Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Orain arte Henrike Knörren zuzendaritzapean antolatu izan dira Aramaioko Uda Ikastaroak Arabako Foru Aldundia eta Unibertsitatearekin batera. Euskaltzainaren heriotza eta gero, ikastaro hauei beste kutsu bat ematea erabaki da. Horregatik, aurten lehenengoz, eta hutsune hori betetzearren, zerbait ezberdina antolatuko da.
Egia bada hutsune hori betetzera datorrela, ezin da esan Udako Ikastaroen jarraipena denik, zeharo ezberdina baita.
Oraingo honetan ikastaro batzuk baino, hitzaldi ziklo bat izango da. “Lazarraga eta bere garaia” izenburupean hainbat hitzaldi entzun ahal izango dira. Abenduaren 9, 10 eta 11ean ospatuko da Gasteizko Arte garaikideko Euskal Zentro-Museoan, Artium-en.
Jende guztiari irekitako ekitaldia izan nahi du. Interesa duen edozein pertsona hurbildu daiteke bertara eta Lazarragaren inguruan zerbait ikasi edota gehiago sakundu nahi duen edonork parte hartu dezake.
Honekin lortu nahi dena ez da Lazarragaren obra filologo edo espezialistei hurbiltzea, baizik eta publiko globalari zuzentzea; jendeak hobeto uler dezan zein den Lazarragaren eskuizkribuk duen garrantzia bai euskararen aldetik, bai literaturaren aldetik ere.
Esan bezala, obra honen nabarmentasuna handia da. Juan Pérez de Lazarraga Nafarra zen, Larreakoa, eta XVI. mendean idatzitako altxor hau ezagutarazi behar da. Alde batetik, idazkiak informazio ugari erakusten duelako, eta bestetik, bertatik atera daitezkeen ondorioak ere garrantzitsuak direlako oso. Euskal Herriko lehenengo liburua Etxeparek idatzi zuen, baina Lazarragarena Hegoaldeko lehendabizikoa dela esan daiteke.
Autorea nobleziakoa izanda euskaraz idatzita egotea, eta gaia laikoa izatea berezitasuna ematen diote idatzi honi. Izan ere, garai horretan sortutako obren gehiengoa kutsu erlijiosoa jorratzen zuten eta. Hauxe, euskaraz idatzitako lehen liburu ez erlijiosoa da, beraz. “Euskal Herria” hitza 3 aldiz errepikatzen da testuan eta honetaz gain, idatziaren balio literarioa ere azpimarratu beharra dago.
Argazkia: strelitzia ---
http://www.flickr.com/photos/strelitzia/252328975/in/photostream/
Hau dena aztertu eta garai horretako argazkia edo analisia egitea da helburua, beraz. Horretaz gain, eragitea eta ezagutaraztea Arabako euskara, literatura eta kulturaren zenbait arlo. Hau da, Lazarragaren obrari hurbilpen bat egitea esparru desberdinetan. Izan ere, oso ondo antzematen da zer nolako euskara erabiltzen zen garai hartan Arabako lautadan.
Jardunaldiak horrela antolatu dira: egunero, gaiarekin erlazionatutako 2 hitzaldi egongo dira eta azkenik, egun bakoitzaren amaieran, ekitaldi artistiko-ludiko bat, beti ere eskuizkribuarekin lotutako emanaldia izanik.
Lehendabiziko egunean “Lazarraga eta euskara” izango da gai nagusia eta Lazarraga eta Arabako euskara jorratuko dira. Eguna bukatzeko Gerardo Markuletaren eskutik poema emanaldia izango da eta Olatz Zugaztik arparekin lagunduko dio bizpahiru kantetan.
“Lazarraga eta gizartea” da bigarren eguneko tema. “Larreako sorginak eta Arabako euskal elebakarrak Lazarragaren garaian” Kike Fernández de Pinedok eta Jabi Otxoarekin. Joseba Intxaustik aldiz, “Elite euskaltzaleak Lazarragaren bezperan: eta Elizakoak zer?” irakurriko du eta Pruden Gartziak Lazarragari buruz jakin beharreko zazpi gauza azalduko dizkigu. Bukatzeko, kontzertu klasikoa XVI. mendeko musikarekin.
Azkena, “Lazarraga eta literatura”ri eskainitako eguna izango da. Bi hitzaldien ostean Gasteizko Ortzai Antzerki Laborategiak Lazarragaren obraren pasarte bat antzeztuko du. Ondoren, bertso trama bat.
Abenduan Lazarragaren omenez ospatuko diren 3 egun hauen antolatzailea Geu Gasteiz da Arabako Foru Aldundiaren babesarekin.