Argazkia
Gerard Danné
Markoztatzailea
2005/04-22/05-06
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prezioak


BERE PRODUKTUAK ETA LANABESAK

Gure artisauak denetariko piezak markoztatzen ditu: haizemaileak, dominen bildumak, fosilak, koilaratxoak, etab. Baita biolin bat ere, nahiz eta, ohikoena, grabatuak, ispiluak eta pinturak marzkoztatzea den.

Inoiz markoztatzeko eskatu dioten gauzarik txikiena, seilu bat da.

Lan guztiak bezeroarekin batera diseinatzen ditu, eta, lanari ekin baino lehen, aurrekontu bat prestatzen dio.

Gaur egun marko mota pila dago merkatuan, nola zurezkoak nola metalezkoak. Estiloen artean, denetarik aurki daiteke: klasikoak, minimalistak, abangoardistak, etab.

Hauei guztiei, passe-partout mota guztiak erantsi behar zaizkie, milaka direnak. Gehienez ere 2 mm-ko lodiera izaten dute normalean, eta material ugaritan izaten dira: zurezkoak, kortxozkoak, oihalezkoak, kartoizkoak, xumeak eta bereziak; azken hauen artean, “azidorik gabekoak” adibidez -denborarik kaskartzen eta horitzen ez direnak-, eta "museoetakoak" ditugu -parasitoen aurka bereziak direnak (hezetasun eta onddoen aurkakoak)-, %100ean alfa birjineko zelulosazko zuntzez eginak, ph alkalinoa dutela. Horrelakoak dira museoetan erabiltzen direnak.

Passe-partoutak obraren gainean jartzen dira, baina, tartean, azpian jartzen diren hondoak joaten dira. Hondo hauen artean ere, mota, material eta klase ezberdinak ditugu.

Ez dezagun obra babesten duen kristala ahantzi. Ingurumeneko zikinkeriatik eta argi izpietatik babesteko funtzioa du; horregatik, izpi ultramoreak (UV) filtratzen dituen geruza mehe bat izaten du.

Bezero bat gure artisauaren dendara hurbiltzen denean, honek bere iritzia ematen dio obra markoztatzeari dagokionez. Izan ere, marko zehatz bat aukeratu baino lehen, zenbait elementu hartu behar izaten dira kontuan: zein gelatan kokatuko den, hormen kolorea, gortina eta altzariak... hori guztia, koadroaren eta inguruaren artean ahalik eta harmoniarik handiena egon dadin, eta obra berak zein lekuak balioa irabaz dezaten.

Lanabesei dagokienez, artisauak ez ditu makina elektriko asko erabiltzen markoztatzeko: disko erako zerra, markoak muntatzeko eskuairatzailea, passe-partouta mozteko gillotina, lixatzaile eramangarria, eta grapagailu elektrikoak. Eskuz erabiltzen diren tresnei dagokienez, arkatzak, guraizeak, eskuairak, beirazko ebakitzaileak, erregelak, mailuak, zerrak, kurrikak, aliketak, ebakitzaileak, kuterrak, arraspak eta abar aipatu behar dira.

Ondasun kontsumigarrien aldetik, berriz, zura, aluminioa zein plastikoa erabiltzen ditu markoak eta moldurak egiteko; kartoia passe-partouterako; kartoi-luma, kartoi-tablexa, oihalak, kortxoak eta hainbat egur barrualdeetarako; eta iltzeak, eskarpiak, kolak, pintzelak, gomak eta zenbait fornitura dekoratzeko.

Zenbaitetan, koadroaren azpialdean, markoan bertan, obraren izenburua eta egilearen izena aipatzen dituen plakatxo bat ipin dezala eskatzen diote bezeroek artisauari. Gerardi ez zaio eskaera hori gehiegi gustatzen, bere iritzian hori egile ospetsuen artelanetan bakarrik baitago justifikatuta. Eta, egitekotan, museoetarako bakarrik egitea iruditzen zaio zilegien, bisitariak datu horiek nahitaez ezagutu beharra dauzkanean, baina ez etxe partikularretan. Edonola ere, eskatzen baldin badiote, egin egiten du.

Dagoeneko markoztatuta dauden grabatu, esmalte eta obrak ere saltzen ditu.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen