Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Politika EAE-ko herritarren eguneroko bizitzan

EAEko herritarrek gero eta interes gutxiago dute politikaz. Hori dio behintzat Euskal Soziometroak.

Euskal Soziometroa Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak urtean hirutan egiten duen ikerketa da, inkesta bidez herritarrek hainbat gairi buruz dituzten uste, jarrera eta iritziak ezagutzea helburu duena.

Ikerketa horren 36. alean (2008ko urtarrilean egindako inkestan oinarritua) politikarekiko jarrerak eta iritziak aztertu dira, baita gure eguneroko bizitzan politikak duen papera ere.

Hemen aurkeztutakoak ikerketa horren emaitzetako batzuk dira eta hausnarketa eragiteko eta haratagoko ikerketen abiaburu izateko asmoz dakarzkigu hona. Soziometro osoa ezagutzeko interesa duenak www.euskadi.net/estudios_sociologicos helbidean aurkituko du, Prospekzio Soziologikoen kabinetearen beste ikerlan eta argitalpenekin batera.

Politikarekiko interesa, interes galtzea eta horretarako arrazoiak

Oro har, nolako interesa duzu politikaz?

EAEko herritar gehienek ez dute interes handirik politikarekiko, zehazki %72k diote interes gutxi edo batere ez dutela eta %27k interes handia edo nahikoa dutela.

Politikarekiko interes handia edo nahikoa dutenen portzentajea jaitsi egin da azken urteotan, hamar urtez nahikoa egonkor mantendu eta gero.

30 eta 64 urte bitarteko herritarrek, 30 urtetik beherakoek eta 64 urtetik gorakoek baino interes handiagoa dute politikan eta gizonezkoek emakumezkoek baino handiagoa.

Bestalde, alderdi politiko desberdinekiko begikotasunak ere badu harremanik politikarekiko adierazitako interesarekin: interes handiena EHAKren, Aralarren eta EBren jarraitzaileek adierazi dute.

Orain politikarekiko duzun interesa duela urte batzuk baino handiagoa, berdina edo txikiagoa dela esango zenuke?

Herritar gehienek diotenez, politikarekiko duten interesa, edo interes falta, ez da aldatu azken urteotan. Hala ere, jende gehiagok dio lehen baino interes gutxiago duela (%28), interes gehiago duela baino (%11).

Politikarekiko interes faltaren azalpen gisa herritarrek hainbat arrazoi aipatu dituzte, gehienak ondoko esaldietan laburbil daitezkeenak: “politikariek ez dute agindutakoa betetzen, gezurtiak eta faltsuak dira”, “alderdiek aberastea, boterea eta beren interesa bilatzen dute” eta “egoera beti berdina da, gatazkari irtenbiderik ez zaio aurkitzen, beti gai berari bueltaka gabiltza”.

Batetik badirudi politikari eta alderdi politikoekiko deskonfiantza oso zabaldua dagoela, herritarrek ez dutela uste interes orokorren alde lan egiten dutenik, eta bestetik gatazkak eta egoera politiko nahasiak nekea, itxaropen falta, etsipena eta asperdura sortzen dutela herritarrengan. Horrek guztiak jendea politikatik urruntzea, edo behintzat interesik ez adieraztea ekarriko luke.

Politika gaien ulermena

Litekeena da politikarekiko interesak, berau ulertzeko gaitasunarekin, edo gai politikoak ulertzen direneko pertzepzioarekin zerikusia izatea. Izan ere, askotan entzuten dira “nik horretaz ez dakit ezer”, “nik politika ez dut ulertzen” gisakoak, politikarekiko urruntasunaren azalpentzat.

Batzuek esaten dute politika eta gobernu kontuak nahasiegiak direla eta jendearen gehiengoak benetan ez duela ulertzen gertatzen dena. Zure kasuan, zenbateraino ulertzen dituzu herri honetako gai politikoak?

Herritarren %37k hala-hola ulertzen dituzte politika gaiak, gutxixeagok diote gutxi edo batere ez dituztela ulertzen eta bakarrik laurden batek dio politika gaiak ondo ulertzen dituela.

Azken hogei urteotan ez da gehiegi aldatu politika-gaien ulermen maila, duela hiru urte jasotako datuekin alderatuta, politika-gaiak ondo ulertzen dituztela diotenak, orain gutxixeago badira ere. 1987tik aurrera jasotako datuek joera positibo xumea agertzen zuten orain arte, bazirudien pixkanaka politika-gaiak ulertzeko gaitasuna, prestakuntza edo jarrera hobea genuela herritarrok, baina azken neurketako datuak ikusita, badirudi atzera goazela. Hurrengo neurketetan ikusi beharko da joera hori mantentzen den ala momentuko egoera politiko nahasgarriak eramaten dituen herritarrak esatera politika-gaiak ez dituztela ondo ulertzen.

Politikaz hitz egitea

Zure etxean familiarekin zaudenean, gai politikoei buruz hitz egiten da? Eta zure lagunekin zaudenean? Eta lankideekin edo ikaskideekin zaudenean?

Politikarekiko interesa jaisten ari dela badirudi ere, familiarekin, lagunekin eta lankide edo ikaskideekin politikaz hitz egiteko maiztasunean ez dirudi aldaketa handirik gertatu denik azken urteotan. Hamar herritarretik lauk diote familiarekin eta lagunekin askotan edo noizean behin hitz egiten dutela politikaz, eta bostetik batek lankide edo ikaskideekin (kontuan izan behar da %37k ez dutela lanik egiten ezta ikasten ere).

Dena dela, herritarren %37k diote ez dutela inoiz edo ia inoiz politikaz hitz egiten familiarekin, %36k lagunekin eta %27k lankide edo ikaskideekin. Portzentaje horiek ez dira asko aldatu azken urteotan. Beraz, esan dezakegu hamar herritarretik lau inguruk badutela politika bere elkarrizketa gai arrunten artean, eta ia beste laurentzat politika ez dela existitzen bere eguneroko bizitzako elkarrizketetan. (Beste bik diote gutxitan hitz egiten dutela politikaz).

Beste kontu bat da politikaz norekin hitz egiten den, politika edonorekin hitz egiteko moduko gaitzat daukagun, edo zenbateko askatasuna sentitzen dugun jende guztiarekin politikaz aritzeko. Egoera politiko gatazkatsua bizi dugun herri honetan, ez da erraza edonorekin lasai politikaz hitz egitea, eta zenbait ideia politiko jendaurrean azaltzeko erreparoak ditu jende askok. Fenomeno hori zenbaterainokoa den eta zein bilakaera duen neurtzeko asmoz, hainbat urtetan ondoko galdera egin zaie herritarrei:

Libre sentitzen zara politikaz hitz egiteko?

EAEko herritarren erdia pertsona batzuekin bakarrik sentitzen da libre politikaz hitz egiteko, beste laurden bat jende guztiarekin eta bostetik bat ia inorekin ez. Azken urteotan nabarmen egin du behera jende guztiarekin politikaz hitz egiteko libre sentitzen diren herritarren portzentajeak eta gora, aldiz, bakarrik pertsona batzuekin aske sentitzen direnenak eta ia inorekin aske sentitzen ez direnenak, bereziki azken bi urteotan.

Politikaz hitz egiteko askatasun falta handiena PPren jarraitzaileek eta inolako alderdirekiko begikotasunik adierazten ez dutenek (edo denekiko begikotasun bera adierazten dutenek) sentitzen dute. Aipatzekoa da, dena dela, azken urteotan bereziki alderdi abertzaleen jarraitzaileen artean gutxitu dela politikaz hitz egiteko askatasun sentimendua.

Politikari buruzko albisteen jarraipena

Politikari buruzko albiste ugari ematen dira egunero hedabide nagusietan, batzuetan politikaren presentzia itogarria izatera ere irits daitekeela esan dezakegu, gaurkotasuneko beste hainbat gairi baino orrialde eta telebista eta irratietako minutu gehiago eskaintzen baitzaizkie politikarekin lotutakoei.

EAEko herritarrek esandakoaren arabera, gehienek telebistaz jarraitzen dituzte albiste politikoak eta gutxiagok bai egunkarien bai irratien bidez. Dena dela, gero eta jende gutxiagok jarraitzen ditu egunero politikari buruzko berriak telebistan, irratian eta egunkarietan. Baliteke politikari buruzko albisteak gero eta gehiago beste bide batzuetatik jasotzea ere, baina asko tronpatzeko beldurrik gabe esan dezakegu, politikarekiko interes galtzearen harira, oro har, gutxiago jarraitzen direla albiste politikoak.

Ekimen politiko eta sozialetan parte hartzea

Orain ekintza sozial eta politikoetan parte hartzeko modu desberdin batzuk aipatuko dizkizut. Mesedez, esadazu, horietako bakoitzari buruz, iazko urtean egin duzun ala ez.

* Europako Batzordea (2005): 223. Eurobarometro berezia, 2004ko abendua.

Aipatutako ekimen politiko edo sozialetatik EAEko herritarrek iaz gehien egin zituztenak eskaerak sinatzea (bost herritarretik batek egin zuen), baimendutako manifestazioetan parte hartzea (%17k) eta arrazoi politiko, etiko edo ingurumenekoengatik produktu jakinak erostea (%13k) dira. Ondoren datoz grebaren batean parte hartzea (%11), sindikatu bati edo erabaki publikoetan eragiteko antolatutako beste talde bati laguntzea (%9) eta kanpaina politiko baten eranskailu edo beste ikurren bat erabiltzea (%8).

EAEko herritarrek batez beste Europar Batasunekoek baino neurri handiagoan hartu dute parte aipatutako ekimen politiko eta sozialetan, batez ere gainerako europarren artean baino gehiago dira baimendutako manifestazioetan eta grebetan parte hartu dutenak. Bi ekimen horiek Espainiako Estatuko herritarrek baino gehiago egin dituzte halaber EAEkoek, espainiarren %12k baitiote azken urtean manifestazioren batean parte hartu dutela, eta %5ek greba batean. (CIS: 2749 ikerketa. 2008ko urtarrileko Barometroa).

Aldiz, Europar Batasuneko herritarrekin alderatuta, EAEkoen artean gutxiagok egin diete boikota produktu jakinei eta apur bat gutxiago jarri dira harremanetan politikari edo hautetsiekin.

Ondorioak

EAEko herritarrak politikarekiko interes falta, urruntzea edo distantzia azaltzen ari dira azkenaldian. Politikarekiko interesik ez izateko arrazoitzat politikari eta alderdien irudi txarra aipatzen da eta baita gatazka politikoak eragindako nekea ere; irtenbiderik ez aurkitzeko, beti gauza berei bueltaka aritzeko sentsazioak politikatik urruntzera darama jendea eta hedabideetan ez dira politikari buruzko albisteak lehen hainbat jarraitzen.

Dena dela, politikaren inguruko ekimenetan parte hartzeko gogoa eta prestasuna badagoela dirudi. Jendeak lehen adina hitz egiten du politikaz familiarekin eta lagunekin, eta ekimen politikoetan parte hartzen du Espainiako Estatuko eta Europar Batasuneko gainerako herrialdeetan baino neurri handiagoan, oro har.

Bideak aurkitu beharko dira herrigintzan parte hartzeko gogo hori ez zapuzteko eta herritarrek erabaki publikoetan egin dezaketen ekarpena aprobetxatzeko. Denborarekin ikusiko da asmo horrekin abiatu diren ekimenek herritarrek politikarekiko azaltzen duten interesean aldaketarik ekarriko duten ala ez.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media