Jaione APALATEGI BEGIRISTAIN
Barandiaranen bizitza, ikerketa, zientziazko eta kulturazko jardueren ahozko zein idatzizko ekoizpen ikaragarriaren berri edonork baduela esan daiteke, baina bere lan arlo baten indusketa egin arte, ezin da jabetu zenbaterainoko ekarpen garrantzitsuak egin zion Antropologia zientziari oro har eta Euskal Herriari bereziki.
Jakina da baita ere, On Joxemiel eleanitza zela, euskara eta erdarak (latina, grekoa, espainiera, frantsesa, alemana, italiera, ingelesa, portugesa...) erabiltzen zituela bere lan eta harremanetan. Guztien gainetik, euskara, bere hizkuntza intelektuala bezain sentimentala izan zen, eta hala adierazi zuen bizi izan zen ia-ia 102 urte oparoetan zehar.
Idazki mota ezberdinak landu zituen Barandiranek. Denen artetan bere egintza pertsonala, soziala eta zientifikoa ezagutzeko aukera ematen dute eta zorionez, guztiaren gordailu bikaina da bere izena daraman Fundazioa.
Jarraian, Barandiaranek utzitako ondare idatzi erraldoia hiru lan eremu nagusitan banatuz jorratuko dugu:
Aski ezaguna den bezala Barandiaranek ataundar berri-emaileen ahotik, euskaraz kontatutako ipuin eta eletzarrek osatzen duen bilduma bat idatzi zuen, gehienak, 1900-1929 urte tartean jasotakoak.
Barandiaranek ataundar berri-emaileen ahotik, euskaraz kontatutako ipuin eta eletzarrek osatzen duen bilduma bat idatzi zuen.
Zer dela eta ekin ote zion bilduma honi? Arrazoi borobil batekin erantzunez, esango genuke, modernitatea deituriko gizarte eredu berria ate-joka zetorrela ohartu zela, honek zekarren ikus-entzunezkoen jauntzarkeria eta bizitzeko era materialistak, Euskal Herrian ordura arte bizirauten zuen ahozko tradizioa ezabatzeko arriskua iragarri zuelako.
Ipuinen bilduma hori ekimen antropologiko, linguistiko eta zientifikoaz gain euskal mitologia hilzoritik ateratzeko ahalegina izan zen. Alde batetik, nazioartean ipuingintzari aitortzen zitzaion iker mailara eramatea lortu zuelako, eta bestetik, Euskal Herrian bertan ikergai emankorra bilakatu zelako.
1917ko urtarrilaren 3tik 1989ko azaroaren 24 arte, bere bizitzako eta inguruneko, egunean eguneko gertakariez idazteari ekin zion Vademecum edo Egunerokoetan. 1923, 1935, 1945, 1946 lau urteen eta 1947ko lehen zazpi hilabeteen etenak kenduta, 68 urteetan zehar idatzi zituen eskuz.
1917tik 1989 arte, bere bizitzako eta inguruneko, egunean eguneko gertakariez idazteari ekin zion Vademecum edo Egunerokoetan.
Urte, hilabete edo egun batzuetakoak oso oparoak dira beste batzuen aldean, baina orokorrean, oso informazio aberatsa aurkitzen da bertan, are gehiago, giza eta gizarte zientzietan ikertzeko gaitegi zabala eskaintzen dute: etxea, sorterria, ikasketak, apaiztegia, elizgizonak, sinesmena, erlijioa, eliza, mezak, gizartea, gudak, atzerria, bidaiak, unibertsitatea, museoak, komunikabideak, harreman sarea ...; bere izaera, nortasuna, ohiturak, sentiberatasuna, pozak eta nahigabeak, pentsaera, ...; bere jarduera soziala eta intelektuala, ikerketa, lan-taldeak, argitalpenak, hitzaldiak, kongresuak, irakasle lanak..., etab.
1917tik 1936ko uztailaren 14 arteko Egunerokoak, gazteleraz ekoiztu zituen; 1936ko uztailaren 15etik 1947ko abuztuaren 4 artean, behin baino gehiagotan hasi eta utzi zuen euskaraz idazteari. 1947ko abuztuaren 5etik 1989ko azaroaren “24.-Eguna” arte, euskaraz ekoiztu zituen, 42 urteetan zehar, hain zuzen ere.
Egunerokoak, 1947ko abuztuaren 5etik 1989ko azaroaren “24.-Eguna” arte, euskaraz ekoiztu zituen, 42 urteetan zehar.
Lan eremu hau ospe handikoa da ikerlari eta zientzialarien artean. Barandiaran Fundazioak, 1916tik1990era bitartean On Joxemielek sortu eta zuzendu zituen sei aldizkari eta jorratu zituen 25 ikerketa sailetako 575 lan idatzien aipu bibliografikoekin argitaratutako liburu marduletik, eratorri daiteke 80 bat lan ekoiztu zituela euskaraz.
Amaitzeko, ondare idatzi bakoitzean burutu zuen euskarazko ekoizpenaren jarduera, ekintza, metaketa eta uzta gogora ekarriko dugu.
Euskarazko jardueraren ondorioak oso garrantzitsuak izan ziren euskal kultura eta hizkuntza beraren ikerketarako, baina baita ere, Euskal Herri osoko kultura zientifikorako.
Jakina da Barandiaranek, euskara, beste hizkuntza batzuen ospe mailara iritsi zedin ahalegin handiak egin zituela. Hala ere, bere euskarazko ekoizpena, gertaera multzo batek osatutako ekintza mota bilakatu zela esango genuke, bestak beste:
I.Ekintza akademikoa. Barandiaranek jaso zuen hezkuntza eta heziketa eleanitzak goi mailako ezagutza eraikitzen lagundu zion eta horretxegatik, euskarak mundu goren horretan zuen hutsuneaz jabetuta, pixkanaka bere ahozko zein idatzizko ekoizpen guztietan (elizkizunetan, egunean eguneroko jardueretan edo zientzia eta kulturazko ekintza teoriko zein praktikotan, euskara erabilera geroz eta nabarmenago egin zuen.
II.Barne eta kanpo ekintza. Pertsonalki (Gasteizko apaiztegiko ordu txikiak, erbestea, intelektualki (jakintzaren eta agintaritzaren arteko eztabaida zein sozialki (1914-19ko eta 1939-45eko I. eta II. Mundu Gudak; 1931-36ko Espainiako II. Errepublika eta 1936-39ko Guda Zibila eta ondorengo diktadura frankista garai latzak igaro zituela ondorioztatzen da bereziki Egunerokoetatik, eragin handia izan zutelarik bere euskarazko ekoizpenaren bilakaeran.
III.Ekintza filologikoa. On Joxemielek Ataunen hitzegiten zen euskaran ekoiztu zuen betik, bertako fonetika, fonologia, hiztegia, egitura, izen-aditzen morfologia eta joskera erabiliz alegia. Ortografiari dagokionez, bista da, ongi ezagutzen zituela XX. mendeko euskara batuaren inguruko joan etorriak (1918 Oñate; 1920 Euskaltzaindiaren sorrera; 1964 Baiona-Ermua; 1968 Aranzazu, etab.) eta agian bere euskarazko ekoizpenean, hizkuntzaren batasun mota baten aldeko aldarria egon, ez zela eztabaida horretan nabarmendu eta Ataungo euskalkian idazten jarraitzeari eman ziolarik lehentasuna. Egia da, bere erdarazko ekoizpenetan adibidez, agerian geratzen dela hizkuntza horien batasunaren araubidea zuzentasunez betetzearen aldekoa zela , are gehiago, bere lanak batasunaren adierazgarri zirela.
Deigarria bezain aberatsa da euskararen ikuspegitik, Egunerokoetan topo egiten denean “zuketako eta hiketako” ekintzaren arteko mugekin. Hala, 1950ko azaroaren 20. egunean hasi zen hiketan idazten eta zuketarekin tartekatuz ibili zen 1952ko ilbeltzaren 3ra arte. Handik aurrera berriz, 1989ko azken egunetaraino, 37 urteetan zehar erabat hiketan ekoiztu zuen.
On Joxemielen lan metaketa miresgarria izan zen. Pilatutako lan-meta, aurrezkien antzera, gerorako elikagai intelektuala eta iraunkorra bezala igorri digulako.
Barandiaranen euskarazko ekoizpenak, Euskal Herriaren zernahi fruitu biltzeko, ikerketazko ekintza adierazten duela defendatu daiteke. Urtaro jakin batzuetara mugatzen ez den uzta jasotzeko lan-metodo egoki eta eraginkor bat eskaini baitigu.
Amak On Joxemieli, sagarrez betetako arbola bezain apala izan behar dela pertsona jakintsua erakutsi nahi izan ziola gogoratzen zuen askotan. Nonbait, ongi ikasi zuen lezio hura, bere bizitza eta lanaren uztarekin, fruitu jakintsuz betetako sagarrondo hilezkor bat utzi diolako oparitzat Euskal Herriari!
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria