Argazkia
Alberto González
Larruzko pilotak
2007  /  07  /  13-27
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


HISTORIA

Erromatar garaian, jada, gimnasioetan bazegoen pilotarako gune bat. Bertan, bainu-gunera sartu aurretik jokatzen zuten gizonezkoek1.

Sevillako San Isidorok (560-636) bere idatzietan pilotarako zaletasunari buruz ere hitz egiten digu. Garai hartan erraketa edo bastoi batekin jotzen zuten pilota, baita oinekin ere2.

1408ko dokumentu bati esker, badakigu Nafarroako Karlos III.ak Oliteko gazteluan pilotan jokatzen zuela3.

Antonio de Lalaingek, Montigny-ko jaunak, Burgosen izan zenean (1505-1506) “pilota handiarekin Espainiako erara” nola jokatzen zen pilotan idatzi zuen4.

Andrea Navagerok, Sevillan Amerikatik ekarritako indio batzuk ikusi ostean, esan zuen5:

“Beren usadioen arabera jantzita dabiltza, erdi biluzik, juboi labur antzeko batzuekin. Ile beltza dute, aurpegi zabala eta erromatar sudurra. Zirkasiarren antz handia dute, baina horiek baino hauts-kolore handiagoa dute. Gauza askotarako oso argiak eta azkarrak dira, eta beren herriko erara jolasturiko pilota-jokoa oso berezia izan da. Zuhaitz arin baten bihotzarekin eginikoa da pilota, bote handia du eta melokotoi handi baten tamainakoa da, edo handiagoa. Ez dute ez eskuekin ez oinekin jasotzen edo jotzen, baizik eta gorputz-hegalekin, eta hain dira trebeak, ikusteko benetan txundigarriak direla. Batzuetan lurrean guztiz etzaten dira pilota jotzeko. Aipaturiko guztia abilezia handiarekin egiten dute”.

Errege Katolikoen garaian pilotan aberatsek bakarrik jokatzen zuten. Frontoiko eta “chuecako” modalitateak zeuden. Azken hori belar gaineko hockeyaren antzekoa zen, eta egurrezko bate batekin pilota jotzea zuen oinarri. Madrilen ere baziren hainbat gune joko horretarako: horietariko bat “Puerta del Sol” zen eta beste bat “Juego de la pelota”.

Herritarrek, jende xumeak, gogoko zituzten jokalariak, eta “jocularis” (jokalariak) deitzen zieten. Hori hitz-eratorpenaren bidez “juglar” bihurtu zen6.

Esaten denez, pilotan jokatzetik izerditan itzuli eta ur hotz-hotza edan ostean hil zen Felipe Ederra, 28 urte zituela7.

1 CABANÉS, Doctor. Costumbres íntimas del pasado. Ediciones Mercurio. Madril. 1928. 32 or.

2 DÍAZ-PLAJA, Fernando. La vida cotidiana en la España medieval. Edaf, S.A. Madril. 1995. 240 or.

3 JUSUÉ SIMONENA, Carmen. Palacio de Olite. Ediciones Leonesas, S.A. Leon. 2003. 27 or.

4 GARCÍA MERCADAL, J. Viajes de extranjeros por España y Portugal, desde los tiempos más remotos hasta comienzos del siglo XX. Junta de Castilla y León. Valladolid. 1999. I. lib. 46 or.

5 BOUZA, Fernando. Locos, enanos y hombres de placer en la Corte de los Austria. Ediciones Temas de Hoy, S.A. Madril. 1996. 138 or.

6 DÍAZ-PLAJA, Fernando. Op. Cit.

7 ESLAVA GALÁN, Juan. La vida y la época de los Reyes Católicos. Planeta, S.A. Bartzelona. 1998. 100 or.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen