Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak | |
Prezioak |
ARTISAUA
Lanz familiako errementarien laugarren belaunaldia da gutxienez Juan Ignacio Lanz. Herritarren artean “Lantx” izenez dira ezagunak.
Birraitona Lesakan jaioa zen, eta Kattalan ezizena zuen. Inguruko meatzarien erremintak konpontzen zituen, enkarguzko errementari-lanak egiteaz gain. Gazte hil zen.
Bere aitona Vicente Lanz Irigoyen ere Lesakakoa zen. Sunbillako eta Beran Sunbillako mehatzetan hasi zen lan egiten, eta ondoren tailer bat muntatu zuen, gaur egun Berako gure artisauak erabiltzen duena. Enkarguzko errementari-lan guztiez gain, nekazaritzako lanabesak konpontzen eta fabrikatzen espezializatu zen: aitzurrak, aizkorak eta, batez ere, egurrezko gurdien metalezko hagundun gurpilak egiten zituen, arotz batekin elkarlanean. Plazas etxean dagoen morroilo ikusgarria sortu zuen, baita Talletxe etxearen burdin sarea ere. Biak Beran daude eta diseinua Picassorena dela uste da. 1965ean hil zen 82 urte zituela.
Aita José Lanz Mikelestorenak, bere anaia Gregoriorekin batera, lanbide horretan jardun zuen. Hasieran kamioiak eta nekazaritzako makinak konpontzen zituzten, eta ondoren era guztietako errementari-lanak eta metalezko nekazaritzako gurdiak egiten hasi ziren, autoen gurpilak eta karraka-balaztak zituztenak. Udalerriko edateko ura zaintzeko ardura ere izan zuen, eta horretarako iturri eta ur-biltegiak ikuskatzen zituen. Erretiratu zenean metalaren artisautzan hasi zen lanean. Bere eskuz eginiko produktuak ikusi daitezke Berako parrokian: lanpara eta hori igotzeko eta jaisteko kontrapisu-tramankuluak, eta korura sartzeko burdin forjatuzko ate handia.
José Lanz Mikelestorena 1916an jaio eta 2002an hil zen.
Haren anaia Gregorio Lanz Mikelestorena tornulari oso ona izan zen Berako ALCO fabrikan, baita metalezko altzariak egiteko makinen egile ere.
Gure artisaua, Juan Ignacio Lanz Telletxea, Donostian jaio zen 1957an, eta 14 urte zituela hasi zen lanean, aitaren tailerrean.
1991tik ezkonduta dago eta 4 seme ditu. Bitxikeria gisa kontatu nahi dizuegu Irungo Kabigorri Antzerki Taldean –orain dela gutxi sortua– animatzaile eta antzerki-aktore gisa diharduela, bere sortzaile-etorriaren jarraipen gisara. Aurrez Berako Lamixenen lan egin zuen, Sergi Belbel-en Caricias obran eta berak sorturiko Lilien Lilua obran.
“Ttipa Ttapa” aldizkariaren sortzaileetako bat da.
“LANTX: BURNIGINTZA”
JUAN IGNACIO LANZ TELLETXEA
Eztegara, 1
31780 BERA / NAFARROA
Tel. 948 630 084 / 616 611 181
Web orria: www.myspace.com/lantx
Posta elektronikoa: juan_lanz@hotmail.com
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria