Banatu

  • del.icio.us
  • zabaldu
  • aupatu
  • meneame
  • digg

Artikulua interesgarria iruditu bazaizu, lagun iezaiguzu berau ezagutzera ematen

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Landaburu eta Europa

Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) europeismoaren adierazgarririk onenetarikoa izan zen Francisco Javier Landaburu. Arabar politikariaren pentsamenduan indarra hartuz joan zen Europa federal batu eta indartsu baten aldeko jarrera, eta, aldi berean, EAJren diskurtsoan europeismoaren aldeko aldarrikapenak sortu eta indartu ziren.

Landaburu Gasteizen jaio zen 1907an. Jakin-min handiko gaztea zen eta gaztetatik hasi zen bere lurraldeko kultura-ohiturei buruz idazten eta euskal kulturaren aldeko taldeetan eta euskara sustatzen zuten erakundeetan parte hartzen. XX. mendeko lehenengo hamarkada horietan bere ingurune hurbilena zen bere munduaren ardatz. Gauza bera gertatzen zitzaion EAJri, artean kanpoko arazoez baino kezkatuago zeuden beren barne-ideologia eta egitura finkatzeaz. Halere, poliki-poliki alderdiaren kanpo-jarduerarekiko interesa handituz joan zen, batez ere, Gerra Handitik aurrera, euskal nazionalistek gutxiengoen eta Estaturik gabeko nazioen aldarrikapenak ezagutu zituztenetik. Pixkanaka, Europak garrantzi handiagoa hartu zuen EAJren adierazpenetan, eta horrek kanpoan nazionalistek presentzia handiagoa izatea ekarri zuen.

Hogeita hamarreko hamarkada hasieran, Landaburu alderdi horretako militante zen. 1933an, Gorteetarako diputatu aukeratu zuten, 1936ko urtarrila arte izan zuen kargua. Gerra Zibilean, urtebete gordeta egon ostean, muga igaro eta Iparraldean kokatu zen. Baina, berehala, Jose Antonio Agirre lehendakariak deitu zion, Eusko Jaurlaritza nazioarteko foroetan ordezkatu zezan. 1938ko abenduan Landaburuk aktiboki hartu zuen parte Euskaldunen Lagunen Nazioarteko Liga (ELNL) sortzen. Hain zuzen, urte horietan, hogeita hamarreko hamarkadaren amaieran, idatzi zituen Europari buruzko bere lehenengo idatziak: “Euzkadi ante la nueva Europa” izenburudun testua eta haren bertsio luzatua “Un pueblo viejo en la Europa nueva”.

Francisco Javier Landaburu Fernández de Betoño

Francisco Javier Landaburu Fernández de Betoño.

Aldi berean, Europak eskaini zezakeena positiboki baloratzen hasi ziren, oro har, EAJ eta Eusko Jaurlaritza. Hori dela eta, Europarekin harremanak sustatzeko erabaki politikoa hartu zen, eta berrogeiko hamarkadaren lehen urteetan, hainbat erakunde federalistetan eta kristau-demokraziako hainbat erakundetan hartu zuten parte. II. Munduko Gerra aliatuek irabazi ostean, Estatuak beharrean nazioak oinarri zituen Europa berri bat eraikitzearen aldeko proposamenak sortu ziren. Horrek nazionalisten itxaropenak piztu zituen, eta horiek izan ziren, gerra osteko lehenengo urteetan, gaur egun arte ia aldaketarik gabe mantendu den diskurtso europeista diseinatu zutenak. Gerora, “Agirreren Doktrina” gisa ezagutuko zen planteamendua izan zuen oinarri diskurtso horrek, hau da, Europa federalaren eraikuntzan parte hartuko zuen Euskadi Askea aldarrikatzen zuen doktrina.

Europako ateak eskaintzen zituen aukera guztiak aprobetxatzeko, EAJk harreman-sare bat eratu zuen Europako nahiz nazioarteko hainbat erakunde federalistekin eta, batez ere, kristau-demokraziako hainbat erakunderekin. Orduantxe bihurtu zen Francisco Javier Landaburu behin betiko euskal nazionalisten ageriko aurpegi Europan. Batetik, kristau-demokraziaren oinarriak ezagutzera emateko eta Agirre lehendakariak ere bete-betean partekatzen zituen balio federalistak transmititzeko, euskal prentsan bi doktrina horiei buruzko artikulu anitz idatzi zituen Landaburuk. Bestalde, bi joera horietako europar buruekin harremanak biziagotu egin zituen eta hainbat elkarterekin eta erakunderekin harremanetan jarri zen.

1946an Luxenburgon egin zen Federalisten Munduko Biltzarrean, Juan Carlos Basterrarekin batera (Acción Nacionalista Vasca, ANV), EMF (Euskal Mugimendu Federalista) sortu zuen. 1947an kristau-demokraziako Europako erakunde nagusiaren –Nouvelles Equipes Internationales (NEI)– sortze-biltzarreko euskal ordezkaritzaren parte izan zen. Ordezkaritza horrek NEIko sortze-kide izateko helburua lortu zuen eta Landaburu batzorde betearazleko kide izendatu zuten. Euskal taldea, “Parisko Talde” gisa ere ezaguna, 1948ko urrian eratu zen ofizialki, eta arabarra presidente izendatu zuten. Talde horrek biltzarretik funtzionatzen zuen. 1949an aktiboki hartu zuen parte Europako Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federalaren (EMEKF) sorreran, eta 1951. urtean Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluaren (EMEK, egungo Eurobask) eraketan. Komunitateen eta Eskualdeen Batzarreko kide ere izan zen (gerora, Komunitate Etnikoen Batasun Federalista). Arabar politikariaren ibilbidean une gogoangarria izan zen 1948ko maiatzean Hagan izandako Europako Mugimenduaren Biltzar famatuan egon izana –euskal ordezkaritzaren parte izan zen José Antonio Agirrerekin eta Juan Carlos Basterrarekin batera–. Izan ere, biltzar hori izan zen Europaren eraikuntza-prozesua abian jarri zuena.

Berrogeiko hamarkadako bigarren bosturtekoaren irakinaldia amaitu zen, eta ondorengo hamarkadan, EAJ barne-krisian murgildu zen. Gainera, Gerra Hotza jaiotzearekin bat, behinola laguna izan zen AEBren Frankorekiko (edo Frankoren erregimenarekiko) irribarre-politikak sorturiko desilusioa gehitu zitzaion horri. Ondorioz, Mendebaldeko Europako herriek ere jarrera kontserbadoreagoa hartu zuten. Halere –edo iparamerikarrek bertan behera utzi eta gero–, Landaburuk eta bere taldeak, eta EAJk oro har, Europaren alde apustu egiten jarraitu zuten. Dena den, apustu hori ez zen batere erraza izan, egoeraren beraren zailtasunei alderdi barruko hainbat ideologia –eta estrategia– ikuspegiren arteko eztabaidak eta liskarrak gehitu baitzitzaizkien. Bakarka Europako foroetan egoteko aukera murritzen ondorioz, buruzagi nazionalista batzuk Estatuko erakunde europeistetan hartu zuten parte, bereziki, EMEKFn. Gertaera horrek alderdiko sektore erradikalena haserretu zuen. Parisko Taldearen jarduerak, Landaburu buru zuela, kritika gogorrak jaso zituen sektore horrengandik, izan ere, mezu nazionalista Espainiako ordezkaritzek osaturiko nahaste-borraste horretan galduko zela uste baitzuten. Desadostasun horien une gorena 1957ko amaieran eta 1958ko hasieran eman zen. Barne-eztabaidek oso lermatu zuten arabarraren baikortasuna, eta ordura arte ezohikoa zen tristura islatzen zuten hamarkada amaieran haren gutunek.

José Antonio de Aguirre Lecube

José Antonio de Aguirre Lecube.

Hirurogeiko hamarkada ezin zitekeen txarrago hasi. Martxoan lehendakaria hil zen. Landaburuk berak aitortu zuen umezurtz sentitzen zela. Gainera, 1945etik testuingurua oso aldatu zen. Landaburuk bere begien aurrean zuen Europa ez zen bertako aniztasuna bateratzeko gai zen berak amesturiko Europa federala. Bere nahien kontra, hirurogeiko hamarkadako hasierako Europa Estatu indartsuek osatzen zuten, eta unitate txikiagoek ezin zuten libreki parte hartu. Hori gorabehera, beste behin, EAJk Europaren aldeko apustua egiten jarraitu zuen.

Planteamendu federalistek indarra hartzearekin batera, “Eskualdeen Europari” eta “Etnien Europari” buruz hitz egiten hasi zen berriro, baina Landaburuk eta haren kideek nahiago izan zuten desio zuten Europa definitzeko “Herrien Europa” terminoa erabiltzea. Aurreko urteetako ildoari jarraituz, euskal nazionalistek Europako foroetan zuten presentzia nabarmen murriztu zen.

Francisco Javier Landaburu 1963an hil zen. Bere heriotza-egunera arte Europako erakundeetako euskal ordezkaritzen buru izaten jarraitu zuen. Eta ez hori bakarrik, bere obra nagusia “La causa del pueblo vasco” ere utzi zigun joan aurretik. Liburua 1957an argitaratu zen, eta bertan EAJren diskurtso europeista azaltzen zuen, ordura arte inoiz egin ez bezala. VII. kapituluan, “De la nación vasca a Europa y al Mundo” izenburudunean, nazionalitateen arazoari buruz mintzatzen da, eta nazionalitate horiek babestuko dituen Europa federal baten alde agertzen. Bere iritziz Estatua “krisian” dagoen “asmaketa artifiziala” da eta euskal herriaren autodeterminazio-eskubidearen alde azaltzen da. EAJren bokazio eta tradizio europeista azpimarratzen du, eta haren “helburu nazionalisten eta ilusio europeisten” artean ez dagoela kontraesanik esaten. Bere alegatu europeista mezu guztiz baikor batekin amaitzen du, Herrien Europa lortzeko esperantzarekin.

Francisco Javier Landaburuk EAJren diskurtso europeistari eginiko ekarpen garrantzitsuaren ezaugarri da planteamendu horien gaurkotasuna, baita, oro har, euskal nazionalismoaren diskurtsoari eginikoarena ere.

Bibliografia

ARRIETA ALBERDI, Leyre, Estación Europa. La política europeísta del PNV en el exilio, Tecnos, Madril, 2007.

JANSEN, Thomas, The European People’s Party. Origins and Development, Macmillan, Basingstoke, 1998.

LANDABURU, Francisco Javier,
- La causa del pueblo vasco, Solaun Goñi Funtsa, Paris, 1956.
- Escritos en Alderdi, 1946-1962, Eusko Alderdi Jeltzalea, Bilbo, 1980.
- Obras Completas, Idatz Ekintza, Bilbo, 1982-84.

MADARIAGA, Salvador de, Memorias de un federalista, Editorial Sudamericana, Buenos Aires, 1967.

PABLO, Santiago de; MEES, Ludger; RODRIGUEZ RANZ, José Antonio, El Péndulo Patriótico. Historia del Partido Nacionalista Vasco. I. eta II. lib., Crítica, Bartzelona, 1999-2001.

TUSELL, Javier,
- Las democracias cristianas europeas después de la Segunda Guerra Mundial, Fundación Humanismo y Democracia, Madril, 1984.
- Historia de la democracia cristiana española, II. lib. Los nacionalismos vasco y catalán, Sarpe, Madril, 1986.

UGALDE ZUBIRI, Alexander,
- La Acción Exterior del Nacionalismo Vasco (1890-1939): Historia, Pensamiento y Relaciones Internacionales, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, Oñati, 1996.
- Guía de la exposición Xabier de Landaburu. Bizitza osoa Euskal Herriaren Kausarentzat, Sabino Arana Fundazioa, Bilbo, 2008.

“Landaburu & Europa” hitzaldia Sabino Arana Fundazioak eta Eusko Ikaskuntzak antolatuta. Gasteiz, 2008ko azaroaren 18an.

Eusko IkaskuntzaAsmozEusko Media