Argazkia
Starker
Argazkigintzako Mekanika
2005/02-18/03-04
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Lana
 Lanabesak
 Prezioak


BERE LANA

Germánek honelako tresnak konpontzen ditu:

Nagusiki argazki eta bideo kamerak konpontzen ditu Germánek. Hauen artean, hiru multzo handi bereiz ditzakegu:

A.- Mekanikoak: Gehienetan antzinako makinak izaten dira, fotometrorik eta eragiteko motorrik gabeak. Gaur egun argazki kamera guztiek eraman ohi duten itxigailua asmatu zenean agertu ziren. Ez daukate inolako mekanismo automatikorik, eta ezinbestekoa da argazkilaria argazkigintzan aditua izatea. Telemetria ere kamera hauetan agertu zen.

Argazki kamerak lantokian.  
Argazki kamerak lantokian.
B.- Mekaniko-elektronikoak: Kamera hauek material analogikoa erabiltzen dute (pelikula fotosentikorra), baina beren mekanismoak, mekanikoki eragiten diren arren, neurketa elektrikoko osagai batzuk dauzkate: batzuek autofokoa dute, eta beste batzuek fokatzeko objektiboak edo zoom motorizatuak. Denek barruan eramaten dute sistema fotometrikoa, eta eredu hauetan azaldu zen flasha lehen aldiz barneratuta. Izugarria da zeinen azkar ari den kamera hauen diseinua eta teknologia aldatzen.

C.- Digitalak: Merkatuan sartuberria den azken teknologia. Irudia hartzeko prozesua ezberdina da: erregistro digitalerako gelatxoak dauzkate, eta, argazkiak gordetzeko, pelikula fotosentikorren ordez, memoriadun txartelak erabiltzen dituzte. 1969az geroztik existitzen dira CCDak, baina 1981ean jarri ziren jendearentzako salgai.

Nolanahi ere, ez doaz estuki lotuta merkatuaren egungo joera -gaur egun nagusiki digitala dena- eta Germáni konpontzeko iristen zaizkion kamerak. Azken hauei dagokienez, esan dezakegu eramaten dizkioten ekipo gehienak B taldekoak direla, euskarri gisa pelikula analogikoa erabiltzen duten azkenetakoak (bere lanaren %50 suposatzen dute). Gutxiagotan eramaten dizkiote A taldeko makina zaharrak (%30), bildumaren batekoak normalean, eta are gutxiago C taldekoak, digitalak (%20).

Badira talde guzti-guztietako makinetan gertatzen diren matxura mota batzuk. Gehien errepikatzen diren arazoak itxigailuak, ateak, argiaren tranpak, zikinkeria, kolpeak, tapak, pilen eramangailua, kontaktuak eta abarrekin lotutakoak izaten dira.

Mekanikoak -esaterako, Voigtländer, Nikon, Asahi eta Pentax famatuak-, tradizional bihurtu dira dagoeneko. Hain dira bikainak makina hauek garai hartarako zeukaten kalitatea eta materialen sendotasuna, belaunaldiz belaunaldi igarotzen joan direla. Makina paregabe hauek, nolanahi ere, mantenimendu lanak eskatzen dituzte aldian behin.

Makina mekaniko-elektronikoak, jendeak bidaietara eramaten dituen ohikoenak dira. Normalean 35 mm-koak izaten dira, flashdunak eta garraio motorizatukoak, eta ez dituzte ez harea, ez tratu txarrak atsegin.

Adierazi beharra dago gaur egun egiten diren makinak ez direla garai batekoak bezain sendoak. Lehenagokoak askoz ere iraunkorragoak ziren, eta, horregatik, ez da harritzekoa kasu askotan hirurogei urtetik gora izan arren ondo ibiltzen jarraitzea.

Garai bateko makinak astunagoak ziren, baina baita gogorrago eta garestiagoak ere. Gaur egungo kameragileentzat ez litzateke errentagarria izango lehenagoko makinak bezain iraunkorrak egitea; horregatik dira gaur egungoak askoz ere bizitza laburragokoak. Ondorioz, makina bat deskatalogatzen denean, lantegiek utzi egiten diote ordezko piezak egiteari. Horregatik, gure artisauak denetariko elementuak konpondu behar izaten ditu: motorrak, karkasak, tapak, ixteko gortinak, malgukiak, engranajeak, biraderak, etab.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen