Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesua | |
Prezioak |
PROZESUAK
Lehen esan bezala, pieza lehenik eta behin hustu egin behar izaten da, arbastatu, eta ondoren zorroztu. Horregatik deitzen zaio lanbide honi HUSTU eta ZORROZTEA.
A.- Hustea eta zorroztea
Elementua hartu, eta pauso hauek jarraitzen dira:
1. Esmerilatzeko harrian egiten da hustuketa; hau da, ebakia duen aldeari dagokion malda ematen zaio, eta ondoren zorroztu egiten da. Eragiketa biak harri berdinean egiten dira. Labur esanda: kendu + zorroztu.
Eladiok dioen bezala, hustuketa piezaren “atzealdetik aurrera” gauzatzen da. Ahoaren kontrako aldean dagoen aldetik hasten da hustuketa lana, eta ahoan amaitzen.
Hustuketa lan hau egiten den bakoitzean, jan egiten da materiala, eta aiztoak fisikoki lermatuta gelditzen dira.
Gure nekazariek, sega zorroztean, ez dute husten, ahoa mailu baten laguntzaz jotzen dutelako, ingude baten gainean. Horrela, pieza ez da horrenbeste lermatzen, eta, beraz, denbora gehiagoan iraungo du. Baina, gainera, segaren ahoa ez da erabat homogeneoa izaten, izurtua baizik, irregularra, eta hori onuragarria da belarra mozteko orduan, aho zuzen-zuzen bat ez litzatekeelako hain eraginkorra izango.
2. Findu. Behin pieza zorroztutakoan, feltrozko leuntzeko makinaren laguntzaz -harriaren ordez ehun bat darama-, pieza fintzen du. Horrekin, amaitutzat eman daiteke lana.
Bizarra mozteko labanak, bisturiak eta oso zorrozketa berezia behar duten elementuak bakarrik pasatzen ditu gero "egokitzeko harrian" edo "olio-harrian".
Horretarako, dendaren atzealdean du tailerra: lanerako mahaia, motor elektriko batek eragiten dituen harriak, tasa eta lanabesak.
Ohiko lanabesak erabiltzen ditu: aliketak, kurrikak, ebakitzaileak, limak eta arraspak, bihurkinak, mailuak, kalibrea, erregelak, zerrak, etab.
Material suntsikorrari dagokienez: olioak, agoarrasa, eta ezer gutxi gehiago zorrozte lanak egiteko. Gehientsuenak euritakoak konpontzekoak izaten dira: hagatxoak, kirtenak, malgukiak, puntakoak, etab.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria