Prezioak

Lanaren ezaugarriak direla eta, enkarguen prezioa aurrekontuaren araberakoa izaten da. Dena den, egindako piezak ere saltzen ditu tailerrean, adibidez:

- 25 - 150 € arteko apaingarriak.

- 75 - 200 € arteko aldabak.

- 80 €-tik gorako pareta-argiak.

- Etab.

César Alcoz
Forjaketa artistikoa eta berriztapena

Antxon AGUIRRE SORONDO

César Alcoz
Kareaga industrialdea II, 42. zk.
48270 MARKINA-XEMEIN (BIZKAIA)
Tel. / Faxa: 94 616 00 77
Posta elektronikoa: cesaralcozforja@arbaso.com

César Alcoz

Sarrera

EUSKONEWSeko 186. zenbakian, Pedro Zapata artisau forjariaz mintzatu ginen. Arizkuneko (Nafarroako) semea da Pedro Zapata. Sarreran, bide batez, forjariak euskal mitologian nola azaltzen diren aztertu genuen. EUSKONEWSeko 427. zenbakian, Juan Ignacio Lanz Telletxea artisau beratarraren (Nafarroa) fitxa argitaratzeaz gain, mitologia unibertsalaren xehetasunak azaldu genituen. Azkenik, EUSKONEWSeko 453. zenbakian, Óscar Abaden (Ttakun-Ttakun) lanaren nondik norakoak adierazi eta burdinolei, industria aurreko gure lantegiei, buruzko datu historikoak eman genituen.

Gaurkoan, beste artisau edo maisu forjari batez hitz egingo dizuegu. César Alcoz, Markina-Xemeingoa (Bizkaia), benetako aditua da arte horretan; izan ere, “burdinaren eskultore” deituko nioke.

Artisaua

César Alcoz

César Alcoz San Martín Lizarran (Nafarroan) jaio zen, 1969an. José María (1935ean jaioa) zuen aita, eta Sagrario San Martín ama.

Aita errementaria zen. Tailerra zuen Urbiolan, Lizarratik gertu, anaiekin batera. Anaiek, ordea, bertan lan egiteari utzi zioten gutxika, eta, azkenean, Jose María bakarrik geratu zen. 5 seme-alaba zituen, 4 mutil eta neska 1, eta seme guztiak aitari laguntzen hasi ziren forjaketa-lanetan.

Gure gaurko artisauak, Césarrek, oinarrizko ikasketak burutu ondoren, Lanbide Hezkuntza egin zuen, industria-mantentzearen alorrean, bere jaioterrian. Gero, aitarekin hasi zen lanean.

Forjaketa garaikideko adituentzako bi uda-ikastaro egin ditu Leongo Ofizioen Etxean, eta brontze-galdaketari buruzko ikastaro bat Debako Eskolan (Gipuzkoa). Aipatutako bi uda-ikastaroak Gabriele Curtolok, Veneziako (Italia) Eskolako irakasleak, eman zituen.

Bestalde, forjaketari buruzko nazioarteko biltzar batean parte hartu zuen. Bi urtetik behin egin ohi da Stian (Italia), Veneziatik hurbil.

Halaber, Espainiako hainbat udaletan (Bartzelonan, Galizian...) txandaka antolatzen diren artisau forjarien bileretara ere joaten da.

2004an Markina-Xemeinen, bere emazte Elenaren jaioterrian, finkatu zen. Forjaketa-tailerra ireki zuen Gizaburuagan (Bizkaia), eta, 2008an, egungo kokalekura eraman zuen.

Arbasoko artisau-elkarteko kidea da.

Produktuak

Césarren eskuek ezin konta ahala elementu sortzen dituzten arren, erakusketa ikusiz gero, denak lan orijinalak direla egiaztatuko dugu, ia ezinezkoa baita bi pieza berdin aurkitzea.

Honako lan hauek egiten ditu, besteak beste: apaingarriak, aldabak, pareta-argiak, atrilak, balkoiak, aulkiak, bisagrak, botilategiak, ohe-buruak, mahaierdikoak, iltzeak, eguzki-loreak, lanparak (era eta tamaina guztietakoak), apalak, ispilu-markoak, mahaiak, suburdinak, kako-altzariak, txaletetarako ateak, leihoetarako burdin hesiak, liburu-euskarriak, kandela-oinarriak, eserlekuak eta haize-orratzak.

César Alcoz

Beste alderdi bat ere jorratzen du: berriztapen-lanak, are garrantzitsuagoak, nire ustez. Askotan, burdin hesiak, balkoiak edo antzeko osagaiak eramaten dizkiote, berrizta ditzan. Batzuetan, piezak garbitu eta muntatu egin behar izaten ditu; beste batzuetan, garbitu eta osatu. Zenbaitetan, atalen bat berregitea egokitzen zaio, jatorrizko itxura emateko. Horretarako, antzinako materialak eta forjaketa-teknikak zehatz-mehatz ezagutu behar dira, eta, noski, funtsezkoa da gustu ona eta gauzak moldez egiteko gaitasuna izatea.

Hona hemen gure gaurko artisauak egindako berriztapen-lan batzuk:

- Lekeition, Sosoaga jauregiko balkoiak.

- Orozkon, Bengoa jauregiko burdin hesiak eta balkoiak.

- Era guztietako burdinazko piezak (bisagrak, iltzeak, morroiloak, aldabak...) berriztatu, berreskuratu eta berregin ditu eliza ugaritako ateetarako.

Produktuak tailerrera joaten dien partikularrei saltzen dizkie nagusiki, eta artisautza tradizionalaren edo burdinaren inguruko zenbait azoka berezitara ere joaten da. Artisautza-azoka orokorrak ez ditu gogoko, “edozer saltzen delako”

Oro har, artisautza-azoketan pieza txikiak saltzen ditu: liburu-euskarriak, apaingarriak, etab. Altzari handiagoak nahi dituzten bezeroak tailerrera joaten dira, eta, Césarrekin batera, kasuan kasuko enkargua aztertzen dute. Bezeroari tailerreko zerbait gustatzen bazaio, artisauak piezari moldaketa-lanak egiten dizkio, bezeroak nahi dituen ezaugarriak edo tamaina emateko. Bestela, diseinatu, aurrekontua finkatu eta sortu egiten du. 

Prozesua

Gehienetan, burdina gozoa erabiltzen du, F-112 edo F-116 izenekoa, eta, batzuetan, eraitsitako eraikin zaharretako burdina. Bigarrenari dagokionez, Lizarra aldeko lagunek ematen diote horrelako materiala erosteko aukeren berri, baina normalean burdinaren kalitatea txarragoa izaten da, eta gehiago kostatzen zaio lantzea.

Behin elementua diseinatutakoan, lehengaia prestatzeari ekiten dio, xafla, haga, hagatxoak edo dena delakoa zatituz.

César Alcoz

Errementariaren funtsezko lehen zeregina lehengaia, burdin metal gogorra, elementu moldagarri bihurtzea izaten da. Horretarako, burdina goritu edo berotu egin behar izaten da, biguntzeko, sutegiaz eta egur-ikatzaz baliatuta. Césarrek propano gasa erabiltzen du, azkarragoa eta garbiagoa iruditzen zaiolako eta metalaren tenperatura hobeto kontrolatzen duelako. 

Errementariak koloreari erreparatzen dio metala noiz bigundu den jakiteko, eta, prest dagoenean, moldatzen hasten da, gabiarekin edo ingudearekin. Beharrezkoa bada, pieza berriz berotzen du.

Hurrengo urratsa objektuaren piezak edo atalak itsastea izaten da, galdaketa, soldadura, torloju edo errematxe bidez, beharraren arabera.

Pieza bukatu ondoren, argizari-geruza eransten zaio, itxura distiratsu erakargarria izan dezan. Kanpoaldeko piezei berniz iragazgaitza ere ematen zaie, ez ugertzeko. Beharrezkoa ez bada, ez zaio gustatzen burdina pintatzea eta berezko kolorea ezkutatzea.

Tailerrean lanabes guztiak ditu: zinta-zerra, metalezko trontzatzeko makina, mahai gaineko zulagailua, esmerilagailu elektrikoa, soldagailua, propano gasezko sutegia, ingudeak, erauzgailuak, gabi pneumatiko txiki bat, konprimagailua, polipastoa, etab. Horiez guztiez gain, mailuak, kurrikak, taielak, puntzoiak eta beharrezko gainerako erremintak ditu. 

Césarren zehaztasunak atentzioa ematen dit. Tailerra oso argitsua, garbia eta txukuna da, eta lanabes bakoitza bere tokian dago. Ezaugarri duen perfekzio-nahia lanean eta tailerrean ere islatzen du.

Irakurleen iritziak:

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media