Argazkia
Domingo Bustiñaga
Maketak eta Makilak
2005/05/06-20
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesua
 Erremintak
 Prezioak


PROZESUA

Ikus ditzagun, labur-labur, artisau autodidakta honek piezak egiteko jarraitzen dituen pausoak.


MAKETAK

Mugitzen diren figurak dauzkaten maketak egiteko, garrantzi handia du egin beharrekoa diseinatzeak; horretarako, egingo duenari argazkiak ateratzen dizkio, eta, ahal izanez gero, baita neurriak hartu ere. Ondoren, paper batean marrazten du, xehetasun guztiekin, egingo duen hura. Figurek nolako mugimendua izango duten eta mugimendu hori nola lortu pentsatu behar du. Eta, hortik aurrera, pieza guztiak egiten joango da, eta mugiaraziko duten motor txikiak eskuratzen.

Maketak fabrikazio prozesuan.
Maketak fabrikazio prozesuan.

Piezak prestatutakoan, muntatu egiten ditu. Berak nahi bezala mugitzen direla egiaztatutakoan, desmuntatu egiten ditu, piezak banan-banan margotu eta doitu, eta berriro muntatu.

Domingo Bustiñaga artisauak egiten dituen maketa mugimendudunak egiteko, irudimena, teknika, trebezia eta gustua bezalako faktoreak behar dira.


MAKILAK

Bezeroen neurriko makila eta pordoiak egiteko orduan irudimen eta gustu handiko artisaua dugu Domingo Bustiñaga. Zur mota ezberdinak erabiltzen ditu (ezpela, kanabera, etab.), eta heldulekuan, berriz, denetarik ipintzen du (golferako pilotak, cognac botilen tapoiak, etab.).

Makila gehienak makulua eta heldulekua lotzen egiten ditu.

Makilak prestatzen.
Makilak prestatzen.

Ikus dezagun sarrienetan egiten duen eredua. Lehen-lehenik, materiala lortzeari ekiten dio: mendian mozten du, urtarrileko ilbeheran, hain zuzen ere orduan izaten baita zuhaitzen izerdia motelen. Eta etxeko trastelekuan lehortzen uzten du, ilunpetan eta tenperatura aldaketetatik babestuta.

Bien bitartean, heldulekua prestatzen du. Horretarako, material ezberdinen xafla mehe batzuk hartu, eta elkarri itsatsiz ohol lodi bat egiten du. Indar handiagoa izan dezan, gurutzatu egiten ditu ezpalak: alde batera batzuk, eta kontrako zentzuan beste batzuk.

Ondoren, txantiloi baten laguntzarekin, forma marrazten du, eta inguratzeko zerra motzarekin mozten. Oholaren ertzak leuntzean, eta xaflak kolore ugaritakoak izatean, zainen efektu polit askoa lortzen du.

Makila hartu, eta aire beroa botatzen duen soplete baten bidez, beharra daukaten zatiak zuzentzen ditu, eta tonuen artean kontrastea sortzeko adabegiak erretzen.

Kolorea ematen.
Kolorea ematen.

Gero, pieza biak elkarri lotzen dizkio, eta metalezko zorro bat ipintzen du piezak elkartzen diren zatiaren inguruan.

Berniza eman, eta gomazko punta ipintzen dio makilari baldin eta paseatzeko erabiliko bada, edota burdinezkoa mendirako izanez gero. Larru txirikordatuz egindako uhala jartzen dio azkenik, hau ere berak egina.

Bestelako makilarik ere egiten du; hala nola, inguruko baserritarrek oparitzen dioten benetako suge larruz estalitakoak. Lehen-lehenik, makila zizelkatzen du, eta sugearen erliebea ematen dio. Horretarako, kontuan izan behar du sugearen lodiera, larrua zizelkatuko zatiari ondo egoki dakion. Zizelkatzen amaitutakoan, sugearen azala itsasten du landutako zatian. Heldulekua eta punta ipintzea besterik ez zaio geldituko. Lehenari dagokionez, esan ahuntzaren adarra imitatzen duena jartzea atsegin duela gure artisauak.

Amaitzeko, esmalte gardeneko geruza bat ematen dio makilari. Suge bat makilan zehar igotzen ari denaren efektua lortzen du egiaz.

Zinta jartzen
Zinta jartzen.

Domingok dioen bezala, ehunka ordu behar dira hauetako makila bat egiteko.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen