Argazkia
Jostugarri
Almazuelak
2004/11-19/12-03
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Materiala
 Prezioak


PROZESUA

Cosiendo.  
Josten.
Almazuela edo patchwork mota ugari daudenez, hauek egiteko ere modu ezberdinak daude, baina, ideia orokor bat izateko, prozesurik arruntenaren ildo nagusiak azalduko dizkizuegu.

1. Egin beharreko irudia paper batean marrazten da, eskalan. Sarritan, aurrez zirriborro batzuk egin behar izaten dira.

2. Marrazkia oihal batean islatzeko, ehuna zeharkatzen duten tintadun errotuladore berezi batzuk erabiltzen dira, alde bietan ikusi ahal izateko egin beharreko irudia. Izan ere, zenbaitetan, oinarrizko ehunaren gainean oihalak jartzen joan ahala, estali egiten baita irizpide gisa eginiko marrazkia.

Gaur egun oihal berezi ugari daude merkatuan artisautza mota honetarako, marrazki, kolore eta sorta anitzekoak. Ugaritasun honek badu bere azalpena: eraikin bat egin nahi denean, edo herrixka bat, teilatua, harlandua, adreiluak, zerua, itsasoa eta abar irudikatzeko oihalak behar dira, tonu ezberdinetakoak. Merkatuko oihalen sorta izugarri zabal honi esker, artisauek laguntza ederra daukate lan hauek burutzeko.

3. Egin beharreko piezen txantiloiak prestatzen dira, paperean. Paper zati edo txantiloi bakoitzarekin, euskarri nagusian josiko den oihal zati bat prestatuko da.

4. Paperezko txantiloia eredutzat hartuz, gero elkarri josteko oihalak mozten dira.

5. Euskarri lanak egiten dituen ehun nagusian oihal zatiak albaintzen dira, pixkanaka marrazkian irudikatutakoa osatuz.

Nahi izanez gero, prozesuaren une honetan elemenu apaingarriak eransteko aukera dago: parpailak, artile puskak, perlak, etab.

Dibujando.
Marrazten.

6. Hiru oihal elkartzen dira: euskarri gisa erabilitako marrazkikoa -zeinaren gain marrazkia osatu duten zatitxoak baitauden josita-, barruko uata, eta gorputza emango dion barruko forrua.

Aldi berean, zati batzuk josten dira, marrazkian bolumena eta aberastasuna emango dioten zati batzuk osatzeko.

Lan hau guztia eskuz egiten da. Muturretako ertz zuzen luzeak bakarrik josten dira makinaz.

Dagoeneko badira lan hauek egiten dituzten makina bereziak; batzuk, gainera, ordenagailu programen bidez eta guzti aritzen dira lanean. Aipatu ditugun patchwork industrialak egiteko erabiltzen dira horrelakoak.

Produktu hauen prezioak askoz ere merkeagoak dira, baina beren bukaerako itxura ez dago eskuz egindakoen kalitatearekin parekatzerik.

7. Ertzak josten dira ondoren. Esan bezala, normalean josteko makina elektrikoen bidez.

8. Zintzilik egon behar baldin badu, zintzilikatzeko gailu batzuk erantsiko zaizkio.

Bitxia da: gure artisau gehienek lanean ari diren bitartean irratia entzuteko ohitura daukaten arren, Koldok nahiago du isiltasunen aritu.

Usando el bastidor.
Produktu lauak.

Panpintxoak egiteko prozesua oso antzekoa da. Kartoizko txantiloi bat egiten da, oihal egoki bat bilatu (irudia sagutxo batena izanez gero, marroi koloreko ileduna; sagarrarena izanez gero, orlegia, etab.), eta txantiloiarekin oihala markatu. Moztu, eta zati guztiak eskuz josi. Ia bukaeran, barrualdea betetzen da, irudiari bolumena emateko. Azken-azkenean detailetxoak ipintzen dira; hala nola begiak (botoiak), isatsa, etab.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen