Prezioak

Pieza bakarrak egiten dituenez, produktuek normalean prezio desberdinak izaten dituzte.

Argibide gisa, honako hauek aipa ditzakegu:

· Eskumuturretakoak, 15 eurotik gora.
· Diru-zorroak, 17 eurotik gora.
· Gerrikoak, 25 eurotik gora.
· Gerriko poltsak, 25 eurotik gora.
· Poltsak, 25 eurotik gora.
· Beste batzuk.

Sergio Gomara
Larrukigintza

Antxon AGUIRRE SORONDO

SERGIO GOMARA
Corralazos kalea, 11
31520 CASCANTE / NAFARROA
Telefonoa: 948 85 16 01
Posta elektronikoa: info@sergiogomara.com
Web-orrialdea: www.sergiogomara.com

Segio Gomara

Sarrera

Larrukigintzari lotutako lanbideetan diharduten hainbat artisau ekarri izan ditugu EUSKONEWSera (241, 491, 495 eta 505. zenbakietan).

Esan beharra dago horietako bakoitzak lan egiteko modu berezia duela. Gaur Sergio Gomara izango dugu hizpide. Geroago ikusiko dugun legez, jarduera horretako produktu guztiak ekoizten baditu ere, bere benetako espezialitatea poltsak dira.

Urteotan aipatu ditugun artisauek hainbat motatako poltsak egiten dituzte. Batzuk informalak dira, beste batzuk larru lodiz egindakoak, originalak… Sergio Gomara “modako poltsen” egilea dela esango genuke. Izan ere, aurkezten ari garen artisaua urtero poltsa bilduma esklusiboa eskaintzeko gauza da, goi-mailako joskintza-lantegien antzo.

Segio Gomara

Artisaua

1967ko abuztuaren 27an jaio zen, Donostian. 1980an, zeramika eta buztingintza ikasteko hainbat ikastaro egin zituen Errenteriako (Gipuzkoa) Xenpelar Kultura Etxean. Ondoren, buztingintzako piezak ekoizten eta saltzen hasi zen. Azkar ohartu zen larruzko produktuak errazago merkaturatzen zirela; hortaz, larrukigintzari ekin zion, lanbidea bere kabuz ikasita.

1984an, larrua grabatu eta bozeltzeko ikastaroa egin zuen Xenpelar zentroan, eta 1987an erabat ziharduen larrukigintzako produktuak sortzen eta saltzen.

1991ean, bere amonak Cascanten zuen etxea konpondu zuen, aurri-egoeran baitzegoen, eta bertan jarri zuen bere lantegia.

Jarduera horri buruzko ikastaro batzuk eman ditu Espinosa de los Monteros herrian (Burgos).

Ezkondua da eta ez du seme-alabarik.

Madrileko IFEMAko Bisutec azoka nazionalera joan ohi da.

Gipuzkoako LUR eta Nafarroako NAPARLUR artisau-taldeetako kidea da.

Segio Gomara

Produktuak

Askotariko produktuak ekoizten baditu ere, denbora gehien poltsak egiten ematen duela aipatu beharra dago. Esan dugun bezala, bilduma berri bat ateratzen du urtero, diru-zorroak, gerrikoak, giltzarriak, eskumuturrekoak, gerriko poltsak eta abar egiteaz gain.

Dibertsitatea bere obsesioetako bat da, hau da, askotariko piezak egitea.

Produktuak azoka eta hainbat saltokitan saltzen ditu, Madrilen, Segovian, Toledon, Donostian edo Tolosan kasu, baita Portugalen eta Italian ere.

Haren web-orrialdeen bidez (www.sergiogomara.com eta www.sgdcalle.com) ere eros daitezke produktuak.

Enpresa-oparietarako serie txiki batzuk ere egin ditu.

Segio Gomara

Prozesuak

Sergiok berdin-berdin lantzen ditu taninoen bidez ondurako larruak, “landare-larru” deiturikoak, zein kromoaren bidez landutakoak, hots, “larru kimiko” deritzenak. Lehenengoak pieza lodiagoak edo tindatu behar ez direnak egiteko erabiltzen dira eta bigarrenak gainerako produktuetan.

Sergiok berak tindatzen ditu piezak eta, behar izanez gero, bozeldu ere egiten ditu. Gogoratu beharra dago bozelketa larrukian erliebeak egitean datzala.

Gure artisauak erabiltzen dituen tresnak, berriz, lanbide horretako ohikoak dira: artaziak, eztenak, puska-kentzaileak, askotariko orratzak, titareak, bozeltzeko tresnak, erregelak, uhal-ebakitzaileak, ertz-ebakitzaileak, trokelak, mailuak, aliketak, ebakigailuak, kuterrak eta abar.

Era berean, bere lanerako hainbat material erabiltzen ditu: haria, argizaria duen haria, argizaria, kolak, tipula-papera, kartoi meheak, lixak, kortxozko oinarria, koloretako tintak, arkatza, errematxeak eta bestelako osagaiak, hala nola, ixteko gailuak, belarriak, etab.

Lan egiteko zenbait makina ere baditu: zizaila, josteko makina, errematxatzeko makina eta abar.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media