Argazkia
Gerard Danné
Markoztatzailea
2005/04-22/05-06
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prezioak


HISTORIA

Oro har, markoztatzearen helburua pintura baten espazioa zehaztea dela esan dezakegu. Horrela, pintura lanei ertz apaingarri gisa marko bat ipintzeko ohitura antzinatik ezagutzen dute Egipton, Grezian eta erromatar munduan, horma edo mosaikoetako irudietarako bereziki.

Gerora, Europako elizetara zabaldu zen ohitura hori, hormetan irudiak gordetzen ziren hobien inguruan ipintzeko.

Bolumeneko markoak, berriz -hiru dimentsiotakoak alegia-, XIII. mendean sortu ziren; hain zuzen ere, kanpoko pinturak, leku batetik bestera eramangarriak, horma zein zoruan margotuak ez zeudenak agertzearekin batera. Garai hartan, oholen gainean margotzen zuten, eta hauen ertzean marko batzuk ipintzen zituzten, hauek ere margotu eta apainduta. Normalean, ohola margotzen zuenak berak egiten zituen markoak ere eta, beraz, obraren estilo berbera izaten zuen; funtzio artistikoa zeukan.

Errenazimentuan, pinturaren eskariak gora egin zuen, baina ez eliza, komentu eta monasterioetarako bakarrik, baizik eta baita nobleen jauregi eta etxeetarako ere. Horrela, artisauen kopurua ere ugaritu egin zen, eta euren artean marko eta estilo berriak lantzen zituztenak agertu ziren. Hauen guztien artean, italiarrak gailendu ziren; Europa osoko artisauek kopiatu zuten hauen estiloa.

XVI. mendean moldurak erabiltzen hasi ziren, eta, hauetako hainbat elkarri itsasten, irudi ugariz margotutako marko zoragarriak osatzen. Venezia izan zen markoen ekoizpenari dagokionez osperik handiena lortu zuen hiria.

Denborak aurrera egin ahala, moldura gero eta barroko itxura handiagoa hartzen joango zen, eta gero eta zabal zein kargatuagoa bihurtzen.

Hurrengo mendean ere, XVII.ean, joera horri berari helduko zion, baina markoen zabalera beharrean lodiera handituko zen, eta erliebezko irudiak sartu zitzaizkien. Moldura zulatuak agertzen hasi ziren. Aipatzekoak dira Frantziako Luis XIII.aren (1610-1643) erregealdiko markoak, irizpide italiarrei jarraitzen zietenak.

Historialarien aburuz, Frantziako Luis XV.aren erregealdia izan omen zen arte dekoratibo eta markoek beren garairik oparoena ezagutu zuten aldia. Garai horren ostean, soiltasun eta apaindurarik ezarako joera nagusitu zen.

XIX. mendean, Europan mekanizatu egin zen markoak egiteko prozesua, eta modu seriatuan egiteari ekin zitzaion. Edonola ere, artisau batzuek XIII zein XIV. mendeetan erabiltzen ziren ereduak kopiatzen jarraitzen dute.

Mende horretan bertan, utzi egin zitzaion markoetan urre kolorea lehentasunez erabiltzeari, eta beste kolore, estilo zein motak erabiltzen hasi ziren. Inpresionistek, esaterako, marko zuri soil batez markoztatzen zituzten beren lanak.


Gaur egun

Gure artisauak dioenez, markoei dagokienez gaur egun dagoen joera nagusia "minimalismorantz" jotzearena da: kolore leun eta arinak, eta moldura xumeak, hormak gehiegi ez kargatzeko. Urteek aurrera egin ahala, baina, gaztetan modernitatea bilatzen zutenak beren gustuak aldatzen joaten dira, eta eredu klasikoagoen zale bihurtzen dira.

Jende gehienak, etxean koadro bat ipintzeko orduan, gehiago erreparatzen dio apaingarritasunari, alderdi artistikoari baino.

Bada artezalea denik, eta bildumagile batzuk ere bai, baina biak ala biak gutxiengoa dira.

Bezeroek ez dute, oro har, euren nahia oso garbi izaten, baina pozik hartzen dituzte aholkuak.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen