Sarrera | |
Artisaua | |
Historia | |
Prozesua | |
Prezioak |
PROZESUA
Bezero bakoitzarentzako zesta zehatz bat egiten da, eta txistera egiteko ohiko bezeroen neurriak ditu. Bezero berri bat duenean, bezeroari gustuko duen zesta bat uzteko eskatzen dio, eredu gisa erabiltzeko, eta bestela artisauaren tailerrera etortzeko esan, neurriak hartzeko eta haren gustuak ezagutzeko (estuagoa edo zabalagoa, motzagoa edo luzeagoa eta sakonera handiagokoa edo txikiagokoa nahi duen jakiteko).
Bestalde, gogorarazi nahi nuke, zesta-puntan aurrelariek atzelariek baino tamaina eta sakonera txikiagoko zestak erabiltzen dituztela jokatzeko: atzelarienak handiagoak eta sakonagoak dira.
Beste artisau batzuk mutikoentzako txisterak egiten dituzte, edo oroigarriak saltokietarako. Seriean egiten dira horiek, kalitate txikiagoko materialekin, eta ez daude hain landuta. Horregatik dira merkeagoak.
Honako atal hauek ditu zestak:
Tresnak
Hauek dira erabilienak (eskumakoak geure artisauaren eran daude idatzita):
Materialak
Prozesua
1.- Uztaia prestatzeko, ur berotan sartzen du gaztaina-pieza biguntzeko, eta ondoren forma ematen dio. Pieza lotuta uzten du, lehortzerakoan behin betiko hartu dezan forma.
2.- Pagoaren egurrarekin eginiko lauki itxurako uztarria jartzen zaio atzealdean.
3.- 10 alanbre jartzen zaizkio (sakonera handiagoko zesta nahi duenari 11 alanbre). Alanbre bakoitza tamaina zehatz batekoa da, eta distantzia jakin bat uzten da horien artean. Txisterak leku horretan duen sekzioaren forma du alanbreak.
4.- Ondoren, 13 saihetsak jartzen ditu (bat erdian, 6 alde batean eta 6 beste aldean). Gaztainazkoak eta lauak dira saihetsak, eta bere lekuan jarri aurretik leundu eta doitu egiten dira, bakoitzak bere luzera eta zabalera baitu. Ez daude bi berdin. Bestalde, erdiko 3ak, pilotaren golpea jasotzen dutenez, nylon lodizko zinta autoitsaskorrarekin forratuta daude, erresistentzia handiagoa izateko.
Jakin ezazue 13 saihetsetatik 5ek bakarrik zeharkatzen dutela zesta, puntatik atzealderaino. Beste 8ak, alde banatan 4, batzuk hasten diren aldean besteak bukatzen diren arren, aurrean eta atzean elkartzen dira.
5.- Zumearekin saihetsak lotzen ditu alanbreetara. Horri zume-patroia deituko diogu, eta zestari gorputza emateko balio du.
6.- 5 saihetsen kanpokoak uretan sartzen ditu, eta bertan uzten ditu gau guztia. Goizean doitu, tolestu eta lotu egiten ditu, txisteraren puntari forma emateko.
7.- Prozesuaren zati honetan parte hartzen du bere arrebak, ehuleak; saihetsak eta uztaia forratu egiten ditu, zumea zeharka jarriz. Lehen alanbrea dagoen lekuan hasten da, eta, zume-patroia deitu duguna kendu ostean, zumea jarriz doa puntara heldu arte.
Bi zume-zerrenden arteko lotura aldeetan egiten da, inoiz ez erdian, zestak pilotaren golpea jasotzen duen lekuan eta zatirik sendoena izan behar den lekuan.
Zume-zerrenda horiek leuntzeko, artisauak hainbat distantziatara jarritako hortzak ditu lan-mahaiaren gainean; horrela, zume-zerrenda bakoitzari nahi dion tamaina eman diezaioke.
Ondoren, zestari buelta eman eta estalitako gunetik hasita gorantz doa, zumearekin saihetsak forratuz eta horietariko bakoitzera heldu baino 5 cm lehenago alanbreak kenduz.
Aldizka kristalarekin lixatu egiten du leuntzeko.
8.- Modu horretan zestaren erdira heltzen da. Orduan, artisauak berriz ere hartzen du zesta, eta uztarria edo atzealdean (guantea doan lekuan) zeharkatzen duten 5 saihetsak jartzen ditu, lehen esan dugun moduan beste 8 saihetsak aldeekin bat egiten baitute. Ez dira puntatik ateratzen, ezta atzealderaino heltzen, baina zestaren erdigunea sendotzen dute, pilotaren golpea jasotzerakoan lan handiena egiten duen zatia.
9.- Berriz ere ehuleak zesta hartzen du eta bukatu zuen lekutik hasita, erditik, zumeak jartzen ditu bukatu arte.
10.- Ariarekin punta forratzen da, erresistentzia handiagoa izateko.
11.- Bezeroari neurrira eginiko guantea jartzen da zestan.
22 eta 24 ordu artean behar dira zesta bat egiteko.
Profesionalek, babesteko, zestaren kanpoaldean plastiko gardenezko lamina autoitsaskorra jartzen diote. Oso ondo kalkulatu behar da tamaina, zestaren malgutasunean eragina baitu. Lehen esparatrapu zabala erabiltzen zen, baina, oso erraz apurtzen zen.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria