Sarrera | |
Historia | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
PROZESUAK
A. METALIZAZIO PROZESUA
Aurrena, hostoak edo beren formagatik nahiz estetikagatik azken emaitza on bat eman dezaketen elementuak biltzen dira. Inguruko lorategietan eta basoetan egiten da biltze lan hori.
Hurrena, galbanoplastia egiten da. Astebete baino gehiago irauten du prozesu horrek, metalezko bost bainu eman behar baitzaizkio piezari. Horretarako, zilar fina eta 24 kilateko urrea erabiltzen dira.
Beste mota batzuetako piezak ere egiten dituzte. Adibidez, galbanoplastiaz egindakoak italiar alpakazko, brontzezko edo kobrezko beste batzuekin nahasten dituzte, eta, beraz, bai pieza motak, bai bukaerak ia infinituak dira.
B. MIKROFUSIOA
Zein lan mota edo zein material mota erabili behar den, prozesua desberdina izaten da.
Zilarra erabiliz egiten den lan prozesu ohikoena ikusi behar dugu, eta mikrofusio sistema edo argizari galduzko eta presio bidezko fusio sistema deritzana erabiliko dugu.
Lehenik, eredu edo pieza bat egiten da argizariz. Beti pitin bat handiagoa egiten da, gero izaten diren lermak kontuan edukita. Jarraian, kautxuzko molde bat egiten da, eta eredua sartzen bertan. Gero, eredua kentzean, haren aztarna edo hutsunea gelditzen da moldean. Orduantxe egiten da pieza, argizariz. Horretarako, argizaria urtzen dugu su txikian, eta hartaz betetzen da moldean egin dugun hutsunea. Dena hozten denean, egin nahi dugun piezaren argizarizko erreplika edukiko dugu. Gero, argizarizko pieza hori lantzen da, eta azken produktuan grabatu nahi ditugun marrazkiak edo elementuak egingo ditugu hor, azkenean pieza guztiz berezi bat lortzeko.
Berdin jokatzen da egin nahi ditugun pieza guztietan. Gero, erdiko ardatz bati lotzen zaizkio guztiak, eta bitxigileek “zuhaitza” deritzoten bat osatzen dugu. Zuhaitz hori zilindroan ipintzen da, inongo paretarik ukitzen ez duela, eta eskaiola berezi batez betetzen da zilindroa. Bitxigileek huts makina berezi bat eduki ohi dute, eta, haren bitartez, zilindroaren barruan gelditzen diren burbuilak ateratzen dituzte.
Eskaiola gogortutakoan, pieza labe batean sartzen da, eta, han, beroaren ondorioz (750 ºC inguru erabiltzen da), zilindro barruan zegoen argizari guztia urtzen da. Horrela, hutsuneak gelditzen dira, eta metalez betetzen gero. Utzi hozten, eta zilarra sartzen da zilindroaren barruan. Zentrifugadore batean ipintzen da zilindroa, zilarrak hutsune guztiak bete ditzan, eta, gero, hozten uzten da.
Dena hoztutakoan, moldea hausten da, eta zilarrezko “zuhaitza” gelditzen. Kurriken laguntzaz, pieza guztiak banatzen dira, eta banan-banan leuntzen, bukatzeko.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria