Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
ARTISAUA
Lizarran jaio zen Carmelo Boneta, 1946ko apirilaren 25ean. Bere aitak José zuen izena, eta arotza zen ogibidez, eta amak Cruz. Lizarrako eskolan egin zituen bere lehen ikasketak, baina 13 urte zituela aita hil zitzaion, eta Madrilera joan zen, osaba batekin bizitzera. Han, Castellana inguruan dagoen Montesquinza kaleko tailer batean sartu zuten, Fernando Mateoren esanetara. Tailer honetan, kalitatezko altzariak zaharberritu eta egiten aritzen ziren.
Handik bost urtera, 18 urte zituenean, lanpostu bat eskaini zioten Lizarrako Padilla tailerretan, eta, aukeraz baliatuz, jaioterrira itzuli zen. Padilla tailerrean, batik bat elizetako elementuak zaharberritzen zituzten: aldareak, erretaulak, etab. Herriz herri ibiltzen ziren: Zudaire, Murillo, Iratxe, etab. Batzuetan, pieza askatzen zuten, tailerrean konpondu, eta berriz ere bere lekuan jarri. Piezak zizelkatu egiten zituzten, urre kolorez margotu -hori baino lehen, poroak ixteko ukendu bat ematen zioten-, polikromiak egin, etab.
19 urte zituela, etxabe bat erosi zuen, eta hortxe du gaur egun bere tailer-denda. Bertan igarotzen du aisialdia, bere benetako zaletasuna landuz, pieza etnografikoak erreproduzitzen: argizaiolak, kutxak, etab. Horrez gain, buztingintzan ere aritzen da Martín Echeverríarekin (Lizarran gelditzen den azken buztinlaria), harria zizelkatzen du, eta burdina lantzen ere aritzen da. Eskarmentu hau dela-eta, gure gaurko artisauak ondo baino hobeto ezagutzen ditu materialak, eta badaki nola tratatu.
Soldadutza egitean, kuarteleko aroztegian aritu zen lanean.
1970ean independizatu egin zen, 24 urterekin, eta autonomo gisa hasi zen lanean, besteentzat enkarguak egiten. Tarteka, euskal etnografiako piezen erreprodukzioak egiten ere aritzen zen, gero bere tailer-dendan saltzeko. Lagun askoren laguntza jasotzen du horretarako: piezak eskuratzen dizkiote argazkiak atera, marrazkia egin eta txantiloia prestatzeko, eta ondoren pieza bere jabeari itzultzen diote berriz ere.
2003an, argizaioletan ipintzen den argizari mehea eskuratzeko arazoak zeuzkala ikustean, argizaria bera egiten hastea erabaki zuen. Isidro Sáenz de Urtiri ikertzaile arabarraren laguntza jaso zuen horretarako, honek adierazi baitzion zehazki zer eta zein neurritan nahasi beharra zeukan. Gaur egun, Carmelok berak egiten du argizaria, eta saldu ere egiten du.
1970ean Dolores Lizarrirekin ezkondu zen, eta bi alaba dituzte: Edurne, irakaslea, Aizea izeneko neskato polit baten ama dena, eta Mari Puy, artista, brontzea urtzen aritzen dena.
CARMELO BONETA LOPETEGUI Tailerra: La Rua 19 Bizilekua: Gesalaz 1, 3. Tef. 948.551481 31200 LIZARRA / NAFARROA |
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria