Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioa |
PROZESUAK
Oinetako-konponketa
Bi lan-ildo daude: bata, askatu, apurtu edo desitxuratu den zerbait konpontzea eta, bestea, egokitzea. Hau da, zapatak bezeroaren beharrak bete behar ditu, bai takoiaren altuera aldatuta (moztuta, gehituta), bai indargetzea jarrita, bai juanikoteetara eta antzeko arazoetara egokituta, bai barne-zolak jarrita...
Horretarako gure artisauak hainbat makina moderno ditu, hala nola, hainbat tentsio-arrabol eta eskuila dituen “akaberako makina”, 2 motatako prentsak eta barrutik takoiak iltzatzeko makina. Gainerakoa eskuzko materiala da: oin-ingudea, belaunen artean jartzen dena, josteko egurrezko pintzak, hanken artean eusten zaienak, mailuak, xaflak, eskuilak, limak, kurrikak, botoi-zuloak jartzekoa, kurrika zulatzaileak, aliketak, hustekoa, desbiratzailea, arrabolak, erruletak, “hertzak estaltzeko burdinak”, eztena, orratzak, kalibreak, metroak, etab. Eta gai kontsumigarriak, hala nola, boxcalfa, cordobána, crupóna, scotchgraina, “larru garbia”, plastikoa, hariak, orkoiak (normalak, zabaltzaileak edo tenkatzaileak), lixak, kolak, argizariak, tinduak, zola, zoru-artekoa, takoiak, takoiaren kanpo-zorua, adabakiak, barne-zolak, sokak, oinpuntak, etab.
Giltzen kopiak
“Zerra-giltzen” (zerra-horzdunen) kopiak egiten ditu, eta segurtasun giltzak (puntuak dituztenak) ere bai. Horiek egiteko bi makina dauzka, lan bakoitzerako bat.
Gure artisauak giltza originala leku seguruan uzteko aholkatzen digu, eta kopia atera eta erabiltzea. Horrela, giltza apurtuz, galduz edo ostuz gero, originala izaten jarraituko dugu eta beste kopia bat egin ahal izango dugu. Izan ere, “kopien kopiak” eginez gero, azkenean arazoak emango digute giltzek.
Aipaturikoez gain, garajeko ateen urritiko kontrolak ere saltzen ditu.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria