Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Urolako itsasadarra Gipuzkoako mendebaldeko itsasaldean dago, eta Oikina eta Zumaia herrien arteko Urolaren iturbururaino heltzen da. Iturburuan meandro zabalak osatuz, ibaia tolesten da; eskualdetik Artadiko San Migueleko mazala malkartsuek eta ezkerraldetik larre, soto eta paduraren alde bateko etxebizitzek inguratzen dute. Getaria eta Zumaia bitarteko errepideak (Donostia-Bilbo) ibaia zeharkatzen du herri honetan: bere alde batean, itsasoratzen den tokian, padura eta Santiagoko hondartza-aurrean finkatutako dunak zabaltzen dira. Eremu hauek, hondartzak berak (landare-estalkirik gabeko hareak) eta Zuloagaren etxe-museoak nahiz planta industrial batek mugatzen ditu (untziolak).
Errepidearen hegoaldean ibaiak meandro leun bat egiten du, eskuin aldean Artadi deituriko auzoan amaitzen den hegal malkartsua duelarik. Ezkerreko ertzean, ibarraren urbanizatu gabeko zatia eta azken zatiko urbazter malkartsua daude.
Areak azalera txikia badu ere, paisaiari dagokionez anitza eta kalitate onekoa da. Itsasadarren zati hau guztia itsas marearen dinamikaren eraginpean dago eta, kasu batzuetan urriak badira ere, estuarioetako paisaiaren zenbait adibide erakusten ditu. Bestalde, hiriguneak eragiten duen presioa bistakoa da. Errepidearen iparraldean zona lau handi bat zabaltzen da; honen zati handi bat itsasgoran estalita geratzen da baina itsasbeheran, neurri batean azaleko landarediz estalita dagoen inguru limotsu zabala geratzen da bistan. Iparrekialdean harea-metaketek (duna finkoek) hartzen dute limoen tokia. Zati honen guztiaren geruza, Koaternarioko metaketa itsastar eta ibaitarrek osatzen dute.
Errepidearen hegoaldean paisaia guztiz aldatzen da. Itsasadarren eskuinaldean, hau da, meandroaren alde ahurrean, 100 metroko altitudea lortzen duen mendi-hegal malkartsua dago eta bertan jatorrizko landaredia dago (artadia). Ezkerreko ertzean berriz, azken zatian ezik,ibar-lurzorua dago eta honen zati handi batean industri poligono bat kokatzen da. Itsasadarraren azken herenean, sedimentu limotsuz eratutako eta inguru honetan ohikoa den landarediz estalitako bi irlatxo daude, paisaia nahiz habitaten aniztasuna florari nahiz abifaunari dagokienez oraindik gehiago aberasten delarik.
Itsasadarraren alboetara dauden mendi-hegalak Goi-Kretazikoko materialez eratuta daude; Maastrichtiar kareharriak eta margak nahiz Coniaciar kareharri eta marga hareatsuak. Ibarreko lurzoruak Koaternarioko alubioietan du jatorria.
Aipatutako arean definitutako aprobetxamendurik ia ez dago, belardi-laboreetara destinatutako ibarraren zatia salbuetsiz. Hala ere, zona honen zati handienak dentsitate baxu edo ertaineko atseden-erabilera du: paseoak eta eguzkia hartzeko aukera dunetan (udan bisitari asko izaten dituen hondartzarekin muga egiten dutenak); krustazeoen eta beste ornogabe batzuen bilketa (kirol-arrantzarako beitia) itsasbeherako orduetan; untzietan paseoak, ibaiko arantza, etab. Natur Zientziei dagokienez duen erabilera didaktikoa garrantzitsua izaten hasi da. Ingurune guztia beste erabilera batzuen eraginpean dagoela esan beharra dago, kasu batzuetan naturaren artapenarekin bateraezinak direnak eta zabaltzera nahiz aipatutako zona ukitzera joan daitezkeenak: planta industrialak, jarduera eta zerbitzu turistiko intentsiboak, obra publiko garrantzitsuen aurreproiektuak, etab.
Goian aipatu den paisaia eta habitat aniztasunak bioaniztasun garrantzitsua eragiten du, Euskal Autonomi Elkartean dauden komunitateetatik gehien aldatu-murriztu direnetako batzuk barneratzen dituelarik: komunitate psamofitoak eta paduretakoak. Hauetako asko artapen-lehentasuna duten interes bereziko habitatei buruzko 92/43/ Europako Elkartearen Arteztarauan jasota daude. Kostako hareatzetako landarediak gure kostaldean gorde diren arrasto eskasetako bat azaltzen digu, udako atseden jarduerak jasaten duen presioa handia bada ere. Ingurune honetako ezaugarri diren espezie asko aurkitzen ditugu bertan: Euphorbia paralias, Eryngium maritimun, Lobularia maritima, Calystegia soldanella, Carex arenaria, Polygonum maritimum, Elymus farctus, Vulpia membranacea, Dianthus hyssopifolius subsp. Gallicus, Linaria supina subsp. Maritima, etab.
Espezie hauek eta beste batzuek, gure kostaldeko gune gutxi batzuetan eta beti azalera txikietan bakarrik aurkitzen ditugu gaur egun. Hauen suntsidurak edo aldaketak haien desagertzea eragiten du, hain berezia den ingurune honetara guztiz lotuta baitaude.
Paduretako eta lur hezeetako landaredia bi zona desberdinetan aurkitzen da. Alde batetik, hareatzaren ondoan dagoen limoen lautada eta, bestalde, itsasadarraren hegoaldean dauden irlatxoak eta urbazterrak.
Lehenengo zonan Spartina alterniflora espeziearen “zelaia” zabaltzen da, itsas marearen eragin handiena jasaten duen aldean; honen mugan beste komunitate batzuk aurki daitezke, bereziki Halimione portulacoides. Bertan aurki daitezkeen espezie batzuk Inula crithmoides, Spergularia maritima, Aster tripolium eta azpimarragarrienak diren Limonium humilde eta Sarcocornia perennis dira (egoera txarrean dauden populazio txikiak).
Itsasadarraren hegoaldeko irlatxoetan eta urbazterretan paduretako komunitateen arrastoak ere aurkitzen dira. Aurrez aipatutakoez gain, Juncus maritimus eta Scirpus maritimus ihiak eta Salicornia ramosissimaren populazioak aurkitzen dira. Lezkarien azken arrastoak ere aurkitzen ditugu, itsasadarretan guztiz halofiloak diren komunitateekin harremanetan.
Artadi kantauriarraren komunitate serialak ere azpimarragarriak dira, bereziki sastraka garai termoatlantiarra (Phyllirea latifolia, txorbeltza, etab.), itsasadarraren eskuineko ertza gailurretik urbazterreraino estaltzen baitu.
Ezkerraldeko zati malkartsu laburrean, artez, haritzez, ametz ilaundunez, ereinotzez, gurbitzez eta abarrez osatutako baso-estalkia mantentzen da.
Ibarreko lurzoru urbanizatu gabeak belardi-labore atlantiarrak biltzen ditu.
Faunari dagokionez, ipar hegaztegietatik neguko hegoaldeko gordelekuetarako bidean, hegazti migratzaile asko hurbiltzen da urtero Urolaraino atseden hartu eta elikatzeko asmoz. Udaberrian eta udazkenean, batez ere, estuarioan aurki daitezkeen askotariko ornogabe eta arrain ugariekin konturatuta, honako hegazti hauek, besteak beste, elkartzen dira Urolan: txirri,txirritxo, buztanikara zuri, kurlinta, akula, bernagori, kaio, koartza, koartzatxo eta amiltxori, eta espatulak edo amiamoko beltz eta arrano arantzale gutxi batzuk.
Itsasadarrean espezie desberdinetako hegazti ugari biltzen da. Batzuk sedentarioak dira eta besteak negutarrak; baina gehienak migrazio garaian area honetan atsedena eta elikadura hartzeko gelditzen direnetakoak dira.
Limozale askok urbazterrak, irlatxoak eta lautada limotsua zeharkatzen dute: txirria (Calidris alpina, Calidris ferruginea, Calidris cannutus, Calidris alba), txirritxo txikia (Charadrius dubius, habigilea, Charadrius hiaticula), kurlinta bekainduna (Numenius phaeopus..) bernagorria (Tringa totanus), txirri grisa (Pluvialis squatarola), kuliska buztanbeltzak (Limosa limosa) abozeta (Recurvirostra avosetta), zankaluzea (Himantopus himantopus), kuliska, etab., itsas hegazti desberdinez gain.
Hegoaldeko zatia, dituen ezaugarri topografikoei esker, beste mota batzuetako hegaztien babesa ere bada, hauen artean lertxun hauskara (Ardea cinerea, A. purpurea), lertxuntxo txikia (Egretta garcetta), amiltxoria (Nycticorax nycticorax), eta zenbait anatido, espatula, martin arrantzalea, etab. Arrano arrantzale bat edo beste ere ikusi izan da (Pandion halaetus).