Hartea
Harrilanak

Antxon AGUIRRE SORONDO

HARTEA: HARRI LANAK
Joseba Lekuona
Imarkoain bidea, z/g. 5. Etxabea.
NOAIN / NAFARROA
Tel.: 628 55 23 00
Posta elektronikoa: info@hartea.net
Web orria: www.hartea.net

Sarrera

Orain arte, atal honetan, harria lantzen duten honako artisau hauen fitxak argitaratu ditugu:

· Bernart Vidal (EUSKONEWS 181. zk.).
· Cesáreo Soule (EUSKONEWS 191. zk.).
· Manuel Llandera (EUSKONEWS 315. zk.).
· David Duffy (EUSKONEWS 407. zk.).

Lau kasu horietan harria “zizelatzen” duten artisauez hitz egin genuen, hots, letrak, marrazkiak, armarriak eta antzeko elementuak gehienetan erliebe baxuan edo ertainean egiten dituztenez.

Gaur hona ekarri dugun artisaua oso bestelakoa da, “harriarekin lan egiten duen” artisaua baita; hots, harriarekin zerikusia duen guztia lantzen du, era zabalean HARGINTZA esan ohi zaion lanbidean. Zizelatze-lanak ez ezik, harrizko eraikinak berritu eta eraiki ere egiten ditu.

Adibide modura edo, esan dezagun, aurreko lauak “mediku espezialistak” ziren bitartean, oraingoa “orotariko medikua” dela.

Joseba Lekuona artisauaz ari gara, harria ondo asko “ezagutzen” duen gizonaz; are gehiago, material horren zale porrokatua dela ere esango nuke. Oso gogoko du harrien kalitateari, gogortasunari edota egiturari buruzko ikerketak egin eta harriak era guztietan erabiltzea, modu erabilgarrian (iturriak, eserlekuak, etxeak,…) edo artistikoan (kapitelak, armarriak,…).

Artisaua

Joseba Lekuona Yaben Iruñean jaio zen 1972ko azaroaren 8an. José Luís Lecuona eta María Teresa Yaben senar-emazteen hirugarren eta azken semea izan zen. Aita merkataritza-saltzaile izan zen.

Lehen ikasketak eta batxilergoa amaitu ondoren, Lanbide Heziketa ikastea erabaki zuen, Mekanika alorrean. 1991n Lantegi Eskolako Hargintza sailera igaro, eta, bi urtez hargintza ikasten aritu ostean, bere kontura hasi zen lanean. Hurrengo urtean, eskola hartako irakasle izatea eskaini zioten, eta bost urtez Hargintza saileko irakasle eta arduradun izan zen.

Esperientzia horren ondoren, bere hastapeneko lanera itzuli zen hargin modura, lankide batekin 2006. urtera arte eta bakarrik harrezkeroztik.

Duela hamar urtez geroztik, tailerra du Noainen.

Urtean hiruzpalau artisautza-azokatara joaten da.

Produktuak

Harria oinarrizko elementu izatea eskatzen duen edozein eremutan lan egiten du. Hona hemen bere lanaren sailkapena:

1.- Eraikinak:

· Harrizko hormak dituzten etxebizitza berriak egin ditu Ilurdotzen, Lerrutzen, Mañerun, Garinoainen, Eritzebeitin...

· Harrizko elementuak berriztatu eta berregin ditu, hala nola, Leiungo Erdi Aroko dorrea, etxe gotiko baten aurrealdea Biurrunen, etxe modernista Iruñeko San Nikolas plazan, Tuterako domingotarren komentua etab.

· Harrizko elementu arkitektonikoak: Ardanazko iturria, askaldegiak, garajeak, gas-biltegiak ezkutatzeko esparruak eta harrizko eserlekuak, besteak beste.

2.- Elementuak:

· Zaharberritze-lanak: La Oliva monasterioko harburuak (Zarrakaztelu); Lukingo eliza neoklasikoko kapitelak; Tolosako San Nikolas elizako harroina; Nafarroako Artxibo Nagusiko armarria; Iruñeko Foru monumentuak; Nafarroako hiriburuko Sarasate pasealekuko edo udaletxeko fatxadako eskulturak; Sarasateren monumentuan burututako lana etab.

· Azotzerako egin zuenaren tankerako ur bedeinkatu ontziak, eta harraska berria Iruñeko Kontzeju Plazako Luis Paret iturrian.

· Aralarko San Migelen irudiak etxeetako aurrealde eta atalburuetarako.

· Oroitzapenezko monolitoak (Arruazun, Satrustegiren ohorez).

· Etxeen izenak, logotipoak... dituzten errotuluak.

· Armarriak (Orkoiengo udala, Oltzakoa, hainbat etxeetakoak) eta elkarteetako logotipoak (Muthiko Alaiak elkartea, Iruñea).

· Hilarriak, plakak, edo hilobietako bestelako monumentuak.

· Opariak: erlojuak, garaikurrak.

Eskultore askorekin lan egin du eta bere obrak hauenekin batera erakutsi ditu hainat erakusketetan.

Lan prozesuak

Hargin-lanbiderako bi gauza behar izaten dira: alde batetik, artisauak gogoko ez ezik, izugarri gogoko ere izan behar du lanbidea; eta, bestetik, “nola” lan egin (teknikak) jakiteaz gain, “zer” erabiltzen duen ere (harria) ondo asko ezagutu behar du.

Harri mota eta kasu bakoitzean izango duten jokamoldea bereizten jakin behar du. Lan bat hasi eta uste ez zituen barne-zainak agertzen badira, amaieran lan guztia hondatzeko arriskua izan dezake, eta ezin liteke horretara ausartu.

Harri bakoitzak bere kolorea izaten du, eta kolore hori aldatu egiten da harria mendian ateratzen dutenetik dagokion obran amaitu arte; lehortuta edo bustirik egonda ere, kolorea ez da izaten berdina. Erabilitako tresnen arabera, berriz, harriaren egiturak eta jokamoldeak oso desberdinak izaten dira. Hargin-maisuak hori guztia jakin behar du.

Egin behar duen lanaren arabera, Josebak era askotako harriak erabiltzen ditu.

Artisauak lana marraztu, aztertu eta aurrekontua prestaturik duenean, bezeroarekin hitz egin eta, dagozkion aldaketak adostu ondoren, zizelatze-lanak hasten dira.

Lehendabizi, materiala atera eta prestatu egin beharko da; horretarako, honako tresna hauek erabiliko ditugu:

Mazoa: bi eskuekin erabiltzen den mailu handia.

Taiela: aurrekoaren antzekoa, baina amaieran, indar guztia zati txiki batean biltzea ahalbidetzeko, zirkulu txiki bat duena.

Gero arbastatu egingo dugu, honako tresna hauek erabiliz (bi eskuekin):

Harri-mailua: 3 edo 6 kilokoa izan daitekeen arbastatze-mailu gisa.

Pikoia edo arbastatze-pika: aurrekoaren antzekoa, baina bi muturretan punta bana dituena.

Harmailua: aizkora modukoa, aho bertikala duena.

Pikatxoia: aurrekoaren antzekoa, baina aho horizontala duena.

Orain xehetasunekin hasiko gara. Horretarako, mailuaz joko ditugun hainbat tresna erabiliko ditugu (esku batean tresna eta bestean mailua ditugula):

Mazotxoa: kanpai-itxura duelako, “kanpai” motakoa esan ohi zaion mailu modukoa. Lan-prozesuaren amaieran erabiltzen da, lan finagoetarako eta xehetasunetarako.

Berdingailua: arbastatze handienetarako tresna, aho zabaleko zizel modukoa. Hainbat zabalera izan ohi ditu.

Zizel puntazorrotza: era berdinagoan arbastatzen du. Zabalera desberdinetako ahoak izaten ditu.

Zizel horzduna: era askotako hainbat hortz (3, 5, 7) dituen tresna.

Zizela: mazotxoarekin erabiltzen da, zizel horzdunaren arrastoak desagerrarazteko.

Zizel guztiak azokan erosten ditu, eta lidiazko muturrak izan ohi dituzte.

Orain eremu handiak edo barrenak lantzeko garaia izango da, bi eskuekin eragindako tresnak erabiliz.

Harmailu zatitzailea: leuna edo horzduna izan daitekeen aizkora moduko tresna, behin eta berriz kolpeak joz barrena itxuratzeko erabiltzen dena.

Buxarda: hainbat hortz dituen mailu moduko tresna. Badira hortz trukagarriak dituzten buxardak ere, puntu gehiagoko edo gutxiagoko barrenak egin ahal izateko.

Leuntzeko harria: kanpoaldea edo azala berdintzeko.

Mailu pneumatikoaz eta, hala behar denean, trontza elektrikoaz ere baliatzen da.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media