Antxon AGUIRRE SORONDO
Pedro Mari Arreitunandia Osa
San Agustín kalea, 4-A, 3.
20830 MUTRIKU / GIPUZKOA
Tel. 943 60 43 48
Eskopeta finaren mundua aurrez atal honetan jorratu dugu jada. Gogora ditzagun Vicente Alberdi (EUSKONEWS 433. zk.) eta Salvador Sánchez (EUSKONEWS 439. zk.) grabatzaileak eta María Asunción Nogués damaskinaria (EUSKONEWS 449. zk.).
Gaur beste artisau grabatzaile bat dakargu, Pedro Mari Arreitunandia Osa. Geroago ikusiko dugun legez, bere alorrean entzute handikoa.
Bere aita Pedrok, lanbidez marinela, eta ama Milagrosek bi seme izan zituzten: Patxi, 1945ean jaioa, eta gure artisau Pedro Mari, 1948ko urtarrilaren 15ean jaioa, biak Mutrikun.
Pedro Mari, tokiko eskolan ikasketak egin ostean, 14 urterekin grabatuaren alorreko ikasketak egiten hasi zen Eibarren. Hasieran Luis Bergara Kamiño izan zuen maisu, eta geroago Gregorio Muguerza eibartarra, “Goyo”, bere benetako maisutzat duena.
Ikasketa horiek egiten zituen aldi berean, marrazketa-eskoletara joaten zen, Lucas Alberdi eta Marcano izeneko bat maisu zituela.
7 urtez ikasten jardun ostean, 21 urte zituela, Gaspar Arizagaren eskopeten tailerrean hasi zen grabatzaile gisa lanean. Handik bi urtera, GARBI armen fabrikan lan egiteari ekin zion. Bertan 25 urte igaro zituen lanean eskopeta paralelo finen grabatzaile gisa. Enpresa horretatik Elgoibarko KEMEN enpresara joan zen, eta bertan jarraitzen du.
Bere etxean ere tailer bat du. Bertan, berak dioen moduan “bere kapritxoak” eginez entretenitzen da.
Pedro Mari 1970ean ezkondu zen María Josefa Gilekin eta bi alaba ditu: Idoya (1971n jaioa) eta Ibana (1976an jaioa). Lehenak bi iloba oparitu dizkie, eta bigarrenak bat.
Cesare Giovanelli eta Giacomo Fausti y Timpiniren eskola-tailerrean ikasteko Italiara joan zen 1971n, eta han egon zen urtebetez. Pedro Marik dionez, bertan ikasi zuen benetan zer den grabatzea, batez ere “eskuzko” modalitatean –hemen “eskuaire” deitzen zaio–. Teknika horretan italiarrak maisu dira.
Pedro Marik itzultzean proposaturiko aldaketetara egokitzea zail egin zitzaion enpresari. Halere, aurrerago, eskopetetan “italiar estiloa” erabiltzeko aukera eman zioten KEMEN enpresan. Hortik aurrera, lanen % 30 burilarekin egiten ditu, eta % 70 “eskuaire” sistemarekin.
2007 urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak Artisau Maisu titulua eman zion.
Batez ere eskopeta paraleloak eta gainjarriak, baita errifleak ere, egin izan ditu bere lan-bizitzan zehar.
Bitxitegientzako honako lana hauek ere egin izan ditu: armarriak, zigiluak, medailak, eskumuturrekoak, erretiluak, kutxak, etab.
Pertsona famatuentzako eta politikoentzako produktuak egin ditu: Errege Etxearentzat, Bruneiko Sultanarentzat, Qatarko Al-Thani Kalifarentzat, Alberto de Alcocer Torrarentzat eta abarrentzat.
Elvis Presleyren grabatuarekin hiru eskopeta egin ditu, eta orain telebistako marrazki bizidunak dituen beste eskopeta batekin ari da lanean. Batzuek beren seme-alaben argazkiak grabatzea ere eskatzen diote; baina, txakurrak eta ehizatzen diren animaliak, hegaztiak, oreinak, etab. eskatzea da ohikoena.
Azoka askotan egon da, besteak beste, Amerikako Estatu Batuetan, Australian, Portugalen, Norvegian, Alemanian eta Italian, baina beti armen edo kirolen sektoreari zuzendurikoetan.
2003ko azaroko TIRO y CAZA aldizkariko artikulu luze batek, A. Solak sinatuak, “artisauen katedraduna” dela dio. Gainera, honako hau ere eransten du: haren obrek munduko beste edozein eskopetari ez diotela inolako inbidiarik eta haren eskuek ez dituztela artisau-produktu arruntak egiten, baizik eta benetako arte-lanak. Artikuluak amaieran honako hau dio: “Zoritxarrez gero eta gizon eta emakume gutxiago daude prest beren bizitzako urterik onenak hain lanbide miresgarria ikasten sakrifikatzeko”.
Artisau-grabatua hizpide dugunez, jakizue lanbide horretan ez dela inolako prozesu mekanizaturik erabiltzen.
Grabatzeko moduagatik bi teknika edo modu daudela esan daiteke:
A. Burilaz eta mailuaz, euskaraz “burila”.
B. Eskuz, euskaraz “eskuaire” eta italiarrez “bulino”.
Lehenengo teknikarekin, artisauak “grabatzaile-mailua” izeneko mailu txiki batez burila jotzen du golpe txiki eta arinekin, burilak metalari hozka egiteko.
Burilak altzairu onekoak dira, eta orokorrean artisauak berak fabrikatzen ditu. Grabatzaile-mailua txikia da, eta horrekin golpe txiki eta errepikakorrak ematen dira.
Bigarren kasuan, artisauak bulinoaz bere eskuen indarra baino ez du erabiltzen. Lan mota horretarako grabatzaileak lupaz baliatzen dira.
Marrazki motei dagokienez, orokorrean askotarikoak eta anitzak dira grabatzen diren arabeskoak. Interesgarria da jakitea munduan eskopeta finak fabrikatzen dituzten etxe garrantzitsuenek beren marrazkiak sortu zituztela, eta gaur egun mundu osora hedatu diren arren, fabrikante horien izenaz ezagutzen direla. Esaterako:
A. Grabatu ingeles fina, edo “escrol”, PURDEY era (markaren izena). Marrazki txiki aniztunez egiten da.
B. HOLLAN (eskopeta-marka) erako grabatua, “purdey”-ren antzekoak baina marrazki handitxoagoez.
Ostean, eskopetari urrea emateko edo damaskinatuak egiteko aukera dago.
Lan-prozesuari dagokionez, oso erraza da. Behin grabatzaileari bezeroaren nahia azaldu ostean, eskopetan irudikatu nahi den marrazkia paperean eta eskalan marrazten da. Ondoren, kalko baten eta lapitz koipetsu baten bidez metalera eramaten da eta markagailu fin batez silueta markatzen da piezan. Horrela, egin beharreko marrazkiaren eremu nagusiak finkatzen dira, ondoren grabatzeari (grabatzailearen argotean “ebakitzeko” prozesuari) ekiteko, “burilaz eta mailuz” nahiz “eskuairez”. Askotan eskopeta batek bi teknikez eginiko grabatuak izan ditzake, baita estilo askotarikoak ere.
Grabatzen amaitzean, pieza gainetik olioz bustitako lixa oso fin bat pasatzen da, geratzen diren lazguneek eta bizarrek arazorik sortu ez dezaten eskua gainetik pasatzean. Horren ostean, pieza kromatu egiten da. Prozesu horren bidez marrazkiaren ondoak beltz kolorea hartzen eta erliebe osoa nabarmentzen du, eta amaierako patina ederra ematen dio.
Gaur egun badira titaniozko kaxekin egiten diren eskopetak, gutxiago pisatzen dutenak.
Eskopeta fin batek, hau da, kalitatezko batek, 200 ordu inguruko lana du grabatzen. Interesgarria da ikustea nola Pedro Marik egin beharreko lana ikustean automatikoki badakien zenbat ordu behar izango dituen lan hori burutzeko. Hori dela eta, bertan momentuan errealitateari loturiko aurrekontua egin dezake. Egia da ere, modelo jakin bat eskatzen diotenean, askatasun osoko (bere irizpidearen edo gogoaren araberako) lan bat egiten baino denbora gehiago behar izaten duela grabatu hori egiteko.
Pedro Mari dioen moduan, “grabatu-lan on bat egiteko batez ere behar-beharrezkoak dira: pazientzia, gustua eta marrazten jakitea”.