Euskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews y Media
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria
Iñaki KASARES, Gizon Ekimeneko kidea
Patriarkatua, matxismoa, sexismoa,... gizonezkoek emakumezkoak mendean izatea aspaldiko kontua da. Ziur aski ez da “betidanikoa”, zeren-eta hainbat zantzu arkeologiko, paleoantropologiko eta paleolinguistikok bide ematen ei digutelako susmatzeko bestelako gizarte-ereduak ere izan ditugula gizakiok; alegia, emakumezkoak zapalduak ez, eta ospe handikoak eta gizarte-ardatz izandakoak. Euskal Herria da gizarte eredu hori milaka urteetan indarrean egon zen Europako gune horietako bat, Gimbutas eta beste ikerlari batzuek dioskuanez. Edozelan ere, badira mendeak gurean ere patriarkatua nagusi dela, bertako baldintzetara egokitua, baina patriarkatua, azken finean.
Emakumezkoak aspalditik dira pairatzen duten bazterketaren aurka borrokan. Badakigunez, Frantziar Iraultzaren garaian ere izan ziren errepublika berrian emakumeen eskubideak aitortu eta gauzatzearen alde egin zuten andreak, baina orduko iraultzaile gizonezkoek atzera bota zuten eskaera. Ordutik hona ez dira gutxi izan emakumeek euren askatasunaren alde egindako ahaleginak, eta ia beti gizonezkoen aurkako jarrera pasibo edo, gehienetan, aktiboari egin behar izan diote aurre.
Hala eta guztiz, ahalegin horiek beren fruitua ari dira ematen, bistan denez. Andrazkoak ari dira ateratzen patriarkatuak ezarritako muga zentzugabeetatik, eta gizarte esparruak eskuratzen. Oraindik geratzen dira, ordea, afera handi batzuk konpondu beharrekoak, besteak beste, indarkeria matxista.
Batzuek esaten dutenez, indarkeria gizonezkoena den eta emakumezkoek pairatu behar duten arazoa da. Ez nator guztiz bat esanarekin, baina nahikotxo hurbil dago errealitatetik. Izan ere, egia biriribil-biribila da gizonezkoon arazo bat dela, eta gizonezkooi ere dagokigula amai arazten ahalegintzea.
Argazkia: SpaceShoe.
Zer egin dezakegun, baina, gizonok, emakumeen aurkako bortizkeria amai dadin? Ez dago makilatxo magikorik noski, behintzat neuk ez dut ezagutzen, eta inguruan ere ez dut ikusten horren arrasto handirik. Baina urteotako eskarmentuaren haritik bururatzen zaizkit egin daitezkeen gauza batzuk, eta baztertu beharko liratekeen beste batzuk ere.
Gizonok egin beharreko aurrenekoa da, nire iritzian, onartzea indarkeriaren arazoa geurea dela, ez dela emakumezkoena, ez gizon “bortitz” gutxi batzuena, ez beste inorena ere. Gizon guzti-guztiona da. Ez gizonok “gaiztoak”, “indakeriazaleak”, edo topikoek ezartzen dizkiguten beste ezaugarri negatiboen jabe garelako izatez, ez. Guztiona da gizonezko guztiak hezi gaituztelako indarkeriaz, indarkerian eta indarkeriarako. Afera ez da gizon gaixo batzuena, ez emakume batzuena, ez sendi batzuena. Arazo ez da norbanako edo talde batzuena. Gizarte arazoa da, estrukturala. Gizon guztiok daukagu indarkeriaren “birus” hori barruan maila batean edo bestean, eta denok dugu “osatu” (zein berba polit eta egokia!) beharra.
Hau esanda, uste dut gizonen ekarpenak bide batzuk ibili behar dituela: indarkeria matxistaren gaineko analisia gizonen ikuspegitik, matxismo orokor eta estrukturalaren aurka jardutea, gizonen aldaketa pertsonala sustatzea eta indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio, kontzientziazioa eta salatzea.
Aurrenekoari dagokionez, bortizkeria matxista zertan den aztertu beharko dugu gizonok: ikertu, ulertu, kontestualizatu, zehatz eta mehatz identifikatu eta definitu. Indarkeria matxistaz gizonen ikuspegitik irakurketa egin beharko dugu: zer den guretzat indarkeria mota hori, zelan bizi izan dugun eta dugun, zelako harremana izan dugun eta dugun berekin. Izan ere, orain artean, emakumeek egin dute hau guztia, eta ondo dago. Emakumezkoak izan ditugu aitzindari eta akuilu gizonok honetan guztian, eta egoeraren larriaz eta geure arduraz jabetzen lagungarri ditugu, oraindik ere, askotan. Baina gizonok ere geurea egin behar dugu, eta segidismorik gabe gainera. Ziur aski, gizonen irakurketa ez da izango emakumeenaren guztiz berdina, partida honetan postu ezberdinetan jokatzen baitute batzuek eta besteek, baina fio naiz berdintasunaren aldeko pertsonen heldutasunaz, eta sor litezkeen desadostasunak edo/eta gatazkak txukun eta elkarkidetzaz kudeatu ahalko dituguna ziur naiz.
Hau esanda, indarkeria matxistaz nire zertzelada batzuk azaldu nahi nituzke, irakurlearentzat nire posizioaren argigarri izan daitekeelakoan. Nire ustetan, indarkeria matxista ez da derrigorrez fisikoa, izaten baitira bestela tratu txarrak (mehatxuak, irainak, umilazioak, isekak,... pertsonaren duintasunaren aurkakoak, sarri hagitz gogorrak, eta ondorio larriak ere ekar ditzaketenak gizakiaren ongizatean). Ez da matxista gizonezkoen biolentzia oro, hau da, badira gizonezkook erabilitako biolentziak matxismoari ez dagozkionak. Indarkeria matxistaren helburua ez da beti emakumezkoa, haurrek eta gizonezkoek ere pairatzen baitute hainbatetan (eta ez gutxitan gainera). Indarkeria matxista oro ez da gizonezkoek erabilita, hainbatetan emakumezkoek ere erabiltzen baitute, dela beste emakumezko batzuen aurka, dela gizonezkoen aurka, dela haurren aurka. Finean, bortizkeria matxista generoari dagokio, ez sexuari, eta haren ezaugarri batzuk dira beste gizaki(ar)en gaineko menderakuntza eta nagusitasun-tokia lortu edo-eta iraun araztea, eragile rola jokatzen duenak biktima rola jokatzen duena azpiratu eta, nolabait, deshumanizatu egiten du.
Biolentzia matxistari amaiera emateko matxismoa berea akaba arazi beharko dugulakoan nago. Esan nahi dut, ezingo dugula bataren aurka jo, bestea bere horretan utzirik, ez gaitezen engaina. Bortizkeria matxista matxismoaren funtsezko ezaugarria da, izatezkoa. Matxismorik ezin liteke izan biolentziarik (edo biolentzia-mehatxurik) gabe; eta, aldi berean, matxismoa oso-osorik gizartean ezabatzen ez dugun heinean zeharo ezinezkoa izango da indarkeria matxistari amaiera ematea. Matxismoak mozorro ideologikoa ematen dio bortizkeria matxistari, eta honek euskarri materiala horri. Azken finean, elkar elikatzen diren bi elementu osagarriez ari gara: matxismoak indarkeria matxista elikatzen du, eta honek matxismoa.
Baina kontuan izan beharko dugu matxismoa oso-oso errotuta dago gure gizartean egun, sarritan edo gehienetan, gorderik, mozorrotuta, desitxuratuta. Matxismoa ez da mugatzen emakumezkoa baztertzera. Matxismoak zer ikusi handia du menperatzaile eta menperatuak izatearekin. Izan ere, balore matxisten funtsa argitxo ageri dira sarritan sistema sozioekonomikoan (kapitalismoa, bere baloreengatik, sistema erabat matxista da), nazioarteko harremanetan (inperialismoa, kolonialismo berria,... balore matxistaz josita dago), kirol munduan (futbol mundialeko iragarkiak ikusi dituzu?), lan munduan, eskolan, sendian,... Gizon mugimendutik sentsibilizazio, kontzientziazio eta salatze lana etengabe eta pedagogikoa egin beharko dugu matxismoa agerian gera eta ezaba dezagun.
Gizarteari begirako lan honetaz gain, eta horren osagarri, geure burua aldatu beharra dugu gizonok, barru-barruan daukagun matxismoa identifikatu eta erronkatzea, matxismoan oinarrituriko jarrera eta jokamoldeez aldatzea. Hain normalak iruditzen zaizkigun isolamendua, lehiakorkeria, produktibismoa, emozioak baztertzea, arrazionalizazio etengabea, oilarkeria, nabarmen izan beharra, gogorkeria, inkomunikazioa, serio demonio ibiltzea, ez sentitzeko drogatu beharra (dela alkoholez, dela bestelako gaiez edo ekintzez), misoginia,... horien guztien gaineko kontzientzia hartu eta pixkanaka baztertzen hasi beharko dugu, eta ordeztu elkarkidetzaz, lankidetzaz, emozioak kudeatzen (ber)ikasteaz, apaltasunaz, maitasunaz, gozotasunaz, laguntasunaz, hurkotasunaz, zaintzeaz, sentimenduekin berradiskidetzeaz, bizipozaz, delegatzen ikasteaz, konpartituz... Batzuek gizon izateko eredu berria bilatzea esaten diote honi; neuk nahiago dut esan gizonok bergizatiartu behar dugula. Kontu semantikoez aparte, aldaketa pertsonala dugu erronka nagusienetakoa gizonok, eta horretarako talde lana, talde “apoio” eta laguntza, oso bide egoki eta aberasgarriak dira. Ezin da-eta aldaketa hau burutu bakardade eta indibidualismo hutsean, lan pertsonal eta kolektiboa da aldi berean. Ez da egun batetik bestera egiten den lana, baina ederra da, eta hobeto bizitzen (kontuz, hobeto bizi eta eroso bizi ez da gauza bera) lagunduko digu.
Argazkia: Self-portrait_Girl.
Gainera, indarkeria amaitzearekin duen loturagatik, azpimarratu nahi dut , emozioen kudeaketaren garrantzia. Gizonezkoen heziera matxistaren parte nagusietako bat da emozio mundutik aldentzea da, eta analfebetismo emozional horrek eragiten du egoera emozional zailak gizabidez gobernatzen ez jakitea. Honi gehitzen badiogu matxismoak ezartzen digun biolentziaren legitimazioa, ulertuko dugu errazagoa dela halako egoeratan bortizki jokatzea. Gizonen aldaketa pertsonal horren barneko alfabetizazio emozionalak nabarmen lagunduko du erantzun bortitzak gutxitzen.
Beste aldetik, indarkeria matxistaren aurkako dinamika sozialez ere hausnartu beharra dugula uste dut. Orain arte emakumezkoen aurkako bortizkeria salatzera mugatu gara ia guztiz. Bortizkeria horrek duen garrantzia eta espezifidadeaz jabe izan behar dugu, eta arreta berezia eskaini noski. Baina bestelako indarkeria matxistei (haurren eta beste gizonen aurkakoari) ere jaramon egin behar diegu.
Salatzeko diskurtsoa ere zaindu beharra dugu arretaz. Maiz, errepresioaren, zigorraren eta bazterketaren aldeko diskurtsoa nagusitzen da salaketan. Ez nator bat ikuspegi honekin. Uler dezaket hilketa, bortxaketa edo bestelako eraso baten ondoko beroan, amorrazioan, mendeku eskatzea baina ez dut uste ez eraginkorra denik (errepresioak inoiz ez duelako guztiz konpondu arazo sozialik, nik dakidala), eta ez delako bidezkoa ere; alegia, bortizkeriaz jokatzen duen gizona jaso duen baldintzamenduaren arabera ari da, ez da matxista jaio, egin dugu. Erasotzailea erruduntzeak, gainera, indibidualizatu egiten du arazo soziala dena, eta irtenbide sozialetik urruntzen gaitu.1 Honek ez du ukatzen, jakina, erasoa egin duenari ardura osoa egokitzea egin duenagatik (errua eta ardura ezberdinak baitira, nire iritzian), ezta mehatxupean dagoen pertsona babes-bermea lehenestea beti ere.
Mobilizazioei dagokienez, kezkatuta nago ez ote gabiltzan aktibismo eta erritualizazioan jausten. Dirudienez, ohitzen ari gara mobilizatzen hilketa bat gertatzen denean soilik, eta neurri handian, mass-media eta erakundeen bulkadaz. Uste dut horrela indartzen ari garela indarkeria eraso larrilarrikin lotzea, eta bestelako tratu txarrei garrantzia kentzen, nahiz eta hauek izan ugarienak eta eskailerako oinarrizko mailak.
Amaitzeko, indarkeria eta tratu txar matxistaren aurre egiteko goraipatu nahi nuke tratu onak bultzatzearen garrantzia. Uste dut hau izan daitekeela gako-ekimenetako bat, matxismoaren eta indarkeria matxistaren aurkako jardunbidean. Izan ere, gizon eta emakumezkoen arteko tratu onak (eta gizonezkoen artekoak, emakumezkoen artekoak, nork bere buruarekikoak, etab.) sustatzea, tratu txarrak salatzea baino askoz eraginkorragoa, sakonagoa, integratzaileagoa, motibagarriagoa eta onuragarriagoa.2 Zeharo sinetsita nago hauxe dugula gure hurrengo erronka ederra.
Irakurleen iritziak:
comments powered by Disqus