Juan Unzueta Solaegi
JUAN UNZUETA SOLAEGI
Otzaragilea
2002 / 11 / 15-22
Egilea: Antxon Aguirre Sorondo
 Sarrera
 Artisaua
 Produktuak
 Lanbidea
 Prezioak


SARRERA

Neolitiko garaikoak ditugu nekazaritza, buztingintza eta, beste hainbat aurrerapenen artean, baita otzaragintza ere. Hain erabilgarriak eta aukera ugaritakoak zirela ikusita, oso azkar zabaldu zen otzaren erabilera.

Otzaragilea saski edo otzarak egiten dituenari deitzen zaio. Otzara, berriz, zumez, ihiz eta abarrez egindako ontzia da, biribila normalean, eta arropak, frutak edo bestelakoak biltzeko edo leku batetik bestera eramateko erabiltzen da. Gure gaurko otzaragileak, ordea, gaztainondoaren adarrak erabiltzen ditu lehengai gisa, eta, geroago ikusiko dugun bezala, bere irudimenaz eta eskuez baliatuz, gauza asko eta asko egiten ditu.

Euskal Herrian, xede bakoitzerako otzara mota bat egiten zen, eta bakoitzak izen desberdin bat hartzen zuen. Besteak beste, honako hauek zeuden: kanpasak, normalean zekale lastoz eginak, eta zerealak edo eltzekariak jasotzeko erabiltzen zirenak; asto saskiak, astoaren gainean jarri eta barazkiak azokara edo merkatura eramateko erabiltzen zirenak; burusaski edo buruotarrak, salgaiak merkatura buru gainean eramateko saski handiak; lepasaski, lepotar edo bizkarsaskiak, sagarrak, patatak eta abar eramateko; eskuotar edo besosaskiak, edozein erabilera emateko balio zuten saski kirtendunak; perretxikotarako saskiak; gazta egiteko zumitzak, sehaskak, euritako ontziak, eta abar. Hori guztia egiten du gaur egun gure artisauak.

Artisau bakoitzak eskura zeukan lehengaia erabiltzen zuen: batzuek urritzaren adarrak, beste batzuek gaztainondoarenak, beste batzuek berriz zumea bakarrik... Hegoaldekoek espartzua erabiltzen zuten.

Guri gehien interesatzen zaigun lehengaia gaztainondoa da. Bada, bi modu daude otzarak gaztainondoaren egurrarekin egiteko:

Argazkia  
A.- Hotzeko otzaragintza: artisauak adarrak gaztainondotik hartu eta, xafla, mazeta eta bere eskuez baliatuz, otzarak egiteko tirak ateratzen ditu zuzenean. Hauxe dugu gaztainondo adarrekin otzarak egiteko modurik arkaikoena.

B.- Beroko otzaragintza: otzaragileak, tirak atera baino lehen, "egosi" egiten ditu egurrak. Sistema honek aurrekoak baino erraztasun handiagoak ematen ditu, eta gainera modu honetan tira estuagoak atera daitezkeenez, adar bakoitzari hotzean baino etekin handiagoa ateratzen zaio.

Osagarriei dagokienez, berriz, hiru hanketako asto edo aulkia aipatu behar da, zumitza homogeneizatzeko xedearekin orrazteko, eta horrela artisauak nahi duen neurri eta lodiera emateko; matxetea edo altzairuzko xafla, mailuarekin kolpatzerakoan adarra zartatzeko; azia edo bi kirtenetako xafla, zumitzarekin lehen aipaturiko lana egiteko; mailua, kolpatzeko; moldeak (zurezko egitura sinpleak), otzaragile batzuek piezak seriean egiteko erabiltzen dituztenak; eta eztenak eta erregelak bezalako beste hainbat elementu.

Antonio Garmendia urnietarra duela urte gutxira arte aritu da lanean. Berak hotzean lantzen zituen adarrak, berotu gabe. Urnietako tailer xumean behar-beharrezko tresnak baino ez zeuzkan: xafla bat (mozteko), makil bat (mailua bailitzan kolpatzeko), aulki txiki bat (eseritzeko), eta gaztainondoaren adarrak (lehengaia). Artisau beterano honek ez zuen gehiagorik behar lanean aritzeko.

 Galeria
Bilatu Euskonewsen