Argazkia
Xabier Garate
Segizioko figurak
2007  /  01-26  /  02-09
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


PROZESUAK

Ideiak mamitzeko edo objektu material (figura) bihurtzeko teknika eta materialei dagokienez, unean uneko beharren edo formen araberako elementuak eta jardunbideak aukeratzen ditu.

Eta jakina, figuren azpian norbait joaten denez, funtsezkoa da ahalik eta erosoenak izatea. Halaber, dotoretasuna eta egin beharreko mugimenduak ere hartu behar izaten ditu kontuan.

Bestalde, luzaroan irautea komeni denez, sendoak behar dute izan.

Kontuan hartu beharreko beste ezaugarri batzuk hauexek dira: batetik bestera eramaten dituztela eta gero gordeta egoten direla. Beraz, arropak kendu egin behar zaizkie, eta gero desmuntatu.

Horiek guztiak kontuan hartuta, alderdi artistikoei buru-belarri erreparatzen die gure artisauak, horiek dituelako benetan gogoko.

Ia beti enkarguz egiten du lan, eta eskari bakoitza proiektu berritzat hartzen du. Honako hauek dira bere oinarriak eta printzipioak:

A.- Lan herrikoiak egitea (ikusleak ongi ulertzeko modukoak), eta ahal izanez gero, tokian tokiko folklore-ohiturei lotuak.

B.- Bi pieza berdin ez egitea. Pertsonaiak errepikatu arren, ez dira izaten berdin-berdinak, bakoitzari bere ezaugarri bereizgarriak ematen dizkiolako.

C.- Orokorrean giza itxurako pertsonaiak direnez, ahalik eta espresibitaterik handiena lortzen saiatzen da, betiere karikaturak eginez, batzuetan samurragoak eta beste batzuetan neurriz kanpokoak guztiz.

D.- Lan guztiei estilo orokor bereizgarri bat ematen saiatzen da, elkarrekin lotura estetikoa izan dezaten, eta artisauaren arrastoa antzeman dadin. “Aita beraren seme-alabak” dira denak.

Berak egiten du dena, prozesu osoa, lehen zirriborrotik hasi eta azken pintzelada eman arte.

Jarraian, fabrikazio-prozesua azalduko dizuegu labur-labur:

1. Lehenbizi, kasuan kasuko pertsonaia aztertzen du.

2. Gero zirriborroak egiten ditu, bai irudi orokorrarenak bai xehetasunenak.

3. Buztinaz moldekatzen du behin betiko tamainan, azpian euskarria duela. Zeregin horretan ematen du denbora gehien, bolumena eta neurriak sortu behar izaten baititu. Horrelaxe lortzen du azken emaitza, "eskulturen" tankerakoa.

Zeregin horietarako, eskuez gain, erremintarik errazenak erabiltzen ditu: hainbat forma eta tamainatako alanbre-hustugailuak eta moldekatzeko makilak, askotan berak eginak.

4. Beira-zuntzez indartutako poliesterrezko hainbat erretxina-geruza ezartzen ditu moldekatutako irudia ijezteko edo estaltzeko.

5. Behin gogortutakoan, moldekatutako irudia eta estaldura bereizi egiten ditu, bigarrena zerra fin batekin atalka moztuz, formen arabera.

"Ateratzeko" urrats horretan, moldekatutako jatorrizko irudia desitxuratuta geratzen da, eta formak laminatuan itsatsita. “Molde galdua” izeneko teknikaren antzeko prozedura da, neurri batean.

6. Figura-atal guztiak material berarekin elkartzen edo itsasten ditu.

7. Pieza, azken bolumena, bukatuta dagoenez, behar dituen mozketak eta zuloak egiten dizkio figurari: adibidez, buruhandiei ahoa, airea sartzeko zuloak, etab.

8. Masillen bidez eta "berriz tailatuz" eta lixatuz, gainazalaren xehetasunak eta testurak lortzen ditu.

9. Azken urratsa margotzea da, figuraren ezaugarriak nabarmentzeko. Batzuetan, elementu osagarriak eransten ditu, hala nola, ile sintetikoa, betaurrekoak eta adarrak.

Zenbait figura egiteko beste era bateko prozedurak edo materialak behar izaten dira: “porexa”, egurra, poliuretanoa, etab.

Lan "humanizatuak" eta figuratiboak direnez, pertsonaien "argazki imajinarioetan" oinarritzen da nolabait. Dena den, lehenago aipatu dugunez, gizakien "benetako erretratuak" ere egin izan ditu.

Hainbeste figura, eta hain handiak, egiten dituenez, pabilioi industrial batean dauka lantegia. Bertan, bere jarduera nahiko bitxia da, ingurukoen zereginekin alderatuz gero.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen