Sarrera | |
Historia | |
Artisauak | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
PROZESUAK
Zati hauek ditu aiztoak: mihia, bigotera (kirtena bereizten duen muturra) eta ziria, hots, kirtenean sartzen den zatia. Horretaz gainera, kirtena edo heldulekua du, eta horrek ere eraztuna du muturrean, metalaren ondoan.
Bi eratan egin daiteke aiztoa: lehena, xafla edo pletinari ahoa aterata, forjaketaren bidez, hau da, pieza sutan berotuz, ingudearen gainean mailukatuz eta nahi den forma emanez; azkenean, esmerilaz zorrozten da.
Bigarrena, gure artisauek aukeratu duten era: erosten da pletina bat, eta, zerraz, nahi den profila egiten da; gero, esmerilaz, forma ematen zaio, eta ahoa ateratzen.
Baina has gaitezen hasieratik.
Gure artisauen aiztoek altzairu herdoilgaitzezko mihia eduki ohi dute normalean, 4 eta 6 mm bitarteko lodierakoa. Mihi hori 100 x 200 cm-ko xafla batetik ebakitzen da, aurretik paperean marraztutako ereduari jarraiki. Disko-makinaz ebakitzen da pieza, nahi den forma erdietsi arte. Hortik aurrera, ahoa nola hustu, zer kirten mota ipini, materialak, etab. erabakitzen dira.
Disko-makinaz egiten dute hustuketa, pultsuan, altzairuzko puskari materiala kenduz, forma berezi bat erdietsi arte.
Prozesu hori bukatutakoan, ondoko lantegi batera eramaten dute pieza, tenplatzeko.
Hurrena, esku-babesa ipintzen zaio, hau da, mihia eta kirtena bereizten dituen puska. Izenak dioen bezala, atzamarrak babesten ditu horrek, eskua mihirantz lerratzen bada. Letoiz, altzairuz, hezurrez etab.ez egiten da. Pieza hori eskuz doitzen da, karrakak erabilita, eta piezak koloka ez uzten saiatu behar da.
Esku-babesa osatutakoan, kirtena egiten hasi behar da. Horretan ere material ugari erabil daiteke: zura (ebanoa, koko-boloa), sustraiak (intxaurrondoarena, tuiarena), palo de rosa, bioleta, hezurrak, adarrak, adibidez bufaloarena, edo zezen-adarraren barruko gaia, osorik edo zati txikitan, eta, horrela, kirtena berdinik gabeko collage bat bihurtzen da, zizelkatua edo leundua, artisauak aurretik diseinatu duen bezala. Akabera, berriz, naturala izaten da. Olioa edo ezkoa ematen zaio kirtenari, sekula ez bernizik. Horrela, piezak, denborarekin, halako jantzi berezi bat bereganatzen du, erabiltzaileak berak ere konpon lezakeena (zurezko zatia), oliba-olioa erabilita.
Orain, zorroa bakarrik falta da. Errazena eman badezake ere, oso lan konplexua da: erabiltzea erabaki den materialen nahasketaren mendean dago gauza. Askotan, aiztoa bera egitea bezain luze jotzen du zorroa egiteak.
Nahiz eta gehienetan zorroak larruzkoak izan, maiz zurarekin, metalekin, hezurrekin, etab.ekin konbinatzen dute material hori. Eskuz josten dituzte beti zorroak, eta, aiztoaren gainerako puskak bezala, ahalik eta ongien doituta.
Berdinik gabeko aizto bat da beti emaitza, bi artisau bikain hauek trebeki eta maitekiro egiten baitituzte.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria