Argazkia
Alberto González
Larruzko pilotak
2007  /  07  /  13-27
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak
 Prezioak


PROZESUAK

Latex likido apur bat kristalezko gainazal batean hedatzea eta lehortzen uztea da frontoirako pilota on bat egiteko lehen urratsa. Latex hori,“para” izenekoa, Brasiletik ekartzen da.

Solidotzen denean, latex-geruza mehe, malgu eta gardena lortzen da egunkari orri baten gainean. Horri esker latexa inolako arazorik gabe moztu ahal izango dugu zerrendetan.

Ezpelezko edo plastikozko bola bat erabiltzen da pilota egiteko. Nukleo horren gainean trinkoturiko latex-geruzak jartzen dira. Pilotaren amaierako pisuaren arabera –esku, pala edo zesta-punta modalitaterako izan aldatu egiten da–, oinarriak pisu jakin bat izango du. Barne-kanika batek eta latexak osaturiko nukleo horri “potro” edo “kiski” deitzen zaio eta okaran baten tamainakoa da.

Ileki birjinarekin hainbat buelta emanez osatzen da haren diametroa; ongi egokitzeko, ileki arinki bustia erabiltzen da. Mailu-kolpe batzuekin behar adina alditan tinkatzen da, pilotaren forma duen molde baten barruan.

Pilotaren dermisa kotoi hutsezko hari-geruza batekin dago egina, eta ondoren multzo osoari josita.

Azkenean, artisauak txantiloi bat erabiliz ahuntz-larruzko bi pieza mozten ditu zerra bidez (barruko aldea), eta kanpoko aldea (animaliak ilea duen aldea, “larru-gaina”) barrualdean geratzen da. Horrela egiten da forrua edo pilotaren kanpo-azala.

Gaur egun moda berria dago profesionalen artean, hau da, alderantziz egitekoa,“larru-gaina” kanpo aldera jartzekoa, pilotak irteera handiagoa izan dezan.

Larrua tinko josten da: ertzak moztu eta bi plantxa gogorren artean bira eginez berdindu egiten dira josturak. Horren ostean amaitutzat jo dezakegu pilota.

Pilotazale modalitate bakoitzak pilota mota desberdinak erabiltzen ditu: paletarekin jokatzekoa (50 gramo ingurukoa), esku-pilotarakoa (bitarteko pisua du) eta zesta-puntarakoa (125ekoa). Pilotan jokatzen ikasten ari direnentzako pilota egokiak ere egiten ditu Albertok, bai alebin edo infantil kategorietarako, bai jubeniletarako.

Bestalde, frontoi guztiak desberdinak direnez, eta kasu batzuetan horien arteko diferentziak handiak, pilota desberdinak behar dira: biziagoak edo ez hain biziak, edo zoruan gehiago edo gutxiago atxikitzen direnak. Horiek guztiak hartu behar ditu aintzat geure artisauak pilotak egiteko orduan.

Esku-pilotei (horiei soilik) koipe geruza bat ematen zaie justu partida hasi aurretik. Pilotak koipe gehiegi badu, toalla batekin kentzen zaio, bestela oso arin ibiliko baita pilota.

Kasu batzuetan, eta batez ere neguan, epel mantentzeko, zumezko sakitxo baten barruan kuxin elektriko batekin izan ohi dituzte profesionalen pilotak.

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen