Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Nazio Batuen Erakundeak 2008. urtea izendatu du Hizkuntzen Nazioarteko Urtea. Ildo horretan, EUDEL erakundeak, Euskadiko Udalen Elkarteak, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiekin batera, eta batzorde zientifikoa osatzeko UNESCO Etxearen laguntzaz, Hizkuntza gutxituen erronkak globalizazio aroan izeneko biltzarra antolatu du.
Biltzarra urriaren 9an eta 10ean burutu zen Bilboko Euskalduna Jauregian eta bertara euskararen normalizazioaren inguruan lanean aritzen diren teknikariak eta oro har, hizkuntza gutxituen inguruan lan egiten dutenak gerturatu ziren.
Biltzarrean, globalizazio sasoi honetan hizkuntza gutxituek dituzten erronkak nahiz aukerak aztertu ziren. Horretarako, munduko hainbat adibide plazaratu zituzten nazioarteko aditu entzutetsuek. Euskarak aparteko lekua izan zuen jardunaldietan; bertoko adituek gure hizkuntzak informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan betetzen duen tokia aztertu zuten. Hala, biltzarraren helburu nagusia esperientziak partekatzeko gunea sortzea izan zen, globalizazio-aroak dakartzan mehatxuei aurre egiteko eta aukerak aprobetxatzeko zein bidetatik jo behar den antzemate aldera.
Biltzarrean ildo askotako eta mundu osoko profesionalek hartu zuten parte: Andres Urrutia (Euskaltzaindia) Suzanne Romaine (Merton College, University of Oxford), Fernand de Varennes (Murdoch University, Australia), Delyth Prys (Bangor University, Wales), Amadeu Abril (ESADE Zuzenbide Fakultatea), Misako Ito (Unesco), Luistxo Fernandez (CodeSyntax fundatzailea) Simon Toulou (University of Geneva) eta Marielle Rispail (IUFM Nice).
Andres Urrutia euskaltzainak “Euskaltzaindia, hizkuntza gutxitu baten akademia. Euskaltzaindiaren erronkak mundu globalizatuan” tituludun hitzaldia eskaini zuen. Bertan, Euskaltzaindia zer den azaltzeaz gain, akademiak dituen kanpo eta barne baldintzak eta zereginak ere aipatu zituen. Akademiaren erronkak hurrengo hauetan laburbildu zituen: Gizarteari zerbitzu ematea, euskararen instituzionalizatze-bidean aurrera egitea, teknologia berriaz baliatzea edota IKER eta JAGON zereginetan aurrera egitea, antolakuntza-eskemen arabera. Xedeetan, aldiz, hurrengo hauek aipatu zituen: euskaldunen erkidegoa indartzea eta horretan jendea integratzea, euskara lanabes duin eta erabilgarri izatea eguneroko bizimoduan eta euskalgintzan dihardutenekin batera jokatzea.
Argazkia: 4nitsirk.
http://www.flickr.com/photos/4nitsirk/2811813142/
Fernand Varennes doktoreak hizkuntza eskubideen arloan munduan dagoen lege-aditu nagusienetakotzat ezagutzen da, eta gaiari buruzko bi lan aitzindari idatzi ditu. Asia-Pacific Centre for Human Rights eta The Prevention of Ethic Conflict erakundeko zuzendari ohia da. Nazioarteko zuzenbideari, giza eskubideei, gutxiengoei eta gatazka etnikoei buruz egin dituen ikerketa lanak nazioarteko onarpena zabala ekarri diote. Bost liburu argitaratu ditu eta artikulua zein txosten zientifikoak, aldiz, hirurogeitik gora. Gaur egun hizkuntza-eskubideei buruzko liburu batean ari da lanean. 2 astetik behin hizkuntza bat desagertu egiten dela eta munduan existitzen diren 6.700 hizkuntzetatik, % 50a gutxi gorabehera probabilitate handiz desagertu egingo direla 1 eta 4 belaunaldiren buruan, izan ziren hizkuntza gutxituen inguruko biltzar honetan aipatutako gauzarik esanguratsuenak.
Delyth Prys hizkera-teknologia, software garapena eta terminologia zein hizkuntza baliabideak barne hartzen dituen diziplinaz haraindiko aditasuna duen ikerkuntza talde berritzaile baten buru da. 20 hiztegi elebidun baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat ikerketa-proiektu garrantzitsu zuzendu ere. Hitzaldiaren titulua “Teknologia elektronikoak baliatze hizkuntza biziberritzeko”. Bertan, Gales hizkuntzaren inguruan mintzatu zen azpimarratuz Gales hizkuntza goraka egiten ari dela azken urteotan, munduko beste hizkuntza gutxituekin gertatzen ari den ez bezala. Delyth Prys andrearentzat gazte jendearen artean hizkuntza zabaltzea da garrantzitsuena, hauek izango baitira hurrengo belaunaldiaren gurasoak. Teknologia berriak ere, batez ere Internet, paper handia egiten du. Izan ere, orain arte eduki ez duen ahots publikoa dauka ahal du eta gazteen artean modakoa baita.
Beste hizlari bat, Misako Ito, informazio Sistemetako ingeniaria daukagu. French Development Agency eta Institute of Research for Development in Western African Countries (Ginea, Gabon, Senegal) erakundeetan lan egin ondoren, 02005ean UNESCOko kide egin zen. Profesional Gazte gisa hasi zen Information Society Division atalean eta bertan dirau gaur egun arte. Bere hitzaldiaren funtsa ere teknologia berriekin lotuta egon zen: “Unesco eta hizkuntza aniztasunak ziberespazioan”.
Euskararen inguruan, aldiz, Luistxo Fernandez ibili zen. CodeSyntax enpresaren fundatzailea da eta Interneten euskararen esparruan hainbat ekimenetan ibili izan da. Bere hitzaldia “Euskara Interneten: argi-ilunak” zuen izenburu.
Biltzarraren web orrian informazio gehiago eskuratu daiteke, baita hizlari bakoitzaren hitzaldiak deskargatu ere.