea.

Batzuek zizelkatu egiten dituzte gehigarriak (gerrikoak, danborrak, etab.); beste batzuek, eztainuzko edo beste materialen bateko txapa batean egiten dituzte, eta bukaeran erantsi; bakoitzak nahi bezala. Fase honetan osatzen da irudia.

9. Margotzea.

Margotu beharreko lekuan, poroak ixteko, esmalte argi matezko geruza bat ematen da. Pinturari dagokionez, bi joera nagusi nabarmentzen dira: batzuk olioz margotzearen zaleak dira (frantsesak, adibidez), eta beste batzuek nahiago dute pintura akrilikoak erabili, azkarrago lehortzen denez lana asko bizkortzen delako.

Hainbat produktu.
Hainbat produktu.

Olioz margotzen dutenek diotenez, prozesua motelxeagoa bada ere, irudia askoz hobeto bukatuta gelditzen da. Akrilikoarena, sistema modernoagoa da.

Pieza prest izatean, batzuek geruza mate bat ematen diote. Nahiera kontua da hori.

10. Oinarria ipintzea.

Oinarria zurezkoa, harrizkoa edo nahi den beste edozertakoa izan daiteke, zapala, edo harritxoekin, edo belarrekin, etab.

Bitxikeria modura, esan dezagun aspaldi batean plakatxo bat ipintzen zitzaiela idulkian, azalpen bat emanez. Gaur egun ez da horrelakorik egiten.

«Irudi hauetako bakoitza egiteko, astebete behar izaten da gutxienez. Eta, hori, aurrez dokumentazio lanak egiteko behar izaten den denbora kontuan hartu gabe»

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
 Galeria
Bilatu Euskonewsen