Sarrera | |
Historia | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
PROZESUA
Lehengaia: olibondoa. Normalean, olibondo lehorren zura erabili ohi dute, dagoeneko fruiturik ematen ez dutenenak. Olibondoak, landatu eta lau urtera hasten dira olibak ematen, baina, hala ere, bizitza luzeena daukaten zuhaitzetako bat da. Arbola batzuk, antza, 500 urte bizitzera hel daitezke. Gure artisauek Kataluniako hornitzaile bati erosten diote zura. Berez, neguko ilbeheran moztu behar izaten da egurra, baina artisauek ez dakite hornitzaileek zehazki noiz mozten duten.
Zerrarekin moztutzeko prestatzen. |
Zura oraindik orlegia dagoela lantzen dute (urte bakoitzeko cm 1 lehortzen da).
1.- Egurra kanpoaldean deskargatu ondoren, plastiko batekin estaltzen dute, aire korronteek ahalik eta gutxien kalte ditzaten zurezko piezak. Izan ere, zurak irekitzeko joera dauka eta, hala gertatuz gero, egur asko alferrik galduko litzateke.
2.- Dumper baten laguntzarekin, egurra nabean sartu, eta zinta zerrarekin egur zatiak mozten hasten dira.
3.- Txantiloi batekin, lortu nahi duten irudia marrazten dute zuraren gainean, eta, aipaturiko zerrarekin, soberakinak kentzen hasten dira.
4.- Era berean, barrualdea "airea arbastatuaren" metodoaren bidez husteko, arkatz batekin beharrezko diren lerroak marrazten dituzte. Horretarako, fresaren albo batean bizarrak kentzeko tresna ipintzen dute, eta beste aldean larru zati bat, birak ematean haizagailu efektua sortu, eta zerrautsa mahaitik kanpora bota dezan.
Fresarekin hustutzen. |
5.- Limatzeari ekiten zaio jarraian. Horretarako, leuntzeko makinaren ardatzetako batean hortz finetako disko bat ipintzen da, edo limatzeko harri biribil bat. Beste aldean, berriz, aurreko kasuan bezala, larru zati bat.
6.- Butanozko soplete batekin, gainazala berotu edo erretzen da.
Piezaren gainazala lehorra egoten da, baina, zenbat eta barrualderago joan, orduan eta orlegiago egoten da (hezea, bustia). Lixatu baino lehen lehortzeko, kanpoaldea erre egiten da, barrutik zein kanpotik lehorra gelditzeko.
7.- Piezari atsedenaldi bat eman ostean, lodiera ezberdineko lau lixatzeko makinatatik pasatzen da: 50eko lixa batetik lehendabizi, 80ko beste batetik ondoren, 150ekotik, eta azkenik 180kotik. Eurek prestatzen dituzte lixak: geruza bat agortzen denean, beste bat jartzen diote gainean, eta, horrela, hasiera batean barrualdeko zuloa txikia daukaten piezentzat balio dute, eta, pixkanaka, gero eta zulo handiagoa daukatenentzat. Adierazi digutenez, zura eta lixak dira alferrik gehien galtzen diren materialak.
8.- Jarraian, pieza konpontzen hasten dira. Kola pixka batekin, eta zuraren beraren hautsarekin, zirrikitu txikiak betetzen dituzte, zura bezalako elementu bizietan oso normala baita horrelakoak agertzea. Zirrikitua handi samarra denean, adaxka batzuk sartzen dituzte ("falkak" izendatzen dituzte beraiek), kola eta mailuaren laguntzarekin. Ondoren, inguru hori lixatu egiten dute berriz ere.
Azken produktuak. |
9.- Amaieran, pieza lakatu egin daiteke, edo, bestela, olioztatu. Lakatuak distira ematen du. Horretarako, pieza kolorerik gabeko lakatan sartzen da, eta lehortzen uzten.
Lakatu beharrean, pieza olioztatu ere egin daiteke. Horretarako, laranjazko olio naturalez eta beste hainbat produktuz egindako geruza bat ematen zaio. Sistema honen bidez, itxura naturalagoa ematen zaio zurari, mate kolorekoa. Horrelakoak izaten dira gehien saltzen diren piezak.
10.- Lakatu edo olioztatu ondoren, distira pixka bat ematen zaio piezari.
11.- Azpialdean, suaren bidez egindako marka batekin, CREACIONES PIMFA zigilua ipintzen diote.
Neguan, tailerrean daukaten berogailua hornitzeko erabili ohi dituzte soberan gelditutako zerrauts eta egurra.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali hurrengo elkarrizketetarako galderak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria