Argazkia
Koldo Salinas
Maisu Txokolategilea
2008  /  04  /  11-25
Egilea:  Antxon AGUIRRE SORONDO
 Sarrera
 Historia
 Artisaua
 Produktuak
 Prozesuak


ARTISAUA

Jose Salinas Ros, gure artisauaren aita, Bartzelonan jaio zen, 1911ko maiatzaren 28an. Mutiko zela, gozotegi batean sartu zuten gurasoek, ikastun lan egin zezan. 1946an, ezkondu berri zegoela, lanpostu bat eskaini zioten Donostiako Gayarre gozotegian. Hori dela-eta, Donostiara joan zen bere familiarekin. Gayarre gozotegian aritzeaz gain, beste bi gozotegitan egiten zuen lan aldi berean: Andia kaleko Thea Ron gozotegiko lantegian eta Valencianeta gozotegian. Bi-biak Gipuzkoako hiriburuan zeuden.

1949an, Luis Cuetok Brasil gozotegia ireki zuen Irunen. Lantegiko buru Jose zela inauguratu zuen. Gozotegiak kale berean jarraitzen du, Kolok ibilbideko 62. zenbakian. Lantegia, berriz, San Juan plazan zegoen. 1958an, gozotegia eta lantegia Joseren esku geratu ziren. Garai hartan, gozotegia eta kafetegia zituen.

Pilar Aragonekin ezkonduta zegoen, eta seme bat izan zuten, gaur hizpide dugun artisaua, alegia. Koldo Salinas Aragon Irunen jaio zen, 1949ko uztailaren 10ean. La Salle eskolan ikasi zuen eta, ondoren, aitaren agindutara hasi zen lanean, gozogintzako lantegian.

1977an, Brasil gozotegiko zuzendaritzaz arduratu zen.

Koldoren ilusio handia bonboiak egitea zen, baina aitak, ordea, ez zuen nahi. 1983an kafetegia kendu eta gozotegia soilik geratu zenean, bonboiak hasteko prozesuari ekin zion Koldok. Bestalde, garai berean, Juncal Cuevas ezagutu zuen, Biarritzen bonboiak bainatzen lanean urte asko emandakoa eta ordurako jubilatua. Juncalek bere burua eskaini zuen, Koldori prozesu hori irakasteko. Juncalek urtebete eman zuen gozotegian lanean, Koldori lanbidea irakasten. Garai hartan, eskuz egiten zen prozesu osoa. Orea jartzen zuten (orain bezala) eta estali egiten zuten, trufaz, esne-gainez, likorez, etab.

Garrantzitsuena –hots, aitaren ondoko eguneroko lana– alde batera utzita, zerrenda honetan laburbil dezakegu Koldo Salinasen prestakuntza:

* 1982: Gozogintza eta bonboigintzako ikastaroa Calgaryn (Kanada), Fritz Painsy eta Hans Uhlman maisu gozogileekin.

* 1984: Bonboigintzako ikastaroa Lenôtreko (Frantzia) eskolan, Gautheron-ek emana.

* 1988: Gozogintzako ikastaroa Libourne-n (Frantzia) Manuel Lopez Arroyo Relais Desserten maisu gozogilearekin.

* 1992: Gozogintzako ikastaroa Vendrell-en (Tarragona), Frederic Beau maisu gozogilearekin.

* 1992: Gozogintzako ikastaroa Pierre Hermé maisu gozogile frantsesarekin (Parisko Franchon etxeko arduraduna).

* 1992: Bonboigintzako ikastaroa Parisko Cacao Barry eskolan, Philippe Urraca maisuarekin.

Besteak beste, sari hauek jaso ditu:

· 1990: Erakusleihoen 1. Cointrau saria, Espainiako estatuaren mailan.

· 1991: Trufak dastatzearen 1. saria. Pralinak dastatzearen 1. saria. Jean Marie Sibelaner sari nazionala, Gasteizen.

· 1993: Mazapan-bonboiaren 1. saria. Espezialitateen 1. saria. Estiloaren 1. saria. II Festival International du chocolat delakoan, Annencyn.

· 1993: Zaldun honoris causa, Frantziako Txokolatearen ermandadearen aldetik.

· 1994: Armagnac-bonboiaren 1. saria. Beira-arasaren aurkezpenaren 1. saria, Mont de Marsanen.

· 1995: Excellence saria. Diseinuaren 1. saria. Atzerriko bonboigilerik onenaren 1. saria, III Festival International du chocolat delakoan, Auxerren.

· 1995: Beira-arasaren aurkezpenaren 1. saria, Mont de Marsanen.

· 1998: Excellence saria, VI Festival International du chocolat delakoan, Roanne-n.

· Irungo Izokinaren Kofradiako ohorezko kofradiakidea (1995-06-11).

· Confradie International de Chevaliers de la Brouete delakoaren kofradiakidea.

· FECOGAko (Gastronomiako Kofradien Federazioa) ohorezko kofradiakidea.

1971n, Soledad Agirrerekin ezkondu zen. Bi seme-alaba dituzte: Unai, 1972an jaioa, eta Maider, 1975ean jaioa.

Koldo Salinas Aragon
BRASIL GOZOTEGIA
IRUNEN BONBOIAK
Kolon ibilbidea 62
20301 IRUN
Tel. eta Fax.: 943 615 079

Zure iritzia / Su opinión
euskonews@euskonews.com
Bilaketa

Bilaketa aurreratua

Parte hartu!
 

Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!

Artetsu Saria 2005
 
Eusko Ikaskuntza

Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

Buber Saria 2003
 
Euskonews & Media

On line komunikabide onenari Buber Saria 2003

Argia Saria 1999
 
Euskonews & Media

Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

 Galeria
Bilatu Euskonewsen