Ataungo Joxemiel Barandiaranen azkeneko mendi-irtenaldia

Jexux AIZPURUA BARANDIARAN

Lagundu

1987ko ekainaren 10a

Dagoeneko, udaberria bere onenak emanda da. Bazkalondoa. Eguraldiak ez du itxura txarrik eta herriko zaharrenarengana abiatu naiz, zertan ote den-edo jakin asmoz; aspaldi honetan etxe aldetik dabilen hotsa baitago. Osasunez ahul samar, dirudienez. Erriñ iltzen dien guztik ni baiño gaztegok dittuk, au dek markea!

Munduate-San Gregorio, Ataun

Munduate-San Gregorio, Ataun.

Iloba Pilar beste zeregin batera doan bitartean, ile-apaindegira hain zuzen, eta Peunexarra-ri mendira joateko gogoa piztu zaionez, berehalaxe ekin diogu. Ez da harritzekoa; urte t’erdi baitarama mendiratu gabe. Bi mendizale gara, batak laurogeita hamazazpi eta besteak hogeita hamasei urte; garbi esanda, hirurogeita bat urteren aldea, alajainkoa!

Prestaketa handiren beharrik ez dugu izan, mendian bizi baikara; beraz, etxetik irtetea aski zaigu izadiarekin bat egiteko. Espartinak jantzi ditu, ezkaratzeko makila eskuan hartu eta “goazemak” ttipi-ttapa abiatu gara erreka aldera. Zubi-zubian geratu eta uretan amuarrainik ba ote den behatu du “etzeillek amorraiik, atzo ikusi nian bat”. Errepidean kontuz ibili beharra dago. Autozale batzuek klaxona ere jo digute “ezaunen bat izingo oan”. Munduateko bihurgunean kamioizale bati paso eman dio berak eskuaz, eta Arbotoneta baino lehen, bide gaineko zelaitik basora sartu gara. Garai batean hau guztia gaztainadi omen zen. Hasieran sagar-arbola batzuk. Lehendabiziko pausoak ditu aspaldi honetan mendiari emanak “emen iñor gutxi ibiltzen dek ta etzekiat nola ibilliko gean”. Presarik gabe goaz, bateko eguraldia, besteko halako baserria, hurrena bideko laharra, geroxeago adina, isilaldiren bat edo beste, eta berriro hizketagai berriren bat; oraingoan inguruko soroko artoa. Zalantzakor doa, tarteka bide ertzeko elorri-adarrei helduz, garai bateko gurdibide, gaur egungo bidezidor traketsean; hala ere, “neonek uste baiño obe natxok” esanez aurreraka goaz.. Gaztiñaundi da gure helburu; etxetik aurrez aurre duen mendi alderdia. Baina bide traketsa izaki eta laharrez eta elorriz josita egonik, azkenean, etsi egin dugu.

Joxemiel Barandiaran Gazti?aundi izeneko basoan

Joxemiel Barandiaran Gaztiñaundi izeneko basoan.

Udazkenean Tolosako abesbatzen lehiaketako pregoia egin beharrean omen da “esantzeat nik ze esan bear diean; gaiñeara, nik gai oi eztiat ezautzen, amorrazioa ematentzik, baiño jun eiñ bearko iat; ba ze esango zeat: Euskalerriñ daukeula munduko musika-tresnaik zaarrena; Isturitzen, 25.000 urteko txilibittue, egazti aten ezurrekiñ eindakoa, be txulo ta guzti. Geo 4.000 urteko adarra ere bazeukeau. Txikittako txilibittuk nola eitten giñuztean gaztiña-zepa eo lizarrakiñ-da...”.

Etxeratu ginenerako, eguzkia makalduxea zen eta sukaldearen epelean murgildurik, arratsaldeko pasadizoak gogoratuz jardun dugu, mendi-irtenaldi hura Gaztiñaundiri azken agurra egindakoa izan zela ohartu barik.

Lagundu

Irakurleen iritziak:

comments powered by Disqus
laguntza

Zure iritzia / Su opinión

Parte har ezazu

Sariak

  • Artetsu Saria 2005

    Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik

  • Buber Saria 2003

    On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews

  • Argia Saria 1999

    Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria

Laguntzaileak
Gipuzkoako Foru AldundiaEusko Jaurlaritza
Eusko IkaskuntzaAsmozEuskomedia