Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
HISTORIA
Hustutzaile: “husten duena”.
Hustu: Beste hainbat adieren artean, “tresna ebakitzaileei harrian aho zorrotza ateratzea”.
Zorrotzaile: “zorrozten duena”.
Zorroztea: “Ahoa ateratzea, punta ateratzea”.
Zorrozteko modurik primitiboena, Historiaurreaz geroztik erabili izan dena, zorroztu beharreko elementua lurrean errotutako harri baten aurka igurztea da.
K.a. 532. urtearen inguruan, Samoseko Teodoro matematikari eta asmatzaileak tornua erabili zuen harribitxiak leuntzeko. Egiptoko Petosiris-en hilobian (K.a. 300. urtea) azaldutako erliebe batean, berriz, tornu baten irudikapena agertzen da.
Bertan oinarrituz, hareharrizko errotarri biribilak sortu ziren, tornuaren sistema erabiliz azkarrago zorroztu ahal izateko. Hasiera batean, gizaki bat aritzen zen sistema bultzatzen, eta beste bat zorrozten. Sistema hau ludiko leku askotan erabiltzen da oraindik ere.
Aurrerapenei esker, pedal bat ipini zitzaion sistemari. Bere autonomia, zama arin eta xumetasunari esker, sistema hau mundu osoan zehar zabaldu zen, bai tornuan erabiltzeko, bai, besteak beste, zorrozte lanak egiteko.
Tratatu-idazle batzuen arabera, XIII. mendearen hasieran hasi ziren pedala erabiltzen. Goialdean haga elastiko bat jartzen zen, soka baten bidez pedal bati lotua zegoena. Soka hau piezaren inguruan bilduta zegoen, arku-tornuan bezalaxe, eta, horrela, artisauak bi eskuak aske izan zitzakeen, lanabesekin aritzeko. Horri esker, ekoizpena handitzeaz gain, lanaren kalitateak ere hobera egiten zuen.
Beste aurrerapen bat, XV. mendearen erdialdean eman zen, aurreko sistemari biela bat ezarri zitzaionean. Biela hau gurpil zirkular bati lotuta zegoen, eta pedal bati emanez bultzatzen zen -zorrotzaileek erabiltzen zuten sistema hau antzinako josteko makinek zeukatenaren oso berdintsua zen-, eta pieza etengabe mugitzen ari zitekeen.
Aldaketa honek garrantzi handia izan zuen, lanerako sistema alternatiboa atzean utzi, eta zentzu berean biratzen zuen mugimendua nagusitu baitzen. Azken honek, lanean etengabe aritzeko aukera ematen zuen.
Hein berean, indar eragile gisa ura erabiltzen hasi ziren ekoizpen industrialetan -gerora, motor elektrikoak hartuko zuen bere lekua-.
Euskal armagintzaren tradizioa Berant Erdi Aroan sortua da, hain zuzen ere gari hartan ugaritu baitziren euskal lurretan minerala burdin bilakatzen zuten burdinolak. Horrela, lanbide ezberdin ugari sortu ziren metalaren inguruan. Armagintza arma zurietan espezializatu zen lehendabizi (ezpatak, sastakaiak eta sableak), eta su-armetara zabaldu zen ondoren. Horrela sortu zen artisau zorrotzaileen espezialitatea: artisau bakoitza elementu jakin batez arduratzen zen bere tailer txikian. Su-armak, garatu ahala, eraginkorragoak bihurtu zirenez, XVII. mendearen bigarren erditik aurrera gainbehera egin zuen arma zurien ekoizpenak.
Erdi Aroaz geroztik, eta gaur arte, zorrotzaile ugari ibili izan dira hiriz hiri, siringa joz beren zerbitzua eskaintzen. Gure artean, batik bat galiziarrak ibiltzen ziren modu horretan.
Bitxikeria modura, esan beharra dago Japonian elementu zehatzak zorrozten aritzen diren espezialistak daudela oraindik ere, ilea mozteko guraizeak adibidez.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria