Kepa FERNANDEZ DE LARRINOA
Mendebaldean giza eta gizarte zientziak deritzogun ezagutza-esparruaren barruan ditziplina akademikoa dugu antropologia. XIX. mendeko amaieran gorpuztu zen, eta ordudanik egundaino egokitutako historia eskolastikoan zehar franko aldaketa kontzeptualetan barrena murgildu izan da. Honen ondorioz, nahiko nortasun konplexua darakus egungo antropologiak. Esate baterako, antropologian barne-jakinarlo ugari bada, antropologia fisikoa, gizarte antropologia, kultur antropologia, etnologia, folklorea eta etnografia, besteak beste, daudelarik.
Guía para una encuesta etnográfica.
Oro har, etnologia, gizarte antropologia, kultur antropologia eta folklorearen ikerketari dagokion etnografia berba, bi esangura nagusi azalduz. Bata, tokian tokiko datu soziokulturalak biltze-prozesuari dautso. Bestea, tokian tokiko ihardueran bildutako datuak lantze deskriptiboari. Zehaz ditzagun bata eta bestea.
Lehen-lehenik, etnografia zera da: berton bertoko lanaren esperientzia zuzena, non ikertzaileak gizarte testigantzak eta kultur informazioa in situ jasotzen baititu. Horri begira, eginbide jakinak jorratu dituzte etnografoek. Adibidez, Euskal Herriko ohizko gizartea eta kulturari buruzko argibideen batuketarako, Joxemiel Barandiaranek berariazko inkesta etnografiko bat ondu zuen. Etnografia berbari darion zentzu honen arabera, etnologia eta folklorearen aurretik dator etnografia, baita gizarte eta kultur antropologiaren aurretik ere. Bestela esanda, antropologiaren egite intelektualaren lehenengo abiapausua da etnografia: datuak sur le terrain batzea, alegia. Ingeldunek fieldwork diotsote.
Arestikoarekin batera badu bigarren zentzu bat etnografia hitzak, ikerketaren prozesuaren azken pausoa dena: hots, tokian tokiko argibide soziokulturalak jendaurrera plazaratzea. Normalean, etnografoaren betebeharra hirukoitza izaten da: datuak bilatu eta biltzea; bildutako datuak sailkatzea edo ordenan ipintzea; eta, azkenik, bildutako datuak jendearengana hurbiltaraztea, normalean mintzaldi, liburu edo txosten gisa. Dena den, azkeneko hamarkadetan filme etnografikoen kopurua oso gora igo da, etnografiaren ihardueran filme etnografikoek esparru berezitu bat, liburu etnografikoaren esparrua bezain inportante, burutzeraino.
Aurreratu dugun lez, benetazko gizarte ekintza eta kultur gertakizun berezietatik hartzen ditu etnografoak datu etnografikoak. Dakigunez, gizarte ekintzak eta kultur gertakizunak kontestualak dira, erran nahi baita, haien ulerkera oso zinkunstantziala izaten dela. Etnografoaren datu-biltzearen lana bertan bertako zirkunstantzien araberakoa denez gero, etnografoaren gorputzaren pertzepzio sistema osoan (entzumen, ikusmen, ukimen, usaimen, adimen eta gainontzeko gaitasun-sisteman) ziztatzen du etnografiak etnografoa. Liburuak eta txostenak, aldiz, pertzepzio bakarrekoak dira: testuen irakurketarenak, alegia. Beraz, etnografoak idatzitako saioa irakurlegoak bete-betean uler dezan, saioan bertan transkribituriko datu etnografikoek daukaten esanahi kulturala ere transkribitu behar du etnografoak. Hau da, jasotako datu etnografikoei zentzu kulturala dakarkieten zirkuntzantzia sozialak birkreatu behar ditu etnografoak saioan barrena. Holaxe egingo ez balu, liburuan, artikuluan, mintzaldian edo filmean azaldutako datuak ulergaitzak izango lirateke. Horretarako, etnografoak gizartearen errealitate soziokulturala, nondik eta datu etnografikoak hartzen baititu, irudikatu behar du nahitaez. Noski, deskripzio narratibo egokiak erabat funtsezkoak dira liburu zein filme etnografikoetan datu etnografikoak publikoki agertzerakoan.
Jose Migel Barandiaran, Aranzadi eta bi gizon..
Honaino esandakoa laburtuz, idazki etnografikoetan agertzen diren argibide soziokulturalei etnografia adierazpideak deritzeten antropologoek. Etnografia berbak, orduan, bi esangura dauzka. Alde batetik, etnografoak etnografiatzen duen gizataldearen testigantza kulturalak daude. Kasu honetan, tokian tokiko ikerlanean, datuen bila eta datuen baturaketan, dabilen ikerlariaren egitasmoari dagokio etnografia hitza. Baina, beste alde batetik, direlako testigantza kulturalak irakurlegoari aurkezteko, lan intelektuala egin beharrean dago etnografoa. Beste kasu honetan, tokian tokiko ariketan bildutako datu soziokulturalen testuinguru komunikatiboaren transkrizpio edo deskribapen idatzizkoari —edo filmikoari— dagokio etnografia hitza. Bi kasuotan etnografoaren tresna komunikatiboa hizkuntza da. Eta beheagoko parrafoetan adierazten dudan bezala, tokian tokiko errealitate sozialaren barruko eta kanpoko zirkunstantzien oihartzun ozena da ea zein den etnografoak bere etnografiagintzan darabilen hizkuntza.
Euskal Herriko etnografiaren historiaren gorabeherak —dagokien osotasunean— jakiteko, eta etorkizunerako ekintzak proposatzeko, etnografiaz goiko argudioan bereiztu ditudan bi esanahiak kontutan hartzea zeharo garrantzitsua da. Zergaitik? Europako eta Ipar Ameriketako herri kolonizatzaileek, XVIII. eta XIX. mendeetan berek kolonizatutako lur eta herrietako kulturen zeheztasunak ezagutzeko, etnografia sortu zuten. Orduko antropologoek ‘haiengandik urruti’ zeuden kulturen deskripzio etnografikoak osatu zituzten, orokorrean metropoli kolonizatzaileen hizkuntza erabiliz. Euskal Herrian, haatik, bertako etnografia propioa mamitu zen. Euskal Herriko hasierako antropologoek, gehienean, euskal kultura etnografiatu zuten. Esanguratsua da, beraz, XIX. mendeko bukaerako zein XX. mendeko hasierako Euskal Herriko antropologoek zera etnografiatu zutela: euskararekin eta euskararekiko gizartearekin elkartutako kultura.
Oso hasieran Telesforo de Aranzadi (1860-1945) agertu zen. Haren iker eta idazlanak orduko euskal etnografiak zerakutsan giro gartsu eta gorenaren lekuko esankorrak dira. Adibide bat: Pariseko Nazioarteko Antropologia Elkarteak 1889. urtean Telesforo de Aranzadik idatziriko El pueblo euskalduna: un estudio de antropología liburua saritu zuen. Beste bat: berak jaso zuen 1917. urtean Bartzelonako Unibertsitateak abiarazi zuen Antropologia Katedra. Telesforo de Aranzadiren ondoren, Joxemiel Barandiaranen (1889-1991) ikerlanak eta idazkiak etorri ziren. Arkeologia, folklorea, museogintza eta etnografia elkarren ondoratu eta gero elkarri begira landu zituen Joxemiel Barandiaranek, egun Euskal Etnografia Eskola izendurikoa erakarriz.
Telesforo de Aranzadi eta Joxemiel Barandiaran.
XIX. mendetik XX. menderako jauzian mundura agertzen ari zen antropologia ditziplinaren barruan etnografoek jokatutako paper kulturala, orohar, ezbaikotzat jotzen dute gaurko pentsalariek. Askoren eritiz, etnografia zera izan zen: Mendebaldeko estatu-nazione berri handiek, ordukoxe nazioarteko jokaera kolonialari jarraikiz, herri txikietara hedatu zuten kultur gehigarria. Beste modu batez adierazita: kultura nagusietako aditu zenbaitek —antropologoek— gutxietsitako jendarteen kulturetara jo zuten, berauei buruzko etnografiak osatzeko asmoz. Eta aurkitu, jaso eta idatzi izan zituzten etnografia liburuak ingeleraz, alemanieraz, frantseseraz, gazteleraz... euren omen handiko lengoaiak bakarrik erabilita argitaratu zituzten.
Arestian azpimarratu dudan etnografiaren erretrato kolonial horren kontra, bestelako etnografia moeta sustatu zuen Joxemiel Barandiaranek, Euskal Herrian errotua. Eukaldunek eginik, euskaldunentzat jorratua eta zuzendua. Hau dela eta, euskaldunek berek euren historia kulturala irudika zezaten baliabide intelektual modura burutu zuen Josemiel Barandiaranek etnografia. Hona hemen, bada, antropologia diziplinara Euskal Etnografia Eskolako ekarpena, Joxemiel Barandiaranek gurean biziagotu duen etnografiaren nortasuna: euskaldunok geure nortasun linguistiko-kulturala historikoki eta zientifikoki lantzeko, besteen nahiz geure aurrean kolektiboki errepresentatzeko, geure parametro linguistiko-kulturaletatik abiatu beharrekoa; bestela esanda, tokian tokiko lanean tokian tokiko historia kulturalaz ari izateko, tokian tokiko ikerlariak beharrezkoak dira, nork tokian tokiko hizkuntza erabiliz tokian tokiko datuak jaso eta argitara eman behar dituzten. Darraikionez, etnografia, euskararen herrian, euskaraz egitea printzipio kulturala da.
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria