Sarrera | |
Historia | |
Artisaua | |
Produktuak | |
Prozesuak |
PROZESUA
Ez ditu tresna asko erabiltzen:
Bere lanerako gaztainondo-andui zuzenak aukeratu eta ilbeheran mozten ditu beti (ez hasieran ez amaieran, beheraldia hastean), urtarrilean eta otsailean ahal izanez gero. 6 eta 7 urte inguruko anduiak dira. 1 ½ hektareako mendi batetik 5.000 kilo egur inguru ateratzen ditu, eta makila bakoitzak 4 eta 5 kilo bitartean pisatzen duenez, mila makila lortzen ditu gutxi gorabehera.
Makilak moztu eta hilabetez lan egin daiteke horiekin. Lan luzeagotarako “putzuratu” egin behar dira, hau da, putzu batean sartu, artisauaren tailerretik gertu beti. Makilak hor egongo dira saskigileak behar dituen arte. Hasieran, pisua (harriak) jarri behar zaie gainean, ez azaleratzeko, eta behin ura hartuz gero, ez dute flotatzen. Artisauak zura “egonkortu” esaten dio ekintza horri.
Zura, bi urtez egon daiteke horrela putzuan, baina mozten den urte berean erabiltzea gomendatzen dute.
Putzua erreka baten ondoan egon ohi da, eta urtean behin, kargatzean, zura sartzean, ura aldatzen da.
Makilak behar ditugunean, uretatik atera eta ordu betez labean sartuko ditugu su bizian ura gal dezaten, baina ez guztiz, pixka bat bustita egon behar baitute landu ahal izateko. Labea ogia egiteko erabiltzen denaren antzekoa da —batzuetan, labe berdina erabiltzen zuten bi gauzetarako—, eta artisauaren langelan dago.
Bere lanetik ateratzen ditu labea berotzeko behar diren ezpal eta txirbilak. Makila batzuk labean dauden bitartean, beste batzuk aho ondoan jartzen ditu zutik, bertikalki, labean sartu aurretik jada hezetasuna galtzen joan daitezen.
Iñakik bi labealdi egiten ditu astean, eta 15 eta 20 makila bitartean prestatzen ditu bakoitzean.
Zura malguago izateko “egosten” da, eta horrek lana errazten du.
Jarraian, tirak ateratzen ditu, hau da, anduia, makila, tira lauetan itxuraldatzen. Ganibet txikiarekin eta matxetearekin tirak irekitzen ditu, eta bere esku eta hankekin ateratzen.
Bankuan jarri eta “aziak” (ganibet txikia edo saskigilearen marrusketa) deiturikoaren laguntzarekin, eskuz leuntzen ditu zintak, azala guztiz homogeneoa geratu arte. Lehenbizi, pisu gehien jasango duen oinarria korapilatuko du, eta beraz, horko tirak lodiagoak eta handiagoak izango dira, eta ondoren, aldeetakoak egingo ditu. Bukatzeko, saskiari indargarri bat jarriko dio inguru osoan.
Batzuetan, segidak egiten ditu denbora aurrezteko, hau da, egun batean saskien oinarriak besterik ez ditu egiten; beste egun batean atalak burutzen ditu, eta abar. Horrelakoetan, hurrengo egunean lanean jarraitu behar duenean, landuko dituen atalak bustiko ditu aldez aurretik, lantzeko behar bezain malgu egon daitezen.
Saskiaren eskulekua ere adarrarekin egiten da, eta muturrak punta metaliko pare batekin eusten dira.
Euskonewsen parte hartu nahi duzu? Bidali gaietarako zure proposamenak!
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria