Jon AIZPURUA BARANDIARAN
Behin batean galdetu genion Joxemieli: zer iritzi duzu ordenagailuaz Joxemiel? Bere erantzuna hauxe izan zen: “ez dakit onerako eta lanak errazteko izango den. Nire izpiritua hobetzeko balitz ondo baina ez dut uste izpiritua hobetuko didanik”.
Joxemielek, orain 22 urte utzi gintuen eta apenas ezagutu zuen, batez ere internetak eta teknologia berriek ekarri duten iraultza.
Pilar Barandiaran.
Hori bai, inoiz ez zion izan beldurrik berrikuntzari eta beti, mundura irekitako pertsona eta zientzialaria izan zen. Izan zuen bai, gaztetxo zela, mundutik aparte, ermitaño bizitzeko asmoa : “Leize-zulotxo bat aukeratu ere egin nuen Ataungo Saratsamenditik Altsasura bidean, bakardadean bizitzeko baina horretan geratu zen...”
Joxemiel (1889-1991) aldaketa handiko garaian bizi izan zen. Bere mutiko garaian, Ataunen, artean zalgurdiz joaten ziren, ahal zuten herritarrak, Beasaingo tren-geltokira. Nekazariak, ikazkinak, artzainak... Kamiñeroak, mikeleteak, neskameak,... Mundu horretan hazi eta hezi zen Joxemiel.
Ez zen ez irrati, ez telebistarik... Baina 14 urterekin lehenengoz herritik irten eta apaiz-ikasketak hasi zituenean, beti egon zen komunikazio-aurrerapenei adi-adi: irratigintza asmatu berritan, Fisikako irakaslea zela, uhinen nondik-norakoak aztertu nahian irrati-aparailua osatu zuen eta RADIO CLUB antolatu zuen Gasteizko Apaiztegian ikasleen artean.
Buruhauste-ederra eman zion, Alemaniako aldizkari batean ikusi, lehenbizi Gasteizen eta gero Ataunen, bere jaiotetxean, osatu zuen irrati-tramankuluak. Espioia ote zen ere pentsatu zuen norbaitek. Parrez kontatu ohi zuen berak: “Tramankulu txiki bat egin nuen uhin hertzianoak, elektro-majnetikoak hartzeko. Onda luzeak eta motzak hartzen aritu nintzen. Uhin horiek lurrean sartzen ote ziren jakiteko, harpe eta kobazuloetan ibiltzen nintzen. Sastarriko kobara askotan joan nintzen. Aldi berean atzerriko hizkuntzak entzuteko balio zidan...”
Lehenbiziko Mundu Gerra zen. “Telegrafoz bidaltzen zituzten berriak baina Alemania eta Austriako berririk ez. Hori ikusita, radiotelegrafiaz bidaltzen hasi ziren. Eta nik hartzen nituen berri horiek.”
Handik aurrera tentuz ibili behar izan zuen Joxemielek. “Galera izan zen niretzat. Pertsegitu egin ninduten. Alde guztietako berriak hartzen nituen, Alemania eta Austriakoak ere bai. Jendeak galdetu egiten zuen eta nik kontatu.” 25 urte zituen Joxemielek eta norbaitek salaketa jarri zuen bere kontra. Aurrena Donostiako telegrafo-etxeko burua etorri zitzaion aparailua desegiteko esatera. Gero berriz Guardia Zibilak. “Ze pikardi egin ote ditu mutil honek? Eta hurrena, zurrumurrua zabaldu zen herrian, nik etxeetako konbertsazioak entzuten nituela. Jendea, etxean demanda egiteko ere beldurrez zegoela.” Orduan erabaki zuen aparailua erabat desegitea.
Beraz, ikus-entzunezkoekin oso gaztetatik izan zuen harremana. Gerora badakigu, Londresen BBCtik ere mintzaldiak egin zituela.
Zinema sortu berri zela filmak grabatu zituen. Harri-bitxiak dira grabatu zituen irudiak, tartean Txelemin-Txelemon antzerki-fartsa harrigarria!
Modernitateari beldurrik ez zion. Zientziak eta teknikak zekartzan berrikuntza guztiak, laster demonio probatuko zituen. Zinema sortu berri zela filmak grabatu zituen. Harri-bitxiak dira grabatu zituen irudiak, tartean Txelemin-Txelemon antzerki-fartsa harrigarria! Baina teknika-aurrerapen horiekin batera, galtzerdiak eta taloak egiten ere ikasi zuen bere jaiotetxe Perunezarreko sutondoan.
Hizkuntzak ikasi zituen: frantsesa, ingelesa, alemana... “Geldiurre aundiik ez nian... Beti batera eta bestera... Gauzak sustraitik jakiteko gogoa izaten nian beti...” Harreman sare handia zuen Euskal Herrian eta munduan eta lankide eta kezkakide asko zituen, gehienak garaiko modernitatetik hurbil zebiltzan pertsonaia sonatuak: Aranzadi, Eguren, Pio Baroja, Manuel Lekuona, Unamumo, Caro Baroja, Wundt, Hugo Obemaier, Henri Breuil, Teillar de Chardin,... Batera eta bestera ibili zen: Frantzia, Alemania, Herbehereak, Paris, Londres, Oxford, Leipzig, Berlin, Tilburg, Kolonia, Maguncia, Copenhage... Baina aldi berean, Ataungo baserrietan ibili-zalea zen eta Mendiurkulluko Juan Migel Agirre, Felipe semea, Larburuko Joxemari Auzmendi, Munduateko Felipe Apalategi eta beste hainbat herritarrekin solasaldi luzeak izaten zituen. Eta gauza bera egin zuen, Euskal Herriko ehunka herri eta txokoetan ere.
Bere azkeneko urteetan, sarri agertu ohi zitzagun irrati eta telebistetan.
Nik, irratia medio, egin nuen harremantxoa Joxemiel Barandiaranekin. Elkarrizketaren bat egitera joan nintzaion guztietan, beti atea irekita izaten zuten Sara etxean. “San Benitorena egiten diagu. Atea jotzen duenari atea ireki. Guri ere hori egin zigutek.”
Joxemiel Barandiaran Julio Caro Barojarekin eskubiko argazkian. Obermaier, Aranzadi eta Jesus Larrearekin ezkerrekoan.
Orain pozik joko nuke berriro atea Saran. Pilar ilobak atea ireki: Osaba or ai dek bee lanetan... Esango zioat etorri aizela... Eta Joxemiel agurtu: Ataungo fruitue ez ola oittue... Eta Joxemielek erantzun: Ortik aurreakok ez al dakitzak? Edo bestela, atea jo Gabon egunez goizean goiz eta grabaketa egin: Pilar iloba ohean oraindik eta Joxemiel osaba dihoakio egun ona ematera, ezpainetako filarmonika joz:
Agur, agur jente noblia,
berri on bat dakargu.
Atentzioa eduki beza
inork aditu nahi badu...
Irakurleen iritziak:
comments powered by DisqusEuskonews-en zure iritzien berri izan nahi dugu. Bidal itzazu!
Euskonews aldizkarian parte hartu nahi al duzu?
Arbaso Elkarteak Eusko Ikaskuntzari 2005eko Artetsu sarietako bat eman dio Euskonewseko Artisautza atalarengatik
On line komunikabide onenari Buber Saria 2003. Euskonews
Astekari elektronikoari Merezimenduzko Saria